B 32: Konfiantza da kontua

Emakumea(Igandeko ebanjelioa: Mk 12, 38-44)

Gaurko ebanjelioak, erabat Jesusena den jarrera eta moldea erakusten digu. Alde batetik, tenpluko gidarien jokamolde harroa daukagu eta, bestetik, alargunaren jokamolde apal eta bihotz handikoa. Alde batetik, erlijioaren erabilera interesatua eta, bestetik, Jainkoaren aurrean maitasuna eta apaltasuna erakusten duen jokaera garbia. Eta Jesusen aukera zalantzarik gabekoa da.

Gaur esaten da erlijioak galdu duela garai bateko prestigioa, eta egia da hori. Hala ere, ezin gintezke inuzenteak izan, pentsatuz erlijio-molde guztiak garbiak direla. Oraindik ere erlijioak balio du kontzientziei eragiteko, eta horretarako tentazioak ez dira gaur ere falta. Gaur, oraindik ere, erlijioak izan dezake eta badu nolabaiteko boterea, garai batean baino estaliagoa bada ere.

Jesusen oharra eliz gidarientzat doa. Ezin daiteke erlijioa erabili, Jainkoa erabili, geure buruaren promozioa egiteko, txaloak bilatzeko, jendearen harrera ona gozatzeko edo pobreez aprobetxatzeko. Jainkoarekiko harremanak bestelako posturak eskatzen ditu, bestelako apaltasuna, bestelako zerbitzu-jarrera.

Eta jarrera garbi hau erakusteko, Jesus alargun baten bihotz handiaz baliatzen da. Alarguna da, horrek adierazten duen babes-eskasia guztiarekin. Pobrea da, ez dauka ezer. Bihotz handikoa da, daukan guztia ematen baitu, bizitzeko daukana. Eta alargun honen apaltasun bihotz handiko horretatik ateratzen ditu Jesusek kristau-bizitzarako ikasgai nagusiak.

Lehenengoa, Jainkoak ez dituela gure irizpideak erabiltzen Elizaren egintza bere neurri onean baloratzeko.

Bigarrena, Kristau-liturgiak erakusten duen Jainkoarekiko entrega beharrezkoa dela; baina ezer gutxitarako balio duela, horrek pobreekiko sentiberatasuna eragiten eta ugaltzen ez badu.

Hirugarrena, guk sarri handitasunera eta ikusgarritasunera jotzen dugula geure kultuan, baina Jainkoak bihotza begiratzen duela, pertsonaren barrukoa. Laugarrena, maitasuna neurtzeko garaian, Jainkoari ez zaizkiola asko inporta gure opari eta sakrifizio handiak; eguneroko txikian mamitzen dela benetako maitasuna. Zerrenda hau asko luza daiteke, baina ez al da nahikoa?

Jesusen logika eta dinamika propio honetan sartzeko, alargunaren xumetasuna behar da, bihotz tolesgabea. Bere beldurrei bueltak ematen gelditu gabe (ez daukat jateko, ez daukat biharko…), uste on izan, konfiantza izan. Ai gure beldurrak!: errealista izan beharra dago, etorkizuna ere prestatu behar da, ez dago gauzak inprobisatzerik… Beldurraren argumentu eta burutazio kaskarrak!

Ez ote dugu oraindik ere ikusi Jesusen Jainkoa askoz handiagoa eta bihotz-zabalagoa dela? Beti dena kontrolatua eduki nahi dugu, dena eskura, dena seguru. Zergatik ez gara ausartzen konfiantza izatera?

Nire bizitzan, baina, zer esan nahi du konfiantza izateak? Akaso nire habi beroak uztea. Desinstalazioa. Akaso, beldurra ematen didan lan horretan arriskatzea. Berria eta kontrolatu gabea den zerbait berritan abiatzea. Neuk gobernatuko ez dudan zerbaitetan zerbitzatzen jartzea. Neuretzat eskas antzean daukadan diru hori pobreen alde erabiltzea. Ez dakit, baina bakoitzak ezagutzen ditugu geure beldurrak eta geure gordeleku eta gotorlekuak.

Garbi geratzen da konfiantza dela honen guztiaren giltza. Nola eman lezake ebanjelioko alargunak bizitzeko daukana, norbaitek zaintzen duela uste ez badu. Dena emateko konfiantza behar da bihotzean. Kristau-konfiantzak Jainkoaren hurbiltasunaren esperientzia sakona eskatzen du.

Gure Elizak ere askotan dena ongiegi antolatua dauka, arriskurako tarte gutxirekin. Kristau bakoitzak ere horrela joka dezake: dena lotua, dena ziur, eta azkenean konfiantza izan beharrik ez! Baina kristauaren neurria eta bizi-kalitatea konfiantzak erakusten du. Kontua ez da asko edukitzea. Kontua da konfiantza izatea!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.