C 11: Emakumea

Emakumea(Igandeko ebanjelioa: Lk 7, 36 – 8, 3)
Gaurko ebanjelioa maila desberdinetan irakur daiteke. Hor dago gai nagusi bekatuen barkamena. Bekatu aitortutik eta barkazio eskertutik beti sortzen da bizi berria. Hor dago fariseu tentearen eta emakume apalduaren arteko kontraposizioa. Jesus bekatarien mahaira etorri da eta fariseu «zintzoaren» bihotz-gogorkeria salatu eta bistaratu egiten du. Legearen erlijioa erabat bazterrera uzten du Jesusen eskaintzak. Legeak askotan Jainkoari ihes egiteko bidea eman baitigu. Maitasunaren esperientzia beste gauza bat da.
Gaurko ebanjelioa, baina, Jesusekin doazen emakumeei begira amaitzen da. Oso adierazgarria da hori. Eta jokaera oso «hauslea». Honetan ere Jesus erabat iraultzaile azaltzen da. Emakumeekiko Jesusen jarrerak orduko eskema guztiak apurtu zituen. Emakumeak bidelgaun onartu zituen, garai hartako rabino batentzat hori erabat pentsaezina bazen ere. Eta emakume horiek bere ikasle eta segitzaile bezala onartu zituen, txokagarria bazen ere.
Gizarte diskriminatzaile hartan emakumeak ez zeukan inolako babesik. Emakumearen hitzak ez zuen inolako baliorik, ezta auzitegien aurrean ere. Jarrera horren aurrean, ikusgarria gertatzen da: emakumearen hitzak baliorik ez zuenean, Jesusek bere piztueraren lehen testigu emakumeak egiten ditu. Bistakoa da emakumeari bestelako balioa aitortzen diola Jesusek. Gaur egun erreferentzi puntu ederra daukagu Jesusen jokalege honetan, ikasi nahi izango bagenu.
Badakigu gaur egun modan dagoela emakumearen gai hau. Baina, modan egoteaz gain, ondorio ikusgarriak dakartza berekin. Gizakiak balio goren eta duina lortzen ez duen lekuan, han agertzen da Jesusen mezua, gizartean nagusi den jokalegea salatzen eta justiziazko eta askatasunezko etorkizun berria agintzen. Gaurko ebanjelioko emakume bekatariarekin hori egiten du, pertsona hark legeak baino gehiago balio duela aitortuz eta emakume apalduaren maitasun-zeinuak bere balioan jarriz.
Ez nuke demagogia errazegian erori nahi, feminismoa goralduz. Baina, ezin dezakegu inolaz ere ukatu arazo handia daukagula, bai gizartean eta bai Elizan, emakumearen duintasuna zor zaion mailan jartzeko. Mende asko ditugu kultura matxista eta baztertzailearen azpian. Erlijioek ez dute kultura hori sendotu besterik egin. Gizonezkoa eta emakumezkoa ezin daitezkeela Jainkoaren aurrean bereizi, hori esan zuen San Paulok; baina Elizak ez du oraindik bere onenean ulertu hori.
Eta gaur egun Eliza gizartea bera baino atzeragotik dabil emakumearen duintasuna aitortzeko orduan. Izan ere, ez da teoria handien kontua. Emakumeei erabakiak hartzeko bidea ireki behar zaie eta benetako berdintasuna aitortu, hori da kontua.
Oinarrian, elkarrekiko beldurrak eragiten digu gure kultura matxista honetan. Eta duintasunaren aldeko borroka hau mekanismo gehiegik galgatzen dute. Ezin dezakegu emakumearengan gure etsaia ikusi. Bai gizonezkoak bai emakumeak gizaki guztien duintasuna aitortu behar dute, Jainkoaren eskuak bakoitzarengan itsatsi duen balioa estimatuz. Eta duintasunari berdintasun betea opaz, aurreragoko pausoa eman behar dugu, horretarako jaso izan ditugun kultur rolak alde batera utziz: gizakiaren berezko duintasuna deskubritu eta maitasunean bata bestearentzat izatearen misterio bikaina deskubritu.
Emakumeak, bere duintasuna aitortua ikusteko, ez dauka emakumetasuna, bere izanbide afektiboa, alde batera utzi beharrik. Gizonezkoak, berriz, bere beldur gordeak gainditu behar ditu, emakumearengana bihotzez irekiz. Eta duintasunean berdin eta izaeran ezberdin direnen elkartasunean garatuko da Jainkoak eman digun giza bokazioaren edertasun betea. Jesusek hala erakusten digu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.