Abendua B 3: Ez dugu ezagutzen?

Basamortua6(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 6-8.19-28)

Hor daukazu gaurko ebanjelioaren koadroa: Joan bataiatzen ari da Jordan ibaian eta Jesus inguru hartan dabil, baina ez du inork ezagutzen, ez baitu bere burua agertu eta ezagutzera eman. Joanek darabilan ahalegina horretara zuzentzen da, Jesusi bidea zelaitzera.

Abenduak, bere osoan, esperantzarako eskaintza ederra egiteaz gain, galdera handiak uzten dizkigu gaurko fededunoi: Jesus gure artean dabil, uneoro ari gara Jesus ahoan dugula hizketan, baina ezagutzen al dugu?, ba al dakigu nor den? “Zuen artean bada bat, ezagutzen ez duzuena».

Norbaiti gogorrak gerta dakizkioke hitz salatzaile hauek. Ez dugula Jesus ezagutzen? Izan ere, egia da, hari buruz jakin daitekeen gehiena badakigula, dena ez bada ere. Geure bizitzan ezaguntzat jo dezakegu, ezagutzea jakitea izango balitz. Baina, fedearen auzia ez da jakitean eta buruan jokatzen, bihotzean baino. Barruko begiek antzematen al diote Jesusi? Gure maitasunak ba al daki nor den?

Beharbada, Joan Bataiatzaileak falta ditugu gaur egun. Jesus ezagutzera emango digutenak. Harenganako bidea zelaituko digutenak. Testiguak. Geureaz ari gara gehiegi. Eliza eta Elizarenak ditugu arazo eta kezka. Eta Jesus geure jardueraren arrazoi edo aitzakia bihurtuta daukagu. Jesusi ikasi diot maitatu behar dudala eta harengatik maite dut. Jesusi ikasi diot pobreak zaindu behar ditudala eta harengatik hurbiltzen natzaie. Baina, Jesus bera nor da?, zer da?

Gaur Elizaz eta bertan bizi ditugun arazoez asko hitz egiten da, baina Jesusez gutxi. Jesus ezagutzera emango diguten testiguak behar ditugu. Gure Elizak bizi duen arazo larriena, testiguen eskasia da. Jendeak, gizartean, badaki eliztarren pederastiaz, badaki elizaren ondasunez, badaki teologo askoren pentsamoldeaz… Baina, ez daki Jesus nor den. Ez dute Jesusen berri zuzenik. Eta hori ez da egokia.

Gaur ere gordinki entzuten da salaketa: «Zuen artean bada norbait, ezagutzen ez duzuena». Eta ez da kanpokoei egiten zaien salaketa, guri, Jesus ezagutu behar genukeenoi, egiten zaiguna baizik. Jesusez ari gara askotan, Jesusen hitza darabilgu ahotan sarri; baina Jesus ez dugu maite eta, beraz, ez dugu ezagutzen. Eta gure fedeak ez digu ideologia puzteko bestetarako balio. Ez digu harremana sortzeko eta indartzeko balio. Eta, ondorioz, ez digu gizatasuna garatu eta edertzeko balio.

Hau dena gogoan, errepika dezagun, tetiguak behar ditugu gure Elizan eta gure gizartean. Ez asko hitz egingo dutenak, baizik esperientziaren berri emango dutenak, Jesus ezagutzen dutenak, Jesus maitatzeak ematen duen bizi berriaz zerbait adieraz dezaketenak. Aski da hitzez, aski ametsez, aski sasi ilusioz. Jesus erakutsiko duen jendea behar da, eta guri eman zaigu Jesus erakusteko eginkizuna. Baina ahaztu gabe erakusteko aurrena ezagutu egin behar dugula. Harremana bizi behar dugu abiapuntutzat.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.