B 14: Sinesmena etxetik hasten da

Kaktus(Igandeko ebanjelioa: Mk 6, 1-6)

Gaurko ebanjelio zatia gogorra gertatzen da: Jesus ezin dute herrikoek, etxekoek, onartu. Jesus ezagutzen zuten, noski. Bazekiten, hari buruz jakin zitekeen dena. Haren senideak eta jarduerak ezagunak zituzten. Jesus ongi «lotua» zeukaten, klasifikatua, kontrolatua. Bazen, ordea, zerbait, beren eskema itxi horietatik ihes egiten ziena. Nola esplika zitezkeen egiten omen zituen harrigarriak? Nola lotu eskema kontrolatu horietara haren jakinduria berezi eta ikusgarria?

Eta horretatik eskandalua sortzen zaie. Ezin dute sinetsi Jesusengan. Jesusi buruz esaten dena ez zaie beren eskemetan kabitzen eta horretatik sortzen den tirabirak itxikeriara daramatza. Eskemak errealitateari ireki ordez, errealitatea lotu nahi dute beren txantaiaz. Ondorioz, beren itxikerian eta itsukerian Jesus ezagutu ezinik geratzen dira, Jesus bera harritzeraino. Askotan gertatu ohi zaigu hori: ideologiak eraikitzen ditugu, eta errealitateak ihes egiten digu.

Honen guztiaren harira, egunerokotasunaren handitasuna aipatu nahi nuke gaurko idaztitxoan. Bizitzeko behar duguna, duintasunez bizitzeko behar dena, ez da ideologia edo eskema handien zirrara beti berria. Baizik, egunerokotasun txikiari barruko muin berezia sumatzea. Handia ez zaigu handikerian ematen, eguneroko txikian baizik. Eta hori deskubritzea da pozik eta duintasunez bizitzeko giltza gordea.

Gaurko gizon-emakume asko tranpa batean erorita geratu dira: egunero behar dute zerbait «berria», zerbait «berezia», zerbait «normaletik kanpokoa», ilusioa sentitzeko edo poza sumatzeko; zerbait berria erosi, sentsazio berriak bizi, egunerokotasun aspergarriari ihes egin, asteburuko esperientzia gozoak ugaldu…, zerbait nabarmena behar, bizi garela sentitzeko eta ondo bizi garela erakusteko.

Ondasun materialekin ez ezik, espiritu bizitzan ere antzekorik egin ohi dugu. Iganderoko meza horrek aspertu egiten gaitu (zenbaitetan arrazoiz!), beti gauza berak ospatu eta esatea aspergarria gertatzen da, ez da sekula ezer berezirik gertatzen elizan… Otoizkera berriak asmatu behar, meditazio-metodo berriak, barruko sorpresaren faltan azaleko sorpresa berriak gertarazi behar… «Hau ez al da betikoa: hitz berak, mezu bera, kantu berak…?».

Berrikeria bilatze horretatik zer biltzen dugu? Sarritan frustrazioa. Erosi ditugun gauzek, bilatu ditugun sentsazioek, errealitate txikiari ihes egiteak, eliz jarduera nabarmenek, otoizkera berrizaleek… hutsik utzi gaituzte. Asteburuko esperientzia berriak berriro ere asteleheneko normaltasunera bildu dira, eta zer? Frustrazioa askotan! Barru hutsa ia beti! Joan Manuel Serrat kantariak oraintsu esaten zuena: «Ergelkeria indartu dugu, huskeria landu dugu». Eta zer?

Argi dago, beraz: bizitzearen sekretua honetan datza, egunerokotasunari, eguneroko jarduera txikiari, bere handitasuna aurkitzean. Une batzuetarako ihesa bilatzea erraza da; kostatzen dena egunerokoari poza bilatzea da. Eta azkenean, eguneroko horretan joaten zaigu ia bizitza osoa. Denbora asko da eguneroko horretan, horri pozik ez aurkitzeko. Geure etxean dauzkagu poz handienak, geure etxean bizitzeko sekretua, iganderoko jarduera apal horretan maitasun bikainena; geure etxetik hasten da sinesmena.

Nazareteko haiek ere jabetu izan balira zer zeukaten herrian! Hainbesteraino ezagutzen zuten gazte harengan zerbait «berezia» aurkitzen jakin izan balute! Azkenean, ez zioten ezer berezirik ikusi: «Ezin izan zuen Nazareten mirari bat bera egin». Utzi diezaiogun egunerokoari «miraria» egiten: pozaren miraria, askatasunaren miraria, edertasunaren miraria. Kanpoko harrigarri usteletan galdu ordez, barruko normaltasun harrigarrian murgil gaitezen. Eta sinets dezagun Jainkoak egunerokotasunean bizi duela bere presentzia. Etxera begira dezagun, etxeko txikian daukagu-eta Jainkoa. Sinesmena etxetik hasten da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.