B 5: Eguzkia sartu ondoren

Arratsbera(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 29-39)

Esaldi honek («arratsaldean, eguzkia sartu ondoren») biltzen du gizakion esperientzia mindua. Eguzkia sartzen zaigu gure bizitzatik eta iluntasunak hartzen gaitu. Egun argizko poz eta askatasun ederretik ezinaren gauera pasatzen gara aitaren batean. Gaitzak egiten digun pikardia handia da eta era askotakoa. Gutxien uste dugunean geure mundu amestu guztiak erortzen zaizkigu eta bihotzari iluna sortzen zaio. Gure dramak! «Eguzkia sartu ondoren».

Jesusek ordu horretan egiten du sendaketa asko. Mundu honetara etorri baldin bada, gauak harrapatutakoen bila etorri da, eta horiei esan nahi die maitasunaren Jainkoak nolako osasuna ematen duen bihotzean. Jainkoak ez duela, alegia, gaitzaren ilunpea maite. Jainkoak biziaren eguteran nahi gaituela, ongizatearen egun argitan. Bati eskutik heldu, besteari gaitza kendu, besteari gaiztoaren erasana sendatzen dio… Hainbeste jende zetorkion gauean, «eguzkia sartu ondoren», laguntza eskatzera!

Gaur ere «eguzkia sartu ondoren» ote gauden iruditzen zait. Gerrak (gogoratu Gaza ezaguna eta Afrika ezkutatua), gaixotasun senda ezinak (Afrikako SIDAren erauntsia, hainbeste minbizi gaizto…), tratu txarren zerrenda beltza (zenbat emakume hildakoak!), haurren ustiaketa zapaltzailea (pornografia, neurri guztietatik ateratzen diren lanak…), krisi ekonomikoa (egia askoren min eta gezur askoren estalgarri…), politika-jarduera (zenbat gezur eta manipulazio!)… «Eguzkia sartu ondoren» aurkitzen gara» zeordubait!

Jesusek ez dio gizakion gauari ihes egiten. Gau honetarako etorri da, eta gure gaua sakontasun zapaltzaileenean bizi du. Ez ditu gezurrezko argiak pizten; nahiago du gizakia sakonetik argitara jaso. Grinaren sukarrak erretzen duen horri eskutik heldu eta bizitza baretuko dio. Gaitzak argi guztiak itzali dizkion horri maitasunaren argi berria pizten dio bihotzean. Gaixotasun larriak zauritzen duen horri ohe-ertzean esertzen zaio, berarekin luze egoteko. Hitz huts eta gezurtiek zapaldutako gizaki salduei bere presentzia askatzailea erregalatzen die, poztu daitezen.

Jesusi berari ere eragiten dio gaitzak. Izan ere, gaitzaren kontra ari duen borroka latz honetan eta gaitza barrutik sendatu behar horretan, Jesus ere nekatu egiten da, Jesusi ere «eguzkia sartu ondorengo» ilun-uneak etortzen zaizkio. Eta, goizean goiz, egun berriaren argi bila joaten da bere Aitarengana. Eta maitasunaren bakardadean bere Aitarekin solasean ari dela, haren askatasun-asmoa berritzen du bere bihotzean eta gaitzari borroka egiteko ahalmena berritzen du. Jesusen Aitak gizaki guztion salbazio osoa nahi baitu.

Gaurko fededunok ere, gaitzaren kontrako borrokan nekatuta gu ere, Jesus bezala goizean goiz argi berrien bila jo beharko genuke Aitarekiko harremanera. Gure eliz elkartean, beste gauza asko ez bezala, otoitzerako isiltasuna gero eta gehiago bilatzen da. Ulertu dugu, neurri hobean, otoitzaren arnasaldirik gabe ez daukagula «eguzkia sartu ondoren» zer eginik, barruko argiak ongi piztuta ez baldin badauzkagu.

Eta argiak piztu nola? Jainkoarekin elkarrizketan. Egun guztia borrokan eman nahia, asko egiteko gutxi gaudela eta gelditu nahi eza, jarrera desegilea da. Ez da asko egitearen kontua; askoz gehiago da argiak piztearen kontua. Eta gure eginbehar gero eta handiagoan, gero eta denbora gehiago behar dugu barruko argiak pizteko. Gelditzen ez bagara, gaitzak jango gaitu. Gaitzaren indarra, handia izateaz gain, gupida gabea da.

Bai, gaitzari maitasunetik egiten zaio borroka. Eta maitasuna Aitarekiko bakardadean bizi behar da. Bihotza berritu eta berriro gizartera itzuli, hango gauean, «eguzkia sartu ondoren» datorren ilunaldian, argiak pizteko. Ez zaigu hitz asko eskatzen. Ez zaigu jakintza berririk eskatzen. Maitasunaren argia suabe piztu eta dena poztuko da argiaren inguruan. Eta gaurko gizon eta emakumeek argia nahi dute, argia behar dute. Egon ere, «eguzkia sartu ondoren» aurkitzen baikara!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.