C 13: Bideko jarrerak

(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 51-62)

«Jainkoak bete du garaia» eta bidea Jerusalemera begira jarri da. Ez da berezko gauza, baizik «erabaki sendo» baten jarrera. Jerusalemerako bideak ez dio inolako erraztasunik ekartzen, zailtasunak eta errefusa bakarrik. Jesusen bide honi ez diote tankerarik hartzen ikasleek, Santiagok eta Joanek behintzat ez. «Tximista eta sua» eskatzen dituzte, errefusa eta gaitzespenaren aurrean. Ez dakite bidearen berri eta «Jesusek haserre egiten die».

Jesusi jarraitu nahi dionak badaki bidea, Jerusalemera daramana. Arrisku asko eta handiak dituen bidea da. Jesusi zori gaiztoa prantatzen dion bidea da. Inolako babesik eskaintzen ez duen bidea. Baina, erabakia hartua dauka Jesusek eta ez du ezerk atzera botako erabaki horretan: Jainkoaren Erreinua aldarrikatu behar du hiriburuan, horretarako etorri baitzen.

Jesusen segizioak berekin dituen eskakizunak eta berekin duen moldea, hiru adibidetan ematen zaigu. Lehenengoa dena utzi eta, noranahi doala, jarraitzeko prest azaltzen zaio. Jesusek garbi jakinarazten dio zer egokituko zaion bide horretan: inolako segurantzarik ez du izango, berak ere ez dauka non lo eginik. Ikasleak berdin.

Biluztasun gorrri honek beldurra ematen digu gaurko kristauoi ere. Segurantza askotatik gatoz. Jesusen bideak ez du, ordea, giza segurantzarik. Segizioaren abentura babesik gabea da, erreinuaren suak berotua. Gure erosotasunek barru-barrutik kateatuta gauzkate. Geure sinesmena lotua daukagu.

Besteak aurrena bere aitari lur eman nahi dio eta gero joango zaio atzetik. Jesusen hitzak gordinak dira: «Utzi hilei beren hilei lur ematen». Erdipurdikeriarik ez. Azalkeriarik ez. Erabatekoa da segizioa. Familia inportantea izanik, ez da dena. Gure sinesmenaren zerumugak era zabalagoan prantatu behar ditugu. Guk bizitzaren muina era irekiagoan, gizon-emakumeen beharren zabaleroan bizi behar dugu.

Hirugarrenak, berriz, Jesusi jarraitu nahi dio bai, baina aurrena bere familiari agur esan behar dio. Behin goldeari helduz gero, ez da atzera begiratu behar. Jesusi jarraitu nahi dionak aurrera begiratu behar du, ez atzera. Aurrera ondorio guztiekin. Ez du ezerk lotu behar.

Gaur egungo Elizak, guk osatzen dugun Eliza honek, badu testu argi hauetan zer hausnartua eta zer jasoa. Zer ari zaigu gertatzen, berritzea hainbeste kostatzeko? Aita Santu berria dela eta, berrialdia espero dugu. Baina geu prest al gaude berritzeko. Erromatik espero al dugu berrialdia? Bakoitzak geure egian jaso behar ditugu gaurko deiaren oihartzunak. Bakoitzari ari zaigu Jesus, bakoitzari eta denoi. Jesusen segizioak ez du aitzakiarik ametitzen. Beharbada beldurra sentitzen dugu, Jainkoak geure bizilegetik ateratzeak izutu egiten gaitu. Baina gaur argi eta garbi egiten zaigu dei, bideko jarrerak garbitu eta sendotu ditzagun. Hor eta horrela nahi gaitu Jesusek.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.