Azaroak 1: Santuak ez dira sinpatikoak

Bidea(Santu Guztien eguneko ebanjelioa: Mt 5, 1-12a)

Gaur, azaroaren batean, Santu Guztien eguna ospatzen dugu. Hildakoen egunarekin estu lotua etorri ohi da egun handi hau. Izadian udazkenaren kolore horia nabarmendu denean, maite dugu geure azkenera begiratzea eta hildako maiteen zoria gogora ekartzea. Baina ez dut gaur geure hildakoez idatzi nahi, santuez baizik. Ez dakit zergatik den, eta beharbada erratua egongo naiz gainera, baina santuak antipatikoak gertatzen zaizkio jende askori. Beste planeta bateko pertsona izango balira bezala. Gure bizierarekin zer ikusirik izango ez balute bezala. Edo, beharbada, haiek lortu zutena lortu ezin dugulako ote da antipatia hori? Ez dakit. Auskalo!

Ikusmolde honetan erru handia daukala uste dut santuen aurkezpen faltsuak. Santu izatea, aparteko gauzak egiteko gaitasunarekin lotu izan dugu. Santu izateko heroia izan beharra zegoen. Gauza gogor eta apartekoak egin behar ziren. Bertuteen poderioz giza muga guztiak gainditu beharra zegoen. Eta hori lortu, oso jende gutxik lortu du. Beraz, santu izatea ez da guretzat egina. Nolabait esateko, santuek gure kontzien­tzia txarra nabarmentzen digute, ez baikara haiek egin zutena egiteko kapaz sentitzen. Santuak ez ziren gure normaltasunean kabitzen. Santuak handiegiak dira gure txikirako. Eta ez da harritzekoa, santuak antipatikoak gertatzea.

Baina, zorionez, santuen santutasuna ez dator beren egintza harrigarrietatik. Santuak ez dira santu gauza nabarmen eta neurriz kanpokoak egin dituztelako. Ez. Ongi begiratuta, santuak gu bezalakoxe gizon eta emakumeak dira, eta guregandik oso gertukoak. Santuak ez dira santu, egin dutenagatik; eman zienagatik baizik, egin zaienagatik. Santutasunaren iturria ez datza santuengan, santuak santu egiten dituen Jainkoagan baizik. Santu izatea ez da gizakiengandik sortzen, gizakien bizi-iturri den Jainkoagandik baizik. Eta hor argibideak alferrik dira. «Gertatu zaionak daki».

Guri gertatu ohi zaiguna da, santu izateari kanpotik begiratzen diogula, eta ezer gutxi ulertzen dugu. Maitasunarekin gertatu ohi dena bera gertatzen zaigu: maitasuna ez da kanpotik ulertzen. Maitasunaren esperientzia bizi duenak ulertzen du maitasuna. «Gertatu zaionak daki». Pertsona batek beste hura maite duela, eta ulertu ezinik egon ohi gara hori nola gertatu den. Maitasun hura barrutik bizi duenak, berriz, ez dauka ezer ulertu beharrik. Eta santutasunarekin ere halatsu gertatzen da. Egia da, gero horrek bide zehatz batean jartzen gaituela.

Egia da, santu izateak bizimoldea aldatu egiten duela. Gauzak beste era batera ulerrarazten dizkigula. Egia da, santutasunaren maitasunak pertsona goitik behera aldatzen duela. Hori ez dago ukatzerik. Gaurko Ebanjelioak aipatzen dituen Zoriontasunak hor daude lekuko. Baina biziera eta bide horren sustraitan, Jainkoaren maitasun azkengabea dago. Eta maitasun hori izango ez balitz, Zoriontasunak bizi-ezinak izango lirateke. Zoriontasunen bidea latza dela? Kanpotik begiratuta bai, baina zorionerako bide baldin badira, zergatik latzak?

Kontua badakizu zer den? Zoriontsu garen ala ez, hori da kontua. Errazegi pentsatzen dugu Jesusen bidea ezin daitekeela zorionbide izan. Baina eta Jesusek zorionaren bidearekin asmatu baldin badu, zer?! Eta beste galdera bat: Jesusen bidetik kanpo, hainbeste gauza eta erosotasunekin, zoriontsu al gara? Azken batean, santu izatearen gorabehera zorionaren gorabeheran jokatzen da. Jesusen bidetik zoriontsu izan edo santu izan, gauza bera da. Zoriontsu izan gabe ezin daiteke santu izan.

Eta txarra zera da: santu asko, zoriontsu azaldu ordez, triste eta ilun azaldu dizkigutela. Eta santu izatea, zorionerako dei bezala ulertu ordez, zorigaiztorako bide ikusi dugula. Horrega­tik, ez zaizkigu santuak sinpatikoak gertatzen. Baina maitasunaren kontua baldin bada, santuak zergatik antipatikoak?!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.