B 23: Dena ondo egin du

Eskuak(Igandeko ebanjelioa: Mk 7, 31-37)

Gaurko ebanjelioak aipatzen duen gorreria benetan adierazgarria da. Ez gaude eskasia fisiko hutsaren aurrean. Gaixo honen gaitzak pertsonaren sakoneko ezintasuna erakusten du. Ezin entzunak etena sortzen du, komunikatu ezina sortzen du, bakardade behartua eragiten du. Entzuten ez duenak ezin du esan. Pentsa zer izan daitekeen hori giza bizitzan, gizarteko harremanetan. Eta pentsa zer izan litekeen Jainkoarekiko harremanetan. Jainkoari ezin entzun, Jainkoari ezin esan.

Berez gaitz fisikoa dena (giza mailan ari naiz), sikologiari sakonetik erasaten dion gaitza da. Pertsona ia erabat mugatzen baitu eta berezkoena kentzen dio, komunikazio-bidea. 7Gaurko pasartean ikusten dugunez, Jesusek ere garrantzia berezia ematen dio gaitz honi. Sendatzeko, aparte eraman du gaixoa eta zeinu handiak erabiltzen ditu: behatzez ukitu belarria, txistuaz busti mihia eta Aitari otoitz sakona egin. Eta gaixoa sendatua ikusten dugu.

Markosek ezaugarri hau ematen badu, ez du ematen sendaketa bat kontatzeko. Sendaketak ebanjelioetan «ezaugarriak» dira, seinaleak, beste zerbaiten adierazgarriak. Dudarik gabe, Jainkoarekiko harremanetan kokatzen du Markosek gaixo honen gorreria. Eta nahiz eta fisikoki entzun, gor asko gabiltza suelto, Jainkoarekin harremana lotzeko gaitasunik gabeko asko.

Gorra izatea zer den? Eguneroko bizitzan eta lanean Jainkoaren aztarrenik sumatzen ez duena da gorra. Eguneroko gertakizunetan Jainkoaren eskua sumatzen ez dakiena. Egun bakoitzeko edonolako pasartetan, Jainkoa tartean dabilela sentitzeko gai ez dena. Mundu honetako hainbeste soinuren artean, Jainkoaren soinua aditzen ez dakiena gorra da. Eguneroko sufrimenduetan Jainkoaren maitasunari antzematen ez dakiena, erabat gortua dago. Asko gara horrelakoak, ezta?

Jesusek «efetá» agindua dakar guretzako Berri On. «Ireki zaitez!» esaten die gure belarriei eta mihiari. Jesusek Aitarekiko harremana berregin du eta hartaratzeko aukera ematen digu. Jainkoari adi diezaiokegu eta Jainkoari hitz egin diezaiokegu. Giza bizitzaren oinarrizko bokazioa berregin egiten zaigu. Jainkoak berekin harremanetan bizitzeko egin gintuen eta orain posible dugu harreman hori. Jesusek era honetako Berri Ona ekarri digu, gaitzak gortu-mututu gintuenoi. Orain beste maila batean bizitzea daukagu.

Noski, honetan ez dago automatismorik. Hau ez da gertatzen botoi bati sakatuta. Prozesu bat dago. Belarrietara, bihotzeko belarrietara, sartzen den behatza «Espiritua» da. Espirituari «Jainkoaren behatza» esaten zaio. Eta mingaina bustitzen duen txistua ere «Espiritua» da, Bataioko uretan hiztun egiten gaituena. Eta Espiritua sartzen den esperientzia bakoitzean prozesuaz hitz egiten ari gara. Geure baliabideetatik Espirituaren baliabideetara igarotzea ez da gauetik goizera egiten; tartean, bide bat dago, landu beharreko prozesu bat.

Gaurko fededunoi garai zailak ari zaizkigu tokatzen. Era askotako soinuek galarazten digute Jainkoarena entzutea. Era askotako deiek gortzen gaituzte Jainkoarena entzuteko. Errazkeriaren deia, erosotasunaren deia, konpromisorik ezaren deia, kontsumismoaren deia, azaleko zorionaren deia, sentsazio berrien deia… Eta tartean Jainkoari hitza lotu diogu, ez diogu ez entzuten ez aditzen. Esan ere gauza asko esaten dugu. Interpretazio asko egiten dugu, gauzak diren bezala ez hartzeko. Konpromisoa interpretatu egiten dugu, beti biguntzearen aldera. Gor-mutu gabiltza.

Gaur ere Jesusek prozesuaren bakardadera garamatza. Inork ezin du inor ordezkatu prozesu edo bide horretan. Bakoitza hartzen gaitu Jesusek aparte, eta bakoitzari pizten digu konpromisoa. Nahiago baldin bagenu betiko zarata eta soinuen artean jarraitzea, bale. Baina, Jesusen eskaintza onez jaso nahi badugu eta hari bere lana guregan burutzen uzten badiogu, egon ziur: sekulako askatasuna bizitzeko gaude! Geure bokazioaren iturrietaraino eramango gaitu eta bizi egingo gara!

Orduan guk ere jendeak harriturik esaten zuena bera esango dugu: «Dena ondo egin du!». Baina hori esan ahal izateko, esperientzia bizi egin behar. Ez da hitzez ikasten. Bai, «dena ondo egin du!».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.