Bataioa: Leialtasun sendoen garaia da

 JUAN BAUTISTA SANTO...SOLEMNIDAD DE LA NATIVIDAD 24 JUNIO . B. MEGF. DOM. 24 JUNIO 2012.(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 6-11) J

Jesusen bataioa ospatuz burutuko dugu Eguberri aldia. Egu­berriko misterioa geure bizitzari txertatzeko egun egokia da Jesusen bataioarena. Izan ere, haren bataioa ospatzeak geurera eramaten baikaitu eta geureaz jabetzera behartzen. Jesusen bataioa ere era xumean gertatu zen, inolako zarata eta handikeriarik gabe, gure bataioa parrokiko elizkizun apal batean gertatu zen bezalaxe. Ingurua ez zen ohartu, baina Jesusen barruan gertatu zena handia izan zen eta gurean gertatu zena ere bai. Espirituaren festa izan zen bietan.

Jesusen bataioak Jainkoaren salbazio-asmoa erakusten du eta Jesusen bokazioa. Espirituak hartzen du Jesus eta Erreinuaren zerbitzurako igurtzitzen du. Bataio honek azkenerainoko leialtasunean sagaratzen du Nazareteko gaztea, bizitza entregatzerainoko zerbitzuan. Jesusek bere bidea argitu beharko du askotan, Espirituari utzi beharko dio bere hitza esaten; baina bere leialtasunean ez du atzera egingo. Badaki, eta gero eta argiago ikasiko du, Aitaren borondatea egitera etorri dela, eta borondate hori gizakien salbazioa eta askatasun betea dela. Eta «menpetasun» bete horretan iraungo du azkeneraino.

Esan dugu Jesusen bataioak geurea hausnartzera garamatzala. Eta galde genezake gure bataioak zer eskatzen digun gaur eguneko gure bizitzan. Pertsona bezala zer eskatzen dit; eliz kide bezala zer eta gizarteko kide bezala zer? Bataioa ezin dezakegu, noski, elkarte baten zerrendan azaltzeko nortasun-agiri bezala hartu. Bataioak ez gaitu talde baten kide egiten, beste gabe. Bataioa ez da katolikoak garela esateko. Bataioa ez da moral baten iturria soilik.

Gure bataioa, Jesusena bezala, konpromisoa da. Erreinuarekin konpromisoa. Lagun hurkoekin konpromisoa. Giza bideekin konpromisoa. Gizarte berri baten borrokan lotzen gaituen konpromisoa. Pobreen zapalketa salatzera eragiten digun konpromisoa. Baina, batez ere, pertenentzia baten konpromisoa da, Jainkoarekin lotzen gaituen konpromisoa.

Hala ere, aipatu ditugun horiek denak zertan zehazten dira gero eguneroko bizitzan? Ez dago errezeta finkorik. Batentzat bat esan nahiko du eta bestearentzat bestea. Bati konpromiso hau eskatuko dio bataioak eta besteari beste bat. Konpromiso horren aurrean bakoitzaren kontzientziak argitu behar du zer ari zaion Jainkoa eskatzen. Jesusek bezala, bakardadeko otoitzean, Espirituari galdetu beharko dio askotan zer nahi duen Jainkoak. Kristau izatea ez da gauza onak egitea (hori noski!), baizik Jainkoak nahi duena egitea. Jainkoaren nahia dugu konpromiso!

Baina, ezertan laburbildu baliteke aipatzen ari garen konpromisoa, honetan laburbilduko nuke, leialtasunean. Konpromisoak zer eskatzen dion bakoitzari, ez dakit; baina, bakoitzari geurean leialtasuna eskatzen zaigula, bai. Leialtasun handien garaia da. Eta bakoitzak ikusi eta aztertu beharko dugu zer ari zaigun gure Jauna eskatzen eta zertara bidaltzen gaituen. Bakoitzak begiratu beharko du zertan eta nola eraikitzen dugun eskuetan jarri zaigun Erreinua.

Garai zailak bizi ditugu alor askotan. Ekonomiarena bat da, eta ez beharbada garrantzizkoena. Baina giza alorrean ere oso ilun dauzkagu gauzak. Gazako sarraskia, Afrikako ezinak eta miseriak, geure etxeko iluntasunak… Kontua ez da han eta hemen adabakiak jartzen jardutea.

Bataiatuak gara eta bataio horri darion konpromisoak leialtasun sakon baten ildoan jarri gaitu. Garaiak zenbat eta zailagoak izan, orduan eta leialtasun handiagoa eskatzen zaigu. Beharbada, ekonomi arloan ere, leialago jokatu izan bagenu edo leialago jokatuko bagenu, ez zen egungo krisia gertatuko eta, batez ere, ez zen Afrikako miseria gertatuko.

Benetan, leialtasun sendoen garaia da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.