C 10. igandea: Jesusek bizia maite du

Emakumea(Igandeko ebanjelioa: Lk 7, 11-17)
Gaurko ebanjelioan, bere seme bakarra lur ematera daraman ama alarguna ikusten du Jesusek, eta besterik gabe gertatzen da gertatzekoa. Alargun honek ez du eskatzen, ez erregutzen. Jesusek, ama alargun hura negar batean ikusi duenean, errukia sentitzen du, gupida sentitzen du. Eta hurbildu egiten zaio. «Ez egin negarrik».
Ama alargun honen malkoetan, sufritzen ari den gizadi osoa biltzen da. Zenbat ama, zenbat emakume tratu txarrez zukutuak, zenbat triste minbiziaren beltzez, zenbat zahar bakardadean utziak, zenbat etorkin aurrera egiteko baliabiderik gabe, zenbat zokoratu bizi ezinik…
Gaur egun babesik ezak molde asko hartzen du: langabezia, adinekoen bakardadea, pasadizoan doazenak, atzerritar errefuxiatuak… Jesusek Jainkoaren bihotza erakusten du jendearen aurrean. Ez dio emakumeari ezer eskatzen, ezta sinestea ere. Ez dio ezer galdetzen. Ez dio bere jarreraren ezaugarririk eskatzen. «Errukitu egin zen» ikuste hutsez.
Benetako maitasunak behar al du, sufrimenduaz gain, bestelako arrazoirik sentitzeko, hurbiltzeko eta laguntzeko? Jainkoak aski du gizakion sufrimendua bere dohaina guri emateko. Jainkoak denok bizitzea nahi du.
Horrelakoa da Jesusen Jainkoa, negarrez daudenengana makurtua bizi den Jainkoa. Jainkoarentzat ez dago ezer betiko galdua: ez pobreen sufrimendua, ez bizi estreinatu berriaren hondamendia. Zenbat denbora galtzen dugun askotan geure eztabaida sasikoetan: zer ote den eraginkorragoa Jainkoaren Errenua eraikitzeko, egiturak aldatzea edo hondatuen bizitza galdua partekatzea. Alferrikako berriketak.
Biak dira beharrezko. Biek bilatu behar dute, ondo izateko, justizia eta errukia. Politika egin beharra dago. Kontua izango da zer bitarteko erabiltzen diren justizia egiteko. Justizia epe laburrean lortu nahi denean, gogorkeria erabiltzea oso gertuko tentazioa izan ohi da. Eta hori ez da ona. Zokoratuen eta hondatuen sufrimendua partekatzeak bihotza aldatzea eskatzen digu, gogo onez pobre izateko prest azaltzea eta mesianismo azalekoak baztertzea.
Jesusek, bere jardueran, biak ongi erakutsi zituen: zenbat aldiz salatu zuen agintarien jauntxokeria! Zenbat aldiz altxa zuen bere ahotsa idazlari jende-zapaltzaileen kontra! Zenbat aldiz atera behar izan zuen pobreak larrutzen zituzten jardueren eta legeen kontra! Baina, beste askotan, gaurkoan bezala, Jesus errukiaren ariketa askatzailean ikusten dugu. Beste askotan bezala, bere hurbiltasunez, pobreen bizia zaintzen ikusten dugu. Jesus pobreen biziaren alde ateratzen da beti, era batera edo bestera!
Pobreen aldeko konpromisoak, noski, diszernimentua eskatzen du eta nor beraren barne-berritze sakona. Mesianismo apartsuetan ibiltzea ez da, ez ona, ez eraginkorra. Mesianismo arinek ez dute jende apala zapaldu besterik egiten.
Hori bai, fededunaren bihotzari beti errukiak eragin behar dio. Horrek, begiak zabalik eramatea eskatzen du aurrena. Begiak zabalik sufrimendua ikusteko. Ez dugu askotan geure ondo-ondoko sufrimendua ere ikusten. Geure ondokoak ez ezik, mundu osoko sufrimenduak ere etxean dauzkagu komunikabideei esker. Haien gertuan egoteko erakundeak ere ez zaizkigu falta. Ahalegin sakona egin behar du fededuna, sakona eta iraunkorra.
Kontua da mundua tristetzen duten hainbeste zerraldoren ondoan azaltzea. Ezin diezaiokegu sufrimenduari ezikusia egin. Jainkoak badaki, eta horretarako behar gaitu, gaixoen ondoan azaltzen. Horretarako behar gaitu. Jesus bezala, gu ere mundura bidali gaitu, gu ikusten gaituztenek Aita onaren bihotz errukitsua ezagutu dezaten. Jainko gogorra urte gehiegiz hots egin eta zabaldu dugu.
Orain, eta bada garaia!, Jesusek eta Jesusen Jainkoak bizia maite dutela erakutsi behar dugu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.