C 13: Aitzakia ugari

Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 51-62)
Jesusek, aurreko igandean ikusi genuenez, gurutze-biderako erabaki sendoa hartu du. Ikasleak ere hartara gonbidatu ditu. Ikasleen ezbaia badakigu: edozein balentria egiteko prest daude, baina ezin dituzte beren lokarri afektiboak askatu. Ez da harritzekoa Jesus bakarrik sentitzea. Jesusek ulertzen du ikasleen ezintasuna ere. Ikasleek, une jakin batean, sekulakoak egingo lituzkete Jesusengatik, baina eguneroko txikian eta xumean Jesusen bidean aurrera egitea, zaila da.
Erradikalak izan behar omen dugu Jesusen segizioan. Erradikaltasun-hitz handi eta aho betekoak erabiltzea erraza da, geure handikeriak haizetaratzeko. Baina, erradikaltasunak geure burua besteren esku uztea esan nahi du, Jesusek Aitari erakutsi zion menpetasun hartan sartzea. Guri, ordea, uretan sartu bai, baina arropak lehorrean utzita sartzea gustatzen zaigu. Jesus maitatu bai, baina geuretzat ere tarteak gordeta. Familia utzi behar dela erradikaltasun heroiko baten argitan? Utzi egingo dut.
Baina ez da hori. Erabat Jesusena izatea da kontua. Jesusen pertsonari nire osotasuna izaten uztea. Gauza handiak, portaera miragarriak, bidera ditzakegu; baina horretan, geure buruaren segurantza bila dezakegu. Zenbat arau bete izan dugun bizitzan, geure buruarekin seguru sentitzeko! Maitasun handia behar da, segurantzarik gabe, harena izaten ausartzeko. Maitasun horrek bai izan behar duela erradikala!
Hau horrela izanik, auzia ez da kasuistika berezietan sartzea. Batengan era batera gertatzen da deia eta segizioa; bestearengan beste era batera. Kontua baina ez da nola, zer baizik. Jesusen segizioaren dinamika da oinarrizkoa. Gaurko ebanjelio-testua irakurtzean, batek pentsatuko luke Jesus apaiz eta erlijiosa/soentzat ari dela. Eta kristau normalari ez dagozkiola era honetako erradikaltasunak. Segizioaren kontu horiek «perfekziora deituentzat» ote diren, alegia.
Kristaua, edozein kristau, erradikaltasunera deitua ez balego bezala! Kasuistikak dira beste horiek, eranskinak. Kristauak badaki, jakin behar luke, norena den, nori zor dion bere guztia.
Hori horrela, nahiz eta senarra edo emaztea eduki, nahiz eta norengan atseden hartua eduki. Horietan guztietan Jesusena izatea da oinarrizkoa. Zergatik ote da, hain jende gutxi iristea Jesusekiko lotura afektibo eta fedezko honetara? Zergatik ote da? Auskalo! Ez nintzateke ausartuko galdera horri erantzuna ematen. Bakoitzak ikusi beharko bere barruko ibilbidea.
Gauza hauxe da: guretako bakoitza deituak garela Jesusen Hitza entzun eta erantzutera. Gero, erantzun horren zehaztasuna desberdina izango da erlijioso/sa batengan edo ezkondu batengan. Baina erantzunaren dinamika berdin-berdina. Ebanjelio-zati honen ondoan, gaurko liturgiak, 15. salmoa jartzen digu egoki asko: «Zu zaitut nire on». Esaldi horrek biltzen du erantzun osoa.
Etxekoak agurtu, etxekoei lur eman… Lege sakratuenak bi­hur daitezke, gero, aitzakia! Arrazoi horiek ez al dira inportanteegiak, gauzak bere onetik ateratzeko? Berriro ere kasuistika! Norbaitek pentsatzen badu Jesusen deia gogorregia eta zitalegia dela mundu honetako harremanetarako, ez du ondo pentsatzen. Hotz-hotzean planteatzen bada segizioa, benetan gogorra eta zitala da. Baina, oinarrian beste guztia gainditzen duen maitasun ederra baldin badago… Kanpotik begiratuta erokeriatzat jotzen ditugun jokabide asko eginarazten dizkigu maitasunak. Baina, maite duenari ez zaizkio erokeriak iruditzen. Hori ulertzekoa baldin bada giza maitasunean, zergatik ez du egia izan behar Jesusekiko maitasunean?
Gauza inportanteak dauzkagu egiteko: familia sortu eta aurrera atera, seme-alabak hezi, eguneroko lana… Jesusen horrek itxaron dezake. Aitzakiak! Gure aitzakiak!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.