B 13: Bizia jarioka galtzen

Emakumea(Igandeko ebanjelioa: Mk 5, 21-43)

Ez dago irudimen eta ideia handiak bilatzen saiatu beharrik. Bizitzak sarri uzten dizkigu gure hauskortasunaren seinaleak bistan. Zenbat heriotz mingarri eta absurdo! Zenbat neurrigabeko ezbehar gure mundu hinetan. Urtero, hilero, egunero! Heriotzak ematen dituen kolpe ikaragarriak, beste ezbehar guztein gainetik!

Eta zaila da bizian sinestea. Zaila da, gaurko ebanjelioko «jaiki zaitez» hori sinestea. Zaila da, bizia jarioka galtzen ikusita, bizirako eginak garela sinestea. Zaila! Zaila eta askotan mingarria!

Gaurko irakurgaiek, eta ebanjelioak bereziki, Jainkoak egiten duen biziaren aldeko apustua erakusten digute. «Jainkoak ez du egin heriotza». Jesusek odoljarioa sendatzen dio emakumeari eta Jairoren alabari bizia ematen dio. Eta bizirako deia da, ezer baldin bada, Jesusen Ebanjelioa. Beraz, Jesusen Berri Onak eta gure bizi-bokazioak bat egiten dute beren grina sakonenean, bizinahiaren grina ederrean.

Igande honetako ebanjelioko Jesusek geure odoljarioak aztertzera garamatza. Nondik eta zergatik ihes egiten digu biziak? Non dauzkagu itoginak? Egiten dugun guztia, bizi nahirik egiten dugula ez daukat zalantzarik. Baina askotan bizitzeko bidea erratzen dugu. Gauzak pilatzea, atseginaren irrika, besteen gainetik azaltzea, geure izenari ospe ematea, ez dakit nolako etxea edo kotxea… Besteen konparazioan oinarritzen dugu bizitza. Eta ez da gehiago bizi gehiago daukana. Bizipoza ez da erosten diruz. Bizipoza ez da itxuraren arabera neurtzen.

Bizia eta bizirik eza, biak barrutik doaz. Odoljarioak barrukoak dira. Askotan gauzen grinari heltzen diogu biziak ihes egiten digula sentitzen dugunean. Eta gauzek ez digute jarioa areagotu besterik egiten, itogina handitu. Ebanjelioko emakumeak bezala, guk ere zenbat sendabide bilatu izan dugun. Ez alferrik! Ahalegina alferrik galdu eta azkenean hutsa lortzeko.

Zer egin? Gaurko ebanjelioak ederki esaten du. «Emakumeak ukitu egin zuen Jesus». Ikasleek ez dute ulertzen zeinek uki dezakeen, denek estu-estu hartuta daukatenean. Baina, Jesusek badaki «norbaitek» era berezian «ukitu» duela. Beharretik «ukitu» duela. Benetako sinesmenez «ukitu» duela. Fededun askok askotan ukitzen dugu Jesus: Hitzean, Eukaristian, otoitzean… Baina ukitzetik ukitzera tarte handia egon daiteke. Ohiturakeriaz ukitzeak ez du ezer sendatzen.

Aurrena, beharra sentitu behar da, beharrez ukitu behar da Jesus. Eta Jesusek ez du sekula behartsua erantzunik gabe uzten. Jesusek ongi ezagutzen ditu gure bizijarioak. Jesusek ezagutzen du gure bizinahia eta ezina. Ebanjelioko emakumeak bezala ukitzeko, behartsua izan behar da.

Gero, sinesmena behar da: «Ukitzen badut biziko naiz». Jesusen eskaintzak sortzen duen ziurtasun sendoa da. Inork sendatzekotan, Jesusek sendatuko digu gure bizi ezina. Berak geldiaraziko du jarioa. Jairok ere sinesmen bera erakusten du, heriotzaz harutza daraman sinesmena.

Ingurukoek ez dute ulertuko. Batzuek barre ere egiten diote Jesusi. Gaur egun ere ez da bide oso ohikoa ikusten Jainkoarengan bizia bilatzea. Zorionaren aldarera beste gauza asko daukagu jasota. Eta inor gutxik bizi du, zoritxarrez!, Jesusek ematen duen bizipozaren esperientzia. Kristauen artean ere oso gutxik. Elizakoak egin bai, baina gero bizipoza beste gauzetatik espero dugu.

Hortxe dago biziaren esperientzia ederra. Beharretik abiatzen den barne-aitortza, biziaren betetasun ederrean burutzen da. Jesusek ez gaitu heriotzean uzten. Gure giza bokazio nagusia, bizitzearen bokazioa, erabat berritzen da Jesusen hitzera. Jesus bizia ematera etorri zen, ez bizia kentzera. Eta gure bizi ezinaren bideetara agertzen zaigu, biziaren dohaina emanez. Debalde, baldintzarik gabe, edonori, nahi duen orori, Jesusek bizia eskaintzen dio, bete-beteko bizia. Zertan ibili bizia jarioka galtzen?

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.