B 25: Bideko txikikeriak

Txantxangorri(Igandeko ebanjelioa: Mk 9, 30-37)

Pedroren aitortza eta gero Jesusek emandako irakaspenak ez zuen ezer askotarako balio izan, dirudienez. Gurutze bidetik gertatzekoa zen mesiastasuna ez zuten ikasleek oso gerora arte ulertu; Pazkoa eta gero ulertu zuten nonbait. Gaurko ebanjelioan ikus daitekeenez, ikasle dorpe haiek espero zuten mesiastasuna beste edozein lidertza bezalakoa zen: gainetik azalduz, besteak azpiratuz, boterearen bidez erakusten den mesiastasun horietakoa. Beste edozein bezalakoa!

Eta ikasleek bizi duten eztabaida eta haserrea horretatik sortzen da, handinahikeriatik. Ez dira aitortzen ere ausartzen zer eztabaidatzen zuten, bai baitakite Jesusen bidea ez doala sintonia horretan. Buruaz badakite ezbaian daramaten sigizio-molde hori ez dela Jesusek nahi duena. Buruaz bai, baina gogoa beste bidetik doakie. Belaunaldi askotako pisua zeraman juduen artean mesiastasun lurtarrak, indartsuak, botere-bidekoak. Eta ikuspegi hori eranztea ez da samurra.

Eta ondo pentsatuta, guk ere zer egiten dugu? Zer eragin izan dezake Jainkoaren erregetzak gure gizartean, gaurko Elizaren pobrezia moldeanitzekoa ikusita? Nork uler lezake Jainkoaren Erreinua gure pobrezia erori honen eskuetan egotea? Guk erakuts dezakegun hau al da Jainkoaren Erreinuaren etorkizuna? Ez da ulertzekoa, eta ezin dugu ulertu. Horregatik, gure Elizan suma daitezke nostalgia eta aurreko garaien min gorde eta agerikoak. Ez pentsa erraza denik Jesusen bidea ulertzea.

Jesusek hankaz gora jarri ditu gure munduko botereen bideak. «Lehenengo izan nahi duena, izan dadila azkeneko eta guztien zerbitzari». Nola izan liteke hau? Bistakoa da, pertsonak oso ongi ekipatua egon behar duela bere barruan, zerbitzu-bide hauek onartzeko. Zerbitzu-bide hauek ulertzen eta onartzen ez dituenari bihotza itxi egiten zaio inguruko behartsuekiko sentiberatasuna bizitzeko. Bihozgabe bihurtzen da, nahiz eta kanpoko itxurak gordetzen saiatu.

Ez da, noski, maite dudan Eliza kritikatzeagatik. Berarekiko maitasunak eraginda esaten dut, ustez behintzat. Zer esan? Askotan legeek eta kanpoko gauzek askoz gehiago kezkatzen gaituztela gurutze-bideetan erorita dauden pobre eta baztertuek baino. Gaurko gure eliz elkartea askoz kezkatuagoa dago, sektore batzuetan behintzat, garai bateko adierazgarritasuna galtzeaz, zokoratuen eta duingabetuen zoria ontzeaz baino. Sarri asko Elizatik sortzen diren salaketak eta proklamak begiratu besterik ez dago!

Kritikak kritika, hemen kontua da, bakoitza Mesias-Zerbitzariaren aurrean zintzo kokatzea. Haren bidearen eta irakaspenaren galbahetik pasatzea bakoitzaren jarrera eta joerak. Besteena kritikatzea erraza da. Erakundeari pasada ematea ez da zaila. Baina, erakunde honen bekatuan nolako zerikusia dugun bakoitzak begiratu beharko dugu. Zer eztabaida daramatzagu gure eguneroko bide txikietan? Zerk kezkatzen gaitu? Zerk mintzen? Zer bilatzen dugu? Zer desio dugu?

Hobe dugu, bai, etxetik hastea. Nola tratatzen ditut inguruko pertsonak? Zenbat aldiz eduki nahi izan ditut neure menpe? Zenbatetan kendu diet edo murriztu diet izateko eta hazteko daukaten eskubidea? Edo nire eguneroko lanean, inor oharrarazten ez duten lanak eta laguntzak egiten al ditut edo egin dudana ikustarazten eta adierazten saiatzen naiz, nire egintza onari aitortza egin diezaioten? Gizarteko bizitzan, norekin ibili nahi izaten dut ukalondoz ukalondo? Pobreenekin, baztertuenekin, edo herrian zerbait direnekin?

Jesusek haurraren hauskortasuna eta ahuldadea jartzen digu eredu. Gaurko diktadore txikiak izan daitezke umeak; baina Jesusek aipatzen duen haur-izatea, hauskortasuna eta indarrik eza da. Jesusen mesiastasunak honela jokatzen baldin badu, ez datorkigu batere gaizki gaur egungo ahulezia eta botererik eza. Pobrezia honek eramaten ahal gaitu Jesusen bide apalera! Ez al gaitu erreko, ez gogortuko, ez etorkizunaren argia itzalaraziko! Ona da beti Jesusen irakaspenera eta gurutze-bidera tolestatzea. Ona da, hari begira, zerbitzu-bide apal eta saiatuak bilatzea. Ona da, bihotz handiz eta begirada zabalez, gure eguneroko bidean txikikerietan ez erortzea!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.