B 19: Aitak erakarri behar

(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 41-52)

Gure bizitzan gauzak nola gertatzen diren begiratuz gero, garbi ikusten dugula uste dut: ez gaituzte ideiek mugitzen, bihotzak baino, afektibitateak. Egia da, pertsona batek bere ideiak «kuadratzen» dituenean, bere pentsaera lasai sentitzeko bidea aurkitzen duenean, ematen du bizitza halako oreka bare batean pausatzen dela. Baina laster trumoitzen dira gure baretasun ideologikoak, afektibitatea dantzan hasten denean. Bizitzaren eskarmentuak uste dut hala erakusten digula.

Gure kristau askok hau gogoan izan beharko luke. Izan ere, garai bateko Jainko gogor eta epailea «gozatu» dugula edo «bere onera» ekarri dugula eta asko eroso sentitzen dira. Eta egia esate aldera, garai batean baino erosoago sentitzeko arrazoi asko dute. Gaur erakusten zaigun teologia hobeto «kuadratzen» da gaur egungo bizierarekin eta sentierarekin. Eta, beraz, garai haiek utzi zizkiguten errudun-sentimenduak garbitzea bakarrik ez da gauza mespretxatzekoa izan.

Baina, nire ustez, galdera beste bat da. Teologia gaurkotu dugu, Jainko-irudia gozatu dugu, kristau izatea pixka bat razionalizatu dugu; baina, Jesusen segitzaile jatorragoak al gara? Geure burua inplikatuagoa sentitzen al dugu Jesusen segizioan? Nire bihotza norena da? Nire sentimenduek zein pertenentzia onartzen dute? Gure afektibitatea Jesusi atxikia al daukagu?

Jakitea balitz, gaurko ebanjelioan esaten zaigunez, juduek dena zekiten Jesusi buruz. Joseren semea zela, zein familiatakoa zen, zein lanbide zeukan… Ezagutzaren kontua izan balitz, datuak jakitearen kontua izan balitz, ez zen inolako arazorik. Baina Jesusek esaten duena erabakitzailea da: «Ezin daiteke inor niregana etorri, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu». Ez da aski, beraz, gauzak jakitea edo ezagutza gaurkotzea edo Jainko-irudi eguneratua edukitzea. «Erakarria» izan behar!

Erakarria izateak zer esan nahi du? Barruko argiztatze berezia behar dela. Argi berezia, Jesusen pertsona «ezagun» horrengan Aitaren misterioa sumatzeko. Barru-berritze sakona behar dela, kanpoko ezagutzeaz gain, barruko begiez begiratu eta ikusteko. Eta erakuspen hori ezin dezakegu gutako inork eman, Jainkoak berak ematen duen ezagutza eta argitasuna da. Jesus erabat gizatiar horrengan Jainkoaren presentzia sumatzea, ez dago gure ahalmenen neurrira.

Norbaitek pentsa edo esan lezake, ikuspegi honetatik etor daitezkeela fundamentalismo eta buruberokeria handienak. Badakit, eta hala izango litzateke, baldin eta fede honek Nazareteko Jesus horren pertsona jakin horrengana erakarriko ez bagintu. Kuriosoa hau da (kuriosoa edo harrigarria!): pertsona jakin eta datu zehatzenen historian gertatzen dela Jainkoaren historia handia! Zehaztasuna eta jainkotasuna uztartzen dakien fedea da eskatzen zaiguna. Fede honen bizkarrezurra, honetan sendotzen da: Jesusen gorputza jatean.

Eta hau ezin dugu guk egin, ezta asmatu ere. Gure eskema txikien esparruan kabitzen dena bilatzen duenak misterioari hegoak moztu beharko dizkio. Eta hau dena bere buruberokeriei sua emateko erabili nahi duenak, gorputzaren zehaztasuna kendu beharko dio misterioari. Eta ez da ez bata ez bestea! Jainkoak ematen digu hau sumatu eta onartzea. Esker onez, miresmenez, doakotasun senez. Eman egin baitzaigu, nahiz eta ez merezi. Eman egiten zaigu, nahiz eta sekula ez pentsatu horrelakorik gerta zekigukeenik. Baina, gertatu zaigu! Eta harridura eta espantua bizi dugu.

Baina, hau dena nola bizitzen da, nola sumatzen? «Erakarria izatea» ez dago gure esku. Beharbada, hasieran, ur-xirripa mehea izango da; baina utzi sortzen eta Jainkoak ibai eder bihurtuko dizu bihotzean. Igande honetako Eukaristian, onenean, Jainkoak misterioa xuxurlatuko dizu bihotzera; adi-adi aditu eta zure bihotzaren belarria findu, Jainkoak horrela hitz egiten baitu ia beti. Eta hitz gorde horretan, Aitak erakarri egingo zaitu Jesusengana. Eta dena ulertuko duzu edo, hobeto esanda, dena maitatuko duzu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.