B 12. igandea: Beste aldeko itsasertza

Itsa olatuak1(Igandeko ebanjelioa: Mk 4, 35-40)

Jainkoaren Hitzak, Ebanjelioko eskaintzak, berriro ere eguneroko itsasora ateratzen gaitu. Eta itsaso horren beste ertzean daukagu deia eta beste ertzean helmuga. Itsasora salto egitea dagokigu, eta itsasoak berekin dituen arriskuei apalki aurre egitea. Itsasoan murgiltzeak segurantzarik eza esan nahi du, zoru ahul eta mugikorra, heldulekurik ez izatea. Eta gu bestetara gaude ohituak: dena seguru lotzera, hankak tinko ezarriak edukitzera, heldulekuak eskura izatera.

Jesusek, ordea, itsasora bidali gaitu: «Goazen itsasoaz beste aldera». Gure eliz elkarteak borroka hori bizi du: alde batetik, garbi ikusten du beste bide batzuk urratu beharra daukala, beste jokamolde batzuk sortu beharra, Berri Onaren zabalkundeak beste itsaso batzuetara dei egiten digu –Berri Ona eskaintzeko beste molde eta hizkera batzuk bideratu behar ditugula, alegia–, liturgia beste era batera ospatu eta bizi beharra ikusten dugu… Baina ezin dugu itsasora salto egin.

Hemen, itsasertz honetan seguru gaude: doktrina segurua, arau moral finkatu tinkoak, «abenturarik ez», betiko errezoak beti bezala esanak, dena seguru eta ongi lotua. Bide berriak urratzen saiatzen diren «abenturariek» zigorra merezi dute. Gure eliz elkarteei, Berri Onaren ordez edo Berri Onaren izenean, garai bateko doktrina eta ikusmoldeak ezarri zaizkie. Eta hortik irteten denari salaketa eta epaia datorkio.

Beste zenbaitek bestela jokatzen du. Berri Ona bere gordinean onartzeak arazoak ditu, eta geure moldeetara muga dezagun. Berri Onean Jesusen deia jasotzen saiatu ordez, haren eskabideak samurtu ditzagun, geure eguneroko biziera lasaia epaitua senti ez dadin. Jesusen deia gordinegia izan daiteke bere horretan, eta egosi dezagun geure uste eta ulerbide «modernoetan».

Nahiz jarrera batean, zein bestean, galdera hau da: Berri Onak itsasora ateratzen al nau?, Jesusengatik eta haren deiarengatik, prest al nago nire biziera arriskuan jartzeko?, edo ikuspegi batek zein besteak neurean lasai uzten naute? Gehiegi hitz egiten dugu doktrinaz eta teologiaz eta liburuez eta maisuez… eta falta zaiguna da Jesusen itsasora salto egingo duen jendea. Jesusek ez digu eskatu doktrina bat edo beste onartzeko. Hori gure kontua da.

Itsasoa esatean zer esan nahi da? Esan nahi da gizarteko pobreen ondoan eta haien alde jartzea. Esan nahi da, krisiaren aitzakiatan gizon-emakumeak zapaltzen dituzten sistemak salatu eta borrokatzea. Esan nahi da gezurrari eta ustelkeriari garrasi egitea. Esan nahi da, biktimak babesteko aitzakiatan zenbait gizon eta emakume eskubide gabetuen egoera salatzen ausartzea. Esan nahi da gezurrari aurre egitea. Itsaso honek askotan olatu handiak eragiten ditu, badakigu ondo asko. Jarrera lasaien haize guztiak kontra jartzen dizkigu. Gure bateltxoak ezin eutsi dio itsasoaren indarrari eta urak arnasarik gabe uzten gaitu. Etsi eta utzi egingo genuke gustura. Ez du merezi, ezer ezin duzunean egin, egiten saiatzea.

Gure ahalegin txikiak zer egin dezake? Sinesmenaren jarrera lasai eta baketsuan ez al gaude hobeto, Jaunaren ondoan gozo? Geuk bakarrik zer egin dezakegu, ahal duguna eginda ere? Eta Jauna non da? Jaun berpiztua non da? Geure ondoan daukagu! Lotan dagoela ematen du eta ez duela ezer egiten. Baina, han dago eta, Jauna dagoen tokian, beti izaten da maitasunaren ziurtasuna. Segurantzarik apenas, baina ziurtasuna sendoa.

Bihar zer gertatuko zaigun seguru eduki?, ez! Baina Jauna geure ondoan izango dugula ziur dakigu, Jesusek bere Pazkoan ematen digun ziurtasun sendoz. Horregatik arriska dezakegu dena: doktrina, morala, baretasuna, usteak… eta bizia bera! Gure Elizak sinesmenezko arrisku eder honen beharra dauka. Ez daukagu ezer seguru, baina maitasunaren ziurtasunak eguneroko itsasora ateratzen gaitu. Zer gertatuko zaigun, ez dakit. Baina badakit, gertatuak gertatu, Jauna ondoan izango dugula beti, salbatzaile!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.