B 6: «Garbi nazakezu»

Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 40-45)

Jesusen eta lepradunen arteko topaketak hunkigarriak dira. Hunkigarriak, seguru asko, Jesus zutelako lepradunek irtenbide bakarra. Gizarte hartako zaborra ziren, beste batzuen artean. Ezin zitezkeen mundu zibilizatura hurbildu. Are gutxiago tenplura, kutsatuak zeudenez. Mendian bakardadean ibili edo egon behar izaten zuten, inor hurbiltzen bazen oihuka jakinaraziz kutsatuak zeudela. Zaborra ziren Legearen aurrean ere, juduen kontzientzia garbiaren aurrean.

Jesus, ordea, beldurrik gabe eta Legeari muzin eginez, hurbiltzen da gaixo hauengana. Gizakion zori ilunean kutsatzera etorri zen eta erabat kutsatzen da. Aitak pertsona baztertu eta gaitzetsi hauengana bidali du eta hauei emango die errukiaren berri. Gizarteak baztertu dituenez gero, garbi esaten die Jainkoak ez dituela baztertzen. Jainkoak onartu eta besarkatu egiten dituela. Eta gaixo onartuok sentitzen duten barne-zirrara horrek ematen dio topaketari hunkigarritasuna.

Beti izan dugu tentazio garbien taldea osatzea, bai gizartean, bai Elizan. Historian zehar ere adibide sonatuak izan dira. Eta garbien taldea osatzeko, zikina urrutiratu beharra dago. Hortik datoz es-tradizioak, es-komunioak, es-klusioak eta beste «es» asko. Garbiketa kanpotik hasten denean, besteen gain uzten da beti zikin guztia. Eta haiek urrutiratzea da bururatzen zaigun aukera bakarra. Zikinak, kutsatuak, gaitzetsiak baztertuz gero, gure gizartea garbi eta onargarri ikus dezakegu.

Elizan ere, historian zehar, beti jakin izan dugu zikina eta kutsagarria ongi mugatzen. Honelako edo halakoak egiten dituztenak dira zikinak. Ez gara konturatzen, zikina ez digutela egiten ditugunek ematen, baizik zikina geuk sortzen dugula geure barruan, eta hortik banatzen dugula geure ingurura. Azalera atera zaigun legena barruko jarreretatik dator. Kanpora zabaltzen ditugun zikinkeriek barruan, oso barruan, izan ohi dute sustraia eta iturburua. Eta barrutik bakarrik letorke irtenbidea.

Jesusek beharrari ez dio bihotza ixten. Jesusek ez dio ez aditua egiten eskari apalari. «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Legendunak, beharbada, azalekoa garbitzeko eskatzen zion, berriro ere gizartera itzuli ahal izateko. Ez zuen besterik behar. Baina Jesusek, azalekoa barrutik datorrela jakinda, barru-barruraino sendatzen du. «Nahi dut, izan zaitez garbi». Eta lepraduna erabat garbi geratzen da.

Baina, bada ñabardura bat San Markosek ahazten ez duena: «Eskua luzatu eta ukitu egin zuen». Hor ikusten da Jesusen jarrera. Bera ez da etorri jendeari lezioak ematera. Bera ez da etorri gaixoen aurrean begira egotera. Jesus ez da barreraz kanpo gelditzen. Gaitzari «ukituz» egiten dio aurre, gaitza bere gain hartuz, gaitzaren ziztada sufrituz. Horretan erakusten zuen bere nagusitasuna. Horregatik bilatzen zuten gaitzak harrapatutako guztiek. Jesus berezia da, oso berezia.

Gaurko eliztar eta fededunok ere badugu zer ikasia franko. Gaurko injustizia, gerra gaizto, manipulazio, zapalketa, eskubideen urratze sistematikoaren aurrean, non gabiltza fededunok?, zertan ari gara? Ez al daukagu zer eginik? Erabat etsi al dugu eta errenditu al gara? Barruko arazo eta auzietan geratu behar al dugu, gure lekua «gaixoen» ondoan dagoela ahazturik?

«Ukitu»: gaixoen ondoan egon, haien larruan; injustizia sufritzen dutenen egoera gertutik bizi eta salatu; lezio, doktrina, hitz eta irakaspenez aski eman dugu; larregi ere. Jesusen jarrera egile eta hurbilekoa mamitu behar dugu geure gizarte zauritu honetan.

Kuriosoa da, eliz elkarteari aurpegi maitagarria ezerk ematen badio, Caritasek ematen diola esango nuke. Alegia, gaixoen eta behartsuen ondoan azaltzeak, gaitza barrutik ukitzeak, sufritzen dutenei aire garbiaren ukitua eramateak. Caritasen lana txalotzekoa ez ezik, segizioaren aitorpen bikaina dela esango nuke. Izan ere, jende asko daukagu «garbi nazakezu» esanez bere sufrimendutik.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.