Abuztuak 15: Emakumea, mundu berriaren argazkia

Maria-Isabel(Festaburuko Ebanjelioa: Lk 1, 39-56) Abuztuaren erdi-erdian, Mariaren Jasokundeko festaburu argitsu eta ederra ospatzen dugu gaur. Abuztuko Andre Mariaren jaia da. Gure mundu zimelduaren eta mundu berriaren arteko koska eta leizea garbien erakusten duen festaburua da. Baina, bide batez, gizakiaren bokazio paregabea azaltzen digun eskaintza. Eta, beraz, itxaropena indartzen eta giharre­tzen digun argiune paregabea. Deskuidatzeko beldur handirik gabe esan dezakegu, gaurko festaburuak gizatasunaren ederrena erakusten duela!

Aurrena, gure gizartearen eta mundu berriaren arteko koska ikusten da gaur. Denok ikusten dugu, eta esatera noanaren adibide asko atera daiteke, gure mundua erabat zimeldua uzten ari garela. Eta ez da begirada pe­simista baten aldetik jar­tzeko. Baina gure gizartea zaharkitua daukagu.

Gizatasunaren bideak agortu egin zaizkigu. Ez dakigu zer egin eta nola egin. Hori bai, produkzioa, kontsumismoa, irabazia, erosotasuna… i­txura ikusgarria! Baina barneko pozak nondik atera ez dakigula gabiltza. Jende asko, gehiegi, triste. Jende asko bere bizitzaren bokazioa zein den asmatu ezinik. Eta okerrago dena, bere bokazioa zein duen jakin nahi ez­ta. Gure gizartea bokaziogabetu egin dugu.

Eta, beraz, gure herrian, gure gizartean, festa falta da. Festak badauzkagu, baina festa falta zaigu. Ez dakigu po­za gozatzen eta sortzen. Edana, jana, droga, litrona… eta bestela ez dago festarik?! Gure herriak neurri handi batean festa galdu du, poza galdu du. Hor ikusten da gizatasunaren bideak ez dihoazela produkzioarekin eta kontsumismoarekin elkarturik. Eta poza eta festa galtzen direnean, gizakiok oinarrizko zerbait galdu dugu. Gure gazteei benetan mundu itxia utzi diegu.

Abuztuko Andre Mariak Ebanjelioko kantika ederrena hots egiten du: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat nire barruna». Andre Mariak bere bizieraz gizakiaren bokazio libre eta betea jartzen digu begien aurrean. Eta bokazioa esatean, ez naiz ari monja edo fraidetarako edo apaizetarako bokazioa esaten; gizaki osabetea izateko bokazioaz ari naiz. Zertarako garen eta zertan gabiltzan eta nora goazen jakin nahi izate aldera, Maria dugu gure bokazioaren argazkirik ederrena. Jakina!, gure gizartearen ibilbideak hankaz gora jartzen dituen bokazioa eta eskaintza da.

«Ondasunez bete ditu gose zeudenak, eta eskuhutsik bidali asko zutenak». Jainkoak nahi duen munduak bestelako plante­a­­ketak dauzka: pobreari jaramon egin behar zaio. Ondasunak ongi banatu behar dira. Baztertuei eskua luzatu behar zaie. Harroen ahots zapaltzaileari maitasunaren gozotasuna txertatu behar zaio. Gizarte zuzenaren alde borrokatu beharra daukagu. Eta Maria emakumea dugu borroka horren aintzindari eta argazki bikain askoa! Mariaren festa ederrean ikusten da zer izan daitekeen beti festan eta beti pozik bizi den herri bokazioduna.

Eta horrek, nahi eta ez, itxaropena pizten digu. Ez gaude interes motzen salerosketaren jolasgai huts eginak betiko. Oraindik ere zerumuga berriak irekitzen zaizkio gure gizatasunari. Egin dezakegu festa, geuretzat eta ingurukoentzat.

Oraindik ere barrutik sortzen den festa goza dezakegu, kanpoko eragileen morrontza hegamotzetan erori gabe. Tristuraren morrontzatik ihes egiteko, ez daukagu beste eragile zapaltzaileen menpe erori beharrik. Gizatasunak festa behar badu, bere bokazioa bete-betean gozatzeko, egin dezakegu festa mundu berriaren itxaropen argitsuan.

Hori dena eskaintzen digu Abuztuko Amak. Beste behin emakumea dugu festazko mundu berriaren argazki eder. Emakumea, Maria, mundu berriaren argazki mardul. Gure munduak egin dezake festa!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.