B 24: Bizia galdu, bizia gorde

EskuakOtoitzean(Igandeko ebanjelioa: Mk 8, 27-35)

Denok, era batera edo bestera, bizi egin nahi dugu. Eta egiten ditugunak, zuzen edo oker, asmatuz edo erratuz, bizi nahiz egiten ditugu. Zoriontsu eta libre bizitzea guztion bihotzean idatzita daukagun bokazioa da. Eta bizitze aldera (ustez!), mila eskaintza eta proposamenen aurrean aurkitzen gara une bakoitzean. Hau egiten baduzu, hau lortzen baduzu, hau pilatzen baduzu, hau garaitzen baduzu…, biziko zara; alegia, zoriontsu eta libre izango zara.

Gizadiaren historia eta, ondorioz, gizakiarena ere bai, frustrazio handien historia da. Barrutik bilatu beharrean, kanpotik bilatzen da bizigarria, eta kanpoko gauzek, ase ordez, gero eta gehiago behar izatera eragiten digute. Eta pentsatzen dugu asko edukiz gero, asko pilatuz gero, besteek baino gehiago edukitzera iritsiz gero, biziko garela, zoriontsu izango garela. Eta ez da horrela gertatu inoiz, eta ez da horrela gertatzen gaur ere.

Jesusek ere badu bere eskaintza, badu bere bidea proposatzeko. Gaurko ebanjelioak zehazten diguna. «Bere buruari uko egin, bere gurutzea hartu eta jarraitu». Posible ote? Guk gizartean jasotzen eta eskaintzen dugunaren kontra-kontrakoa ematen du, eta hala da. Posible ote? Askori gertatzen zaiona da, uko egitearen eta gurutzea hartzearen kontu horiek oso era gaizto eta gaizkilean dauzkatela barneratuak, eta ez dituzte entzun ere egin nahi. Eta, barneratuta daukaten bezala barneratuta edukitzeko, askoz hobe entzun ere ez egitea!

Uko egitea zer da? Adibide batzuk jarriko nizkizuke. Adibidez, mila euro irabazteko ez al diezu bost eurori uko egingo? Emakume edo gizonezko batez enamoratzen zarenean, hura zeureganatzeko ez al diezu beste guztiei uko egingo? Adiskide batekin une gozo bat igarotzeko, ez al diezu goza ditzakezun beste aukera askori uko egingo? Jakina!, esango duzu, irabazia argi dagoenean, beste guztiei uko egitea ez da zaila. Adiskidea, Jesusen kontu honetan, ordea, ez dago nonbait oso argi irabazia! Jesusen ondoren joateak zer mesede ekar diezazuke?

Eta hor dago auzi honen sustraia: ez dugula esperientziaz dastatu zer ematen duen Jesusen ondoren joateak, ez dakigula zer onura sor diezagukeen bizitzan haren segitzaile izateak. Eta txikitatik barneratu ditugun irudiak oraindik ezabatu ez baditugu, susmo txarrak gailentzea ulertzekoa da. Ez dugu ba esan, denok bizi egin nahi dugula? Beraz, lehen-lehenengo galdera garbia da: bizi al naiz?, libre eta pozik bizi al naiz?, edo barnean sentitzen dudan hutsunea estaltzeko gauza askoren gose-egarri bizi naiz?

Eta galdera horri erantzuterakoan, bizi-galderari erantzuna ematerakoan, zintzoak izan behar genuke. Honetan besteak engaina ditzakegu, baina geure burua engainatzea gehiegizkoa izango litzateke. Besteen aurrean zorion-itxurak egin ditzaket, baina geo gaueko ordu isilean zer esaten dit barruak, zer garrasi sortzen zaizkio? Baina, beti galeran eta ukapenetan eta gurutzetan ibiltzea ere! Eta gauzak ondo ulertu behar genituzke. Ez da gauzak uztea, gero ordainetan Jainkoak bizipoza eman diezazun. Ez da aurrena gorputza kastigatzea, gero kastiguaren ordainetan Jainkoaren dohaina jasotzeko. Ez da hori eta ez da horrela! Garai bateko ikuspuntua da hori, zorionez!

Gure kristau-bizitza Jainkoaren dohain erregaluzkotik abiatzen da. Jesusen bidean abiatzea Jainkoaren erregalua da, opari handia. Eta opari horren edertasunak liluratzen zaitu, zeure bizitza eta bihotza harrapatzeraino. Eta, lilura horren aire berritan, bihotza poz berri batera esnatzen zaizu. Gauzek beste era bateko sentidua hartzen dute. Zure bizitzako baloreen zerrendan ordena aldatu egiten da. Zure estimazioak hankaz gora jartzen zaizkizu.

Eta bizi egiten zara. Esango dizute ez dakizula bizitzen, baina zuk badakizu orain bizi zarela. Esango dizute ez dakizula bizitzaz gozatzen, baina zuk badakizu inoiz ez bezalako askatasuna eta gozamena bizi duzula. Uko egitea eta gurutzea eta, gauza gogorrak izan daitezkeela? Bai, maitatzea gogorra den bezala! Baina ez ginen ba ari bizitzeaz, libre eta sentiduz bizitzeaz? Bizia galdu edo bizia gorde, hori da kontua!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.