B 3: Etorri da ordua

Argitasun handia (Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 14-20)

Jesus abiatu da. Joan bahitu dutenean, Jesusek hartzen dio txanda. Baina ez hark bezala etortzekoa zena adierazteko, etorri dena estreinatzeko baizik. Ikasleak aukeratzen ditu. Ez dute ikasleek aukeratzen Jesus, beste maisuekin gertatu ohi zenaren kontra; Jesusek aukeratzen ditu, gutxien uste zitekeen zokoetatik. Dei egiten die eta bizitza osoa aldatzen die. Jesusi jarraitzeko egin behar dutena ez da gauzak uztea edo doktrina baten bidea hartzea. Benetan erabakitzailea Jesusen nagusitasuna sumatzea da, eta hari jarraitzeko dei atzeratu ezina aditzea. Jesus ez da besteak bezalako maisua.

Jesusek ez du doktrina bat adierazten. Erreinua jartzen du martxan. Nolako indarra erakusten duen Jesusen esaldiak: «Ordua bete da, hurbil da Jainkoaren erreinua!». Zer ulertu ote zuten orduan entzun ziotenek eta zer ulertzen ote dugu guk, gaur entzuten diogunok? Zein da bete den ordua? Jesus da, zalantzarik gabe, Jainkoaren ordua, Jesus da hurbildu zaigun Jainkoaren erreinua. Ordu (Jesus) horrek estreinatzen du Jainkoaren erreinua gure munduan.

Eta erreinu horren soinura dena abian jartzen da. Aski da Jesusen presentzia erreinuzkoa gizakion bihotza barrutik harrapatzeko. Hitz bat aski, Pedro eta Andresek esku artean daukatena uzteko. Dei bat aski Andres eta Joanek familia eta bizibidea alde batera uzteko. Zer ikusi zioten Jesusi? Zer sumatu zuten Nazareteko gazte haren eskaintzan eta deian? Jesus agertu denean, dena berria izaten hasi da.

Gaur bertan nor da Jesus niretzat?, hori da galdera erabakigarria. Jesusen begiradak «liluratu» al dit bihotza sakonenetik? Jesusen hitzak eta deia gehiegizkoak iruditzen al zaizkit? Pisu astun gertatzen zaizkit ala askatasunerako leiho? Edo hizkera hau guztia arrotza, arraroa, gertatzen al zait, biguna, indarrik gabea? Hemen jokatzen dugu kristau (Jesusen jarraitzaile) izatearen auzia. Kontua ez da Ebanjelioak interpretatzea edo haietan esandakoa neure teologi eskemetara egokitzea edo gaurko pentsalarien azken ikuspuntuak ezagutzea. Benetako auzia Jesusen aurrean jokatzen da: «Ni nor naiz, Ni zer naiz, zuretzat?

Jakina!, badakit, hau normalean ez dela gauetik goizera gertatzen. Jesusekiko harremanak ere bere denbora eta bere ariketa behar du. Kosta egiten zaigu ideologian ez erortzea.

Lehen ikasle haiek ere, Jesusekin urte gutxi batzutan bizi arren, Pazkoa eta gero argitu zuten barruko sinesmen-bidea. Pazkoan ulertu zuten nondik zetorkion Jesusi bere agintea eta nagusitasuna. Orduan ulertu zuten zer zen Jainkoaren erreinua. Gutako bakoitzak ere bide bat daukagu egiteko, eta bide hori errespetatu egin behar dugu. Hasieran Jesus maisu batekin parekatzea, normala da. Hortik, gero, Jesus Mesiasenganako bidea egin behar da. Jesus Mesias horrengandik «Jesus, nire Jauna» aitortzera pasatzea beste pauso bat da. Baina hori bera ez da linealki gertatzen; harat-honat, gorabehera eta joan-etorri asko izan ohi ditu sinesmenaren bideak.

Gure Elizak gaur bertan bestelako kezkak bizi ditu, maila batzuetan behintzat. Baina, benetan erabakigarria dena ez da jokatzen estatuaren legeetan, edo gizartearen borroka zaratatsuetan. Benetan erabakigarria ez da jokatuko eskoletan gurutzeak kenduz edo jarriz, edo erlijioa irakatsiz edo ez irakatsiz. Benetan erabakigarria beste maila horretan jokatzen da: Jesus ondora etorri zaizu, zure itsas ertzera; zeure izenez dei egin dizu; eta bizia askatu dizu jarrai diezaiozun. Gero etorriko da gauza guztiak uztea (sareak…).

Gero etorriko da bizitzeko eredu bat edo bestea hartzea. Gero etorriko da doktrina bat edo portaera bat zeureganatzea. Baina, hasierako eta sakoneko jarrera entzule eta jarraitzailea ez badaukazu, beste guztia ideologia bihurtuko zaizu, ia beti kalterako! Jesusekin aurpegiz aurpegiko harremana izatea ez dago ezerekin ordaintzerik. «Etorri da ordua», gure ordua.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.