B 20: Jan egingo zaitut

Eskuak(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 51-59)

Azken igandeotan irakurtzen ari garen ebanjelio-atalak badu zerbait deseroso sentiarazten gaituena. Jainkoaren mundua «haragitan» azaltzea eta «jateaz» mintzatzea…, ez dakit ba!, bada zerbait oso ondo irentsi ezin duguna. Errealismo gehiegi ote den! Nahiago dugu Jainkoaren mundua «espirituarekin» lotu, «espiritualizatu», eta orduan dena onargarriago eta sinesgarriago egiten zaigu. Bai, hori izango da seguruenik, errealismo larregi!

«Nire haragia benetako janaria da, eta nire odola benetako edaria». Zer da hori? «Nola eman diezaguke honek bere ogia jaten?», galdetzen zuten juduek ere beren arteko marmarrean. Haiei eta guri, gauza bera egiten zaigu gogor eta onargaitz: espiritua hain haragizko izatea! Eta Jesusekiko harremana hain estua eta hain benetakoa izatea! Otoitz bat, ospakizun bat, batzarren bat, hitzaldiren bat… baina gehiegizko konpromisorik gabe.

Eta horrexek beldurtzen gaitu, konpromisoak. Askotan ikusi izan dugu denok, baina orain dela gutxi ikusi nuen azkenekoz Arantzazuko plazan. Andre gazte batek, haur txikia beso artean astinduz, honela esaten zuen: «Nik jan egingo dut ume hau!» Esango didazu, jate hori bere neurrian ulertu behar dela, ez duela «jatea» esan nahi… Bai, badakit hori horrela dela; ez naiz hainbesterainoko baboa. Baina, bide batez, esaldi horrek adierazten duen harremana, bat egin nahia, arnasa berean bildu nahia, odol beraren berotan batu nahia… Esaldi horren konpromisoa benetan hunkigarria dela ez dago ukatzerik. «Jan egingo dut ume hau».

Guk ere jan egiten dugu Eukaristia, edo Eukaristian Jesus «jaten» dugu. Nolako harremana, nolako bat egin nahia, nolako arnasa bakarrean bildu nahia, nolako odol-batasuna! Nolako konpromisoa biltzen duen Jesusen haragia jateaz mintzo den esaldi honek. Gehiegizkoa iruditzen zaiguna ez da haragia jatea!, horren azpian dagoen konpromisoa baino. Horrek beldurtzen gaitu. Ez dugu gehiegizko harremanik nahi. Jainkoari bere mugak jarri behar zaizkio, bereak edo gureak. Jainkoari bere munduan eutsi behar zaio, gehiegitan sartzen utzi gabe.

Kanpotik begiratuta, batek pentsa lezake zertan ote gabiltzan kristauok. Ez ote garen literatura hutsean galtzen. Bakoitzak nahi duena pentsa lezake; baina, azkenean, Jesusekiko harreman horren egian jokatzen dugu gure sinesmenaren egia. Harreman estu horren konpromisoa ez onartzea, ulertzen dut. Bakoitza libre da zer onartu behar duen eta zer ez erabakitzeko. Ulertzen ez dudana da axolagabekeria. Baietz esan eta gero dena hutsera ekartzea. Bataioan gure fedea aitortu, eta gero fede horri galga jartzea. Onartuko dugula esan duguna ez onartzea, hitz batean. Hori ez dut ulertzen.

Eta gure fede-giroan konpromisoak oso gutxira etorri ote zaizkigun! Giroa bera ere ez da erraza. Hozkeria bat nagusitzen ari zaigula iruditzen zait une batzuetan. Nahiago ote dugun gauza normalagoekin ibili. Beste horiek gehiegizko hizkerak iruditzen ote zaizkigun gaurko gizarterako! Eta hori ere pentsa daiteke. Baina, hizkeraren azpian zer gordetzen dugun, hori da kontua, eta kontu serioa. Zer egin dugu geure sinesteaz? Dena geure eskema txikien neurrietara mantsotu? Dena esplikagai bihurtu? Misterioa kendu gure fedeari? Eta orduan zer gelditzen zaigu? Ez dakit, garai batean dena misterio zena, gaur dena ulergai bihurtu ote dugun!

Eta, jakina!, Jesusekiko harremanari «misterioa» kentzen bazaio, apenas ezer geratzen zaion! Fededun bakoitzak edo bila­tzaile bakoitzak ikusi beharko du nolako harremana bizi nahi duen Jesusekin. Noraino iristeko prest dagoen harreman horretan. Jainkoari zer egiten utzi nahi dion. Dena kontrolatuta eduki nahi den ala konfiantzaren arriskua onartzen den. Harremanaren zorabio maitalea bizitzeko prest gauden ala dena geure neurrietara tolestatuta eduki nahi dugun. Bakoitzaren aukerak dira sakonean. Azaletik ukitu ala «jan». «Jan egingo zaitut».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.