B 18: Jan bai, sinetsi ez

Esku hutsak(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 24-35)

Aurreko igandean ikusi genuenez, Jesusek ogiak ugaldu ditu, jendetza handiari jaten emateko. Jesusek beharra ase du, jendearen nahiari gratifikazioa emanez. Beharra konpondua gelditu da; ez, ordea, jendearen desioa. Jesusek bazekien ongi zer nahi zuten eta ez die bera errege egiten uzten, ihes egiten die. Hau da lehenengo frustrazioa. Jesus ezin dezakegu patrikan eraman, geure beharrak konpon diezazkigun eta beharraren arabera erabil dezagun.

Lehenengo frustrazioak ez du, ordea, jendea etsiarazten, eta bila doakio. Ikasleek ere, zerbait handia izateko aukera eskura edukita, ez dute ulertzen Jesusek ihes egitea; eta urduri dabilzkio bila: «Noiz etorri zara hona?».

Baina Jesusek ongi daki zergatik bilatzen duten, eta bilaketa horri bere maskara kentzen dio. Desioaren interes hutsez bilatzen dute, ogia jaten eman dielako, berehalako beharra ase dielako. Eta beti hala izatea nahi lukete. Apropiazioa, jabetzea, Jesus desiora tolestatzea. Baina Jesusek bestelako ogia eskaintzen die, betiko bizirainokoa.

Horretan zer ari da eskatzen Jesus? Desioaren sabela zabaldu egin behar dutela, zerumugak zabaldu. Jendeak eskatzen dion horretan, Jainkoaren irudi okerra dago azpian: Jainkoa arazo-konpontzaile bezala ikusten dute. Eta Jainkoa ez da arazo-konpontzailea. Jainkoari Jainko izaten utzi behar diote, ume-garaiko irudietara bildu gabe. Beren ikuspuntua ondasun mesianikoetara zabaldu behar dute.

Jendearen desioaren eta Jesusen eskaintzaren artean dagoen eten horretatik abiatuta, Jesusek, pedagogia sakonean, misterioaren bihotzera eraman nahi ditu: desioaren esturatik fedearen zabaldira pasarazi nahi ditu. Baina, zenbat kostatzen zaion jende hari, zenbat kostatzen zaigun guri, desioaren berehalako gratifikazioak baztertzea. Eta Jesusi «zer egin behar duten» galdetzen diote, baina beti ere lortu nahi dutena lortzeko, lortu nahi duguna lortzeko. Desioaren erraiak zabaltzea ez da erraza.

Jesusek garbi uzten die: «Jainkoak nahi duen egintza hauxe da, sinets dezazuela». Eta hemen ere, egintzen eta sinesmenaren arteko borroka pizten zaigu. Jesusen eskabide honek bihotz-berritze sakonaren aurrean jartzen gaitu, bizitzari atzekoz aurrerako aldaketa eman beharra daukagu: bilatu ordez, itxaro; egin ordez, hartu; lan egin ordez, sinetsi. Ez dugu esan nahi ez denik bilatu edo egin edo lan egin behar. Baina bizitza ezin dezakegu oinarritu geure bilaketan edo egintzan edo lanean. Oinarria sinesmenak ematen digu, Jainkoaren egintzan sinesteak.

Eta une honetan erresistentziak sortzen zaizkigu, eta ez txikiak. Geure sinesmenaren fruituak ziurtatu nahi izaten ditugu, kontrolatzeko. Espiritu-bidean ere kontrolatu egin nahi. Geure mugek ezartzen diguten atsekabeari ihes egin nahi diogu nolabait, eta geure desio erlijiosoaren atzaparretan Jainkoa lotuta eduki nahi dugu. Baina Jesusek beste urrats bat emanarazi nahi digu: orain arte desioaren giza erara azaldu zaigun Jainkoak, aurrerantzean bere Semearen bizia bizitzera egiten digu dei.

Ibilbide baten pedagogia dago honetan gordea. Jainkoak hasieran liluragarri azaltzen diguna, gerora zaildu daiteke, zailtzen da; izan ere, desioaren begirada estutik sinesmenaren begirada sakonera egin behar baita bidea. Azken batean, Jainkoari bere lana egiten uztea da eta haren lanari geure sinesmena entregatzea. Geure egozentrismo kaskarretik atera eta bizitza Jainkoaren esku uzten ikastea. Horretarako, noski, esperientzia sakona behar da barruan, Jainkoaren dohainaren esperientzia. Eta guk ez dakigu esperientzia hori gertarazten. Hori Jainkoaren doanezko dohaina da.

Horregatik onena, eskatzea. Gaurko ebanjelioaren esaldiak banan-banan barneratu eta geuretu. Bestela betiko loturan kateatuta geratuko gara: jan egingo dugu, baina sinetsi ez! Eta hori ez da.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.