C 12: Nor naiz zuretzat?

1221-SANTO-TOMAS-1(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 18-24)
Gaur irakurtzen dugun pasarteak, ebanjelari guztiengan garrantzi handia du. Lukasenean ere bai. Halako mugarri bat bezala da. Orain arte arrakasta lortu du Jesusek. Jende ugari izan du inguruan. Ezaugarri asko eman dio jendeari, gaixoak sendatuz eta nahigabetuak poztuz. Jendeak, bere aldetik, beteak ikusi ditu bere espektatibak. Aspalditik agindua zeukaten mesias hemen da. Eta ikasleak ere antzera. Beraiek ziren mesias horren segitzaileak, eta Jesusi ikusten zizkioten ahalbideekin seguru sentitzen ziren. Azkenean iritsia zen espero zutena, herria askatu eta behar guztiak beteko zituena.
Igande honetan irakurtzen dugun pasartean aldaketa handia dator. Ebanjelioaren bigarren atala hasten da, segizioarena. Eta Jesusek bere bidea argitzen duen neurrian, gauzak okerrago ikusten hasten dira ikasleak, eta jendea ere bai. Orain arte jendea ugaltzen ari baldin bazitzaion, hemendik aurrera gutxitzen joango zaio, gurutzeko bakardadera arte. Hasierako arrakastak frakasoari ematen dio paso. Eta frakasoa izango da, hain justu, mesiastasuna erakutsi eta ikusteko bide.
Aldaketa kopernikano honen abiapuntuan, galdera bat dago, ordea: «Zuek nor naizela diozue?». Erantzun informatibo bat eman behar izan balitzaio, ondo. Hori erraza zen. Orain arte gauzak nola izan diren, zer egin duen eta zer ez, jendeak nola erantzun duen… Pasadizo bat edo beste gogoratzea izan balitz, ondo: halako mirari hura, halako gaixo hura… Eta jendeak nola ikusten duen eta beragandik zer espero duen eta esatea izan  balitz, hori erraza izan zitekeen oso.
Baina, Jesusek ez du hori galdetzen eta eskatzen. Jesusen galderak konpromiso handia eta pertsonala dauka barnean. Barrua eta barruko sentimendua harrapatzen duen galdera da. «Zuretzat nor naiz?». Esango balu bezala: zuk zer espero duzu niregandik, zuk zeure bihotz eta itxaropen osoa niregan jarrita al daukazu? Zuk zer bilatzen duzu, nik egiten dudana edo neu bilatzen nauzu? Zuk, nik eman dezakedan herriaren askatasuna espero duzu ala nirea izan nahi duzu?
Pedrok, ikasle guztien sentimendua bilduz seguru asko, erantzuten du: «Zu Mesias zara». Badakigu Pedrok ez zuela esaldi hau oso gerora arte ulertu. Ezin zuela onartu Jesus gurutze-bidetik mesias izatea. Berak ere, jende gehienak bezalaxe, ezaugarri handien mesiasa espero zuen. Baina, Pedroren hitz hauetan, profezia handia dago gordeta. Gurutze-Pazkoko argitasunak argi egingo zuen mundu guztiko eta garai guztietako fededunen bihotzean. Eta orduan ulertuko zuten Pedrok eta fededun guztiek zer esan nahi zuen eta zer esan nahi duen Mesias izatea.
Guk ere hortxe daukagu galdera eta konpromisoa. Hortxe daukagu fededun bakoitzak eta elkarte osoak. Nor da Jesus, zer da Jesus? Bakoitzak geure bihotzerako bide egokiak bilatzen ditugunean, nor da eta zer da Jesus? Oraintxe bertan zertan zehazten da Jesusekiko zure pertenentzia? Gaur ere, guk ere, mesiastasun adierazgarriak eta bistosoak espero ditugu, nahi ditugu? Ala ulertu dugu Jesusen ezereztasunetik doala pazko-bidea? Ulertu al dugu eliz elkarteak ere ezin duela bere arrakasta-frakasoen harian ulertu Jesusen mesiastasuna? Gaurko ezereztea eta gutxitzea eta moteltzea eta, benetako segizio bihurtzeko prest al gaude
Badakigu Jesusen ezagutza eta harekiko aitormena askotan azalean geratzen zaizkigula. Gure eliz elkarteari ere Jesusen ezagutza eta aitortza berria falta zaizkio. Ez dakigu zertarako gauden Elizan. Ez dakigu zer sentidu eduki dezakeen Elizan bizitzeak. Ez dakigu nora garamatzan gure bide erori honek. Baina, hori guztia baino sakonagoan atergabe jotzen du galderak: «Nor naizela diozu?». Eta erantzunak, erantzun xume eta pobreak, erantzun beldurti eta dardaratiak, erantzun zalantzatsu eta ahopekoak aitortu dezake bihotzaren sentimendu gordea: «Hala eta guztiz ere, maite zaitut».
Gure etorkizuna, fededun bezala bizi dugun etorkizuna, galdera baten aurrean jokatzen dugu. Eta ematen dugun erantzunak erakusten du gure fede-bizitzaren pulamentua. Jesusek egiten digun galdera, benetan erabakiorra baita. Gaur ere bai!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.