B 26: Txikien zorigaiztoa

Pobreak2(Igandeko ebanjelioa: Mk 9, 37-42.46-47)

Gaurko ebanjelioaren bertsoskak gordinak eta gogorregiak gertatuko zaizkio bati baino gehiagori. Hizkera gordina da, ez dago ukatzerik. Baina Jesusek, txikien auzia tartean denean, ahulen zoriaz ari denean, sakon eta gogor hartzen ditu gauzak. Txikien zoria ezin dezake inork zapaldu. Egia da, bere garaiko hizkerak ere baduela esamolde hauetan zerikusia, baina errealitateari ezin diogu inolako garrantziarik kendu. Jesusek oso gaizki darama bere txikien zoria kolokan jartzea.

Jesusen garaian baziren erlijio-munduan, eta Jainkoa aitzakiatzat hartuta, txikiak eta behartsuak zukutzen zituzten jauntxoak. Jainkoarentzat eskatzen zutena berentzat aprobetxatzen zuten. Eta jokamolde gaizto hori legeztatua edukitzera iritsi ziren. Jesusek beti egin zuen jokalege horren kontra. Eta, hau esanda, ez da hain zaila Jesusen gaurko hitz hauek bere gordinean ulertzea. Jesusentzat pertsona sakratua da, eta ezindua denean, are gehiago.

Gure gizarteak ere begiratu beharko luke bere jokamoldea. Asko hitz egiten da ezinduez, krisiak biluzik utzi dituenez, baina gero, ekintzarako garaian, irtenbideak bilatu behar direnean, beti berberak dira sufritzen dutenak, krisiaren ondorio negargarriak nozitu behar izaten dituztenak. Gaurko ebanjelioak egiten duen argazkiaren arabera, borrokan larri gabiltza nor gure taldeko, nor arerio, pertsonaren balioari begiratu ordez, neurtzeko bestelako neurriak erabiliz. Eta pertsonari ez zaio bere balioa, berezko balioa, aitortzen. Ideologia, dirua, posizioa… erabiltzen ditugu handiak eta txikiak bereizteko.

Handizale gara eta, handien ohoretan, txikiak zapaldu egiten ditugu. Ez diegu beren duintasuna aitortzen, pertsona bezala zor zaien oinarrizko duintasuna. Jesusek bestelako jokamoldea ekarri eta hots egin zuen. Txikientzat duintasuna aldarrikatu eta esijitu zuen. Txikiak onar­tzea eta balioan jartzea eskatu zien bere ikasleei. Eta txikiak esatean zer esan nahi zuen adierazteko, umeen eredua erabili zuen behin baino gehiagotan.

Gaurko txikiak nortzuk ote dira? Azken urteotako krisialdiak ezinean dauzkanak ez ote dira txikiak? Ekonomi aparraldian etxe berri baten erosketan sartu eta, lanik gabe gelditu direnean, etxeari ezin eutsi izan diotenak, ez ote dira txikiak? Gai­xotasunak erditik harrapatu dituenak ez ote dira txikiak? A­gintearen gehiegikeriek kateatu dituztenak ez ote dira txikiak? Zorion bila bidea erratu dutenak eta gainbehera etorri direnak, ez ote dira txikiak? Gaurko publizitate zapaltzaileak sasibeharretan sartu eta ezer gabe utzi dituenak, ez ote dira txikiak? Zeure ingurura begiratzea aski, txiki asko ikusteko!

Eta horiek era askotara eskandaliza daitezke. Pobreen aurrean eta pobreen kaltetan, gastu handi eta distiratsuetan ibiltzea, ez al da eskandalua? Gure hirietako eskaparate argitsu eta jaleak ez al dira eskandaluzkoak? Gure erosotasun asko ez al da pobreak eta txikiak eskandalizatzeko adinakoa? Horiei, geuri alegia, Jesusek egiten digun mehatxua hor dago, gordin eta latz. Txikien zoria salbatzea da gure eginbeharra. Bestela, Jainkoak entzungo du txikien garrasia.

Bizi dugun krisialdiak ez dakit non eta nola utziko gaituen. Baina ez al gaitu lehengora ekarriko! Balioko ote du bestelako mundua eraikitzeko, bestelako bizi-sistemak eratzeko, pobreen zoria salbatuko duen biziera proposatu eta bideratzeko. Bestela, ezin dezakegu onartu.

Munduak, gure munduak, ondasunen banaketa zuzenagoa bideratu beharra dauka. Ezin dezakegu fededunok gauza bat ahaztu: Jainkoak eman dizkigun ondasunak guztientzat direla. Eta batzuek gutxiegi daukatenean, besteok gehiegi edukitzea, lapurreta egitea dela. Eta hori, txikien kalteko da, gutxituen kalteko, pobreen kalteko, zokoratuen kalteko, ezinduen kalteko. Kontua ez da ebanjelioko mehatxuak hitzez hitz errepikatu eta hots egitea. Baina, jakin behar genuke, pobreen eta txikien kontuan ari garenean, onerako eta txarrerako, Jainkoa beti tartean dabilela. Txikien zorigaiztoak ondoeza eta samina sortu behar liguke, gauzak ongi izateko.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.