B 21: Non, zuregan ez bada?

Itsa olatuak1(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 61-70)

Azken igande hauetan irakurri dugun ogi biziaren inguruko diskurtsoak, erabaki pertsonal baten aurrean jarri ditu ikasleak. Jesus ez dabil ideiekin, ez dabil sineskeriekin, ez dabil teoriekin, ez dabil pentsamoldearekin… Jesusek bere dohaina bete-betean eta gordin begien aurrean jarri die, eta orain erabaki egin behar. Entzun dutena hain gorpuzduna da, hain benetakoa, hain gordina, ezen ez baitu beste ezerk balio, pertenentzia afektibo aitorleak baino.

Badakigu igandero elizara datozen kristau gehienak ez direla erabaki-behar baten aurrean aurkitzen. Igandetakoa domestikatuta daukate, errito-kontu bihurtua, eta betebehar baten pisuak sortzen duen konpromisoa besterik ez da. Baina, pertenentzia sakona erabaki beharra ez dute ez asko ez gutxi sentitzen. Igandeko zorra ordaindu diote Jainkoari, eta kitto! Hor bukatzen da konpromisoa. Eta ez dute, gainera, inolako ondoezik sentitzen portaera azaleko horretan.

Gauzak ez dira, gainera, bere onetik atera behar. Jainkoak guztiok maite gaituela, badakigu. Jainkoak guztioi bere adiskidetasuna eskaintzen digula ere bai. Baina, Jainkoak «ni» aukeratu nauela bere maitasun pertsonala bizitzeko; Jainkoak «nirekin» maitasunezko historia bat bizi nahi duela; Jainkoa bere gorpuztasun guztian eman zaidala «niri»; eta Jainkoaren maitasunezko historia horrek barru-barrutik «harrapatu» nahi nauela; hori guztia gehiegikeria dela ere esango genuke, gauzak bere onetik ateratzea!

Baina, norbaitek, irakurleren batek, ogi biziaren atal guztian harreman pertsonal afektibo inportante bat dagoela baldin badaki, horrek badaki Jainkoa benetan ari dela. Jainkoarena ez dela apar hutsa. Jainkoak emateko guztia eman duela Jesusengan, ogi txikian. Jainkoa «bere haragi» betean eman zaigula. Eta hori dakienak badaki, gerta dakigukeen onena erabateko pertenentzia betean entregatzea dela. Hori baino ederragorik ez zaiola ezer gertatuko.

Eta eskaintza benetako horren aurrean hasten dira aukerak. Jesusengandik ere agidanean jendeak ihes egin zuen. «Jesusek bazekien nortzuk ez zuten sinesten». Eta Jesusek ez du inolako haserrerik eta saminik erakusten. Baina, zenbaitek ihes egitea aukeratu duenean, ikasleek, jarraitzaileek, zer egin behar dute? «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Eta jarraitzailea bera da kinka honetan jarria: pertenentziaren aukera egin beharra ez baita txantxetakoa, bizi osoko aukera sakonena eta behinena da.

Pedrok laburbiltzen du benetako jarrera: «Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak». Jesusekin ibiltzeak eman dien eskarmentua hori da, Jesusek zerbait berezia daukala, beste edonor baino maitagarriago egiten duena. Pedrok eta ikasleek hori ikusi dute, bizi dute. Eta badakite Jesusek merezi duela dena beraren esku uztea. «Guk sinesten dugu». «Sinesten dugu» horretan, pertenentzia sakonaren aitorpena egiten du Pedrok: «Nora joan gaitezke, zuregana izan ezik?».

Eukaristiako dohainak gu ere barrutik ukitzen gaitu. Eukaristia ez da elizkizun bat. Maitasunaren erotasun neurrigabea da eta horrek dardarka jartzen digu bihotza. Gure fedeari gehien kostatzen zaiona ez da nolabaiteko sinesgaiak onartzea, zailak eta bereziak izanik ere; benetan kostatzen zaiguna da Jainkoak horrela gizatasun ikusgarriz maitatu gaituela sinestea; Jainkoa hain gertutik, hain haragitan, onartzea; Jainkoaren maitasun-grina neurrigabe hori bere horretan onartzea. Hor jokatzen dugu gure sinesmenaren konpromiso handia.

Gauzak horrela izanik, bakoitzak ikusi beharko dugu nola kokatu Jesusen aurrean, Eukaristiaren misterio handiaren aurrean. Maitasun ikaratzeko hau onartzen duzunean, konturatzen zara ez dakizula zer den sinestea, ez dakizula sinesten duzun ala ez; baina badakizu maitatu zaituena maite duzula.

Eta era baldarren bada ere, horixe esan nahi diozu Jesus honi: «Maite zaitut; zu zaitut nire bizi-iturri; zu gabe, ezerk ez du nire bizitzan sentidurik». Eta igandero-igandero maitasun kabitu ezineko hori ospatu ahal izatea, gehiegizko edertasuna gertatzen da gure bizitzan. Non emago diogu bizitzari atseden, zuregan izan ezik! Non, zuregan ez bada?

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.