B 33: Dena hemen? Dena han?

la foto(Igandeko ebanjelioa: Mk 13, 24-32)

Liturgi urtea bere azkenera datorkigu. Eta Elizari gustuko zaio azken igande hauetan bere azkenari begiratzea. Bere azkenari esan dut; baina hobeto esana legoke, bere beteari begiratzea gustuko duela. Egia da, betetasun horrek edo azken horrek beti sortu izan duela halako estuasun edo itolarria. Sortu izan du eta sortzen du. Askok egin duten aukera, beraz, horretan ez pentsatzea eta horretaz ez jardutea. Alde batera utzi, eta kitto!

Betetasunari buruzko burutazioak alde batera uztea ulertzekoa izango da, baina ez da batere burutsua. Geure begien bistan daukagun errealitatea baita. Garbi asko ikusten dugu gauzak ez direla betirako. Dena aldatu egiten dela.

Eta, burutazioak alde batera utzi nahi badira ere, garbi asko ikusten dugu geuk ere hil egin behar dugula, besteak hiltzen ikusten ditugun bezala. Eta hori baino lehenago ikusten dugu, mundu honetan gure bizitzak badituela bere eskakizunak, bere egarriak, bere izan nahiak, bere gutiziak, bere ase ezinak…

Begi aurrean daukagun errealitate horren aurrean, jarrera desberdinak har daitezke, noski: bata da, lehen esan dugunez, barruko eskakizunei ateak ixtea eta dena hemengo hemen txikira mugatzea. Jarrera horri deituko nioke, «dena hemen». Beste jarrera, erabat aurkakoa da: hemengoak ez du betikotasunik, laburra eta motza da, ez du erantzun beterik eskaintzen; beraz, hemengoa baztertu eta «dena han». Eta «hangoaren» betetasun teoriko batean ezkutatzen dira «hemengoak» dituen arazo eta sufritubehar guztiak.

Bistakoa da, jarrera biak iruditzen zaizkidala, kontuz esate aldera, hankamotzak, herrenak. Esana utzi dut, hemengo hutsak ez gaituela betetzen eta garbi erakusten digu hemengorako baino zerbait gehiagotarako gaudela eginak. Bizitzaren eskarmentua daukan edonork esango dizu «beste zerbait» eskatzen diola barruak. Beste kontua izango da, jakina!, zer egiten den barrutik sortzen zaigun eskakizun horrekin. Bere barruaren historia bakoi­tzak ezagutzen du.

Eta hori bezain bistakoa da, bigarren jarrera ere ez dela baliozkoa. Mundu honetan bizi behar dugu eta mundu honetan jokatu behar dugu gure esperantza. Mundu honetako gauzei ihes egitea, betetasuna ematen ez dutelako, horri iheskeria esaten zaio. Eta jarrera horrek ez bizitzera garamatza, eta mundu honetan dauzkakegun beharrak, betetasun teoriko baten eskuetan uztera. Baina, ez gara bizi. Gauzei ihes egiten diegu. Mundu honetako biziera mespretxatu egiten dugu. Ez du balio.

Bada, noski, beste jarrera edo ikuspegi bat, alderdi biak lotzen dituena. Ez da errazena, baina bai osoena. Hemengo errealitate txikian betikotasuna eman zaigu bizitzera. Eta betikotasunaren argiak argitzen digu mundu honetako konpromisoa. Gaurkoa gerokoaren argitan bizitzeak ez digu konpromisoa gutxitzen, areagotu eta sakontzen baizik. Betikoaren konpromisoa edukiko ez bagenu, gure konpromisoak laburrak izango lirateke. Betetasunean sinesteak asko behartzen du kristauaren jokabidea mundu honen zerbitzura.

Eta alderantziz ere esan behar da: hemengoan lan egiteak ez gaitu hemengora mugatzen. Gerokoaren arnasa edukiko ez bagenu, hemengoak ito egingo gintuzke. Hemengoak argi berezia hartzen du etorkizunaren esperantzatik. Hemengo borroka asko edertzen da, gero espero dugunaren argitan. Eta, aldi berean, gaur ari dugun borroka horixe da: etorkizuna erakarri eta gertaraztea, biharkoa gaur eraikitzea. Etorkizuna, dagoeneko, gaurko baita. Etorkizunetik bizi dugu gaurkoa.

Horregatik, «dena han?». Ez. «Dena hemen?». Ezta ere. Hangoa hemen eta hemengoa handik. Bata besteari loturik eta batak besteari eutsiz. Mundu honetan ireki ditzakegu leihoak eta etorkizunaren leihoak argitasun handia utziko luke sartzen gure bizitzara.

Un pensamiento en “B 33: Dena hemen? Dena han?

  1. Zer komentatu dezake holako hitzaldi biribilari.
    Bai, behar bada nere barruan horrela sentitu izan dut, baino hau irakurri arte ez dut hain garbi ikusi. Beste kontua da gainera hori betetzea.

    Eskerrik asko,

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.