B 28: Ondasun ustelak

Dirua(Igandeko ebanjelioa: Mk 10, 17-30)

Ondasunak bere neurrian onak dira, beharrezkoak. Eta ez daukat horien kontra ezer. Azken batean, ondasunen gorabehera ez da dirutan bakarrik jokatzen, baizik eta bereziki gizakion bihotzean. Hori bai, ukatzen zaila da, diruak baduela berekin bere arriskua. Eta arriskuaz jabetzeak ez digu kalterik egingo. Baina, noski, bihotz librea behar da arriskuari gerri-gerritik heltzeko.

Ondasunek egin diezaguketen kalterik handiena, bihotza lotzea da, bihotza kateatzea. Eta bihotza lotuta eduki ezkero, ezer gutxitarako balio diezagukete beste perfekzio guztiek. Inoiz esan izan da santutasuna patrikatik neurtzen dela, eta neurri batean hori egia dela esango nuke. Bihotza patrikan daramanak, beste gauza on asko egin ditzake, baina egiten dituen egintza gehienak bere barruko lotura estaltzeko erabiliko ditu. Estali bai, baina patrika beti garrasika!

Kuriosoa izan da fededun bezala hezi gaituztenoi gertatu zaiena: garai batean kristau baten prefekzioa sexuarekiko jarreratik neurtzen zen gehienbat. Sexuarena txukun samar bideratu ezkero, beste guztiak ez zeukan horrenbesteko garrantzirik. Zorioneko seigarren mandamentua! Eta, alderantziz, sekula ez edo oso gutxitan galdetzen zitzaigun ondasunen erabileraz, pobreekiko jarreraz, ondasunen pilaketaz, kontsumo amorratuaren injustiziaz… Eta kontzientzia soziala ez genuen landu.

Oraindik ere, sexuarena erabat askatu omen dugula eta horrelakoak esan arren, ez dakit ez ote gabiltzan gutxi gorabehera igualtsu. Ez nuke injustoa izan nahi; badakit kontzientzia sozialean aurrera egin dugula. Baina, zenbat eta zer arlotan? Gure sinesmen berria patrikaraino iristen ote zaigu? Besteei, agintariei eta, erantzukizunak eskatzeraino iritsi gara; baina geure poltsari zuloa egiteraino ez dakit iritsi garen. Eta esango nuke, auzi honetan fedearen egia ari garela sakon-sakonean jokatzen.

Ni ez naiz inor, inoren ondasunak zuzenkontrakoak direnik esateko, eta ez dut esango. Baina neure kolkoari galdera batzuk bota nahi dizkiot. Esaten dut nire lanaren fruitu dela daukadana. Baina, hori egia izanik ere, neurea neuretzat bakarrik erabiltzeko eskubiderik ba al daukat, ondoan hainbeste behartsu edukita? Neurearekin nahi dudana egin dezakedala esaten dut: neure gorputzarekin, neure ondasunekin, neure ideiekin… Baina, afirmazio hori, ez dakit beste maila batean nola neurtu, baina kristau-mailan, esaldi hori erabat injustoa eta faltsua da.

Jesusek argi utzi dio «bizitzeaz» galdezka etorri zaionari: bizitzeko ez duela nahikoa agindu guztiak bete izana; ondasunak erdibitu edo banandu egin behar dituela. Aberatsak min hartu zuen Jesusen hitz hauek adituta. Eta, gizon haren erantzun tristeaz jabetuta, Jesusek ondoren esandakoak gogoan hartzekoak ditugu: aberatsak nekez ulertuko du Jainkoarenik; aberatsak ez du Jainkoaren logikan eta dinamikan sartzen asmatuko. Beraz, giza ikuspegi azalekotik ongi bizi dela eman arren, barrutik ez da pozik biziko; ez du Jesusek ekarri duen Berri Ona ulertuko.

Ondasunekiko ikuspegi hau beldurgarria dela?, oso murriztailea?, oso ezkorra? Jesusek bateko ehun agintzen du mundu honetan, erasoaldiekin; eta etorkizunean, amaitzen ez den bizia. Hori guztia, Jesusek eskaintzen duena alegia, ez da diruz eta era horretako ondasunez neurtzen. Sinesmenaren esperientzia sakonean zer sentiarazten duen, hori da ikusi eta bizi beharrekoa. Nolako bizipoza ematen du ondasunak pobreekin erdibanatzeak? Hitzak alferrik dira; esperientzia egitea da kontua.

Argi dauzkagu arriskuak, argi emaitzak, argi ibilbideak. Orain badakigu, diruaren onena eta ondasunen bizigarriena, pobreei laguntzea dela. Badakigu, kontrara, diruak egin diezagukeen kaltea, bihotza ixtea dela. Eta bihotza ixten digunik ezer ezin dezakegu onartu. Horrek dena usteltzen du, dena gezur bihurtzen. Horregatik, esaten nuen gure ondasunak ustelak direla.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.