C 14: Bakea etxe honi

Eskuak(Igandeko ebanjelioa: Lk 10, 1-12.17-20)
Ebanjelioaren edertasuna bere baitan biltzen duen hitz egokirik baldin bada, hitz hori bakea da. Gure Jau­nak eman nahi dizkigun ondasun guztiak biltzen ditu bakeak. Jaunaren bedeinkazioa da bakea. Horregatik, Je­su­sek bere ikasleak herriz herri bidaltzen dituenean, Berri Onaren mezua zabaltzera, agindu hau ematen die: ba­ke­az agurtzeko jendea. «Bakea etxe honi», horixe dute beren agurra!
Izan ere, Jesusen ulerkeran, bakea ez da gerrarik eza. Bakea ez da istilurik ez izatea. Bakea ez da harreman l­a­sai baten gozotan bizitzea. Bakea ez da eztabaidarik eza. Bakea ez da isiltzeko gaitasuna. Ezta burua etsi­pe­nez makurtzea ere. Bakea ez da aginteari apalki amen esatea. Bakea ez da gauzak bere horretan uztea, hau­tsak astintzeak kontzientziak aztoratzen omen dizkigulako. Bakea ez da, beraz, jarrera pasiboa, ezer ez egitea, gau­zak ez nahastea.
Bakeak jarrera egilea, eragilea, eskatzen du eta sortzen du. Bakea on eginez bideratzen da. Bakea egin nahi du­e­nak, bere buruaz ahazten ere jakin behar du, bere interesak bigarren tokian jartzen, galtzen ikasi behar du. Izan ere, ingurukoari on egin nahi dionak, hurko horrek zer behar duen galdetu beharko du. Eta behar ho­rri erantzun egokia emateko ahaleginak egin beharko ditu. Bestela, aho betean erabiliko du bake hi­tza, bai­na ahoan lehertuko zaio hitz hori.
Bakearen beharrez dagoen «uzta ugaria da». Hori esaten du behintzat Jesusek. Bakearen dohaina landu nahi dutenak, berriz, gutxi. Denok nahi omen dugu bakea! Gehiengoak behintzat bai! Hala esaten da eta hala izango da.
Baina, non dira bada bakea landu nahi dutenak? Non dira gure herri honetan, besoak tolestatuta ba­kea eskatzetik, egunero bakearen kultura lantzera igaro direnak? Non dira, bestelako interesik gabe bakea bi­latzen dutenak? Non dira, bakea alderdikerien sokatira bihurtu ordez, bakearen bila jator eta onradu­tasu­nez jarri direnak? Bake-eskari asko zergatik gertatzen da susmagarri gaur gure artean? Bake-eskari askoren azpian zer da­go? Zer gordetzen da bakearen tapakipean?
«Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet». Arkumea tolesgabea da, garbia da, zuzen doa, ez du azpijokorik. Azpijokoak eta bigarren intentzioak ez du bakerik sortuko, ez baitu ezer onik sortzen, susmoa besterik. Eta bere otzantasunez eta bere garbitasunez, arkumeak bakea sortzen du, bakea ezartzen du. Otsoak ez daki bakea egiten. Bakea ezin daiteke indarrez ezarri. Horregatik presioa eta tirabira ez dira bide egokia bakea sortzeko eta bilatzeko. Gauzak efikaziaren ikuspegitik begiratu nahi dituenak, eskubide osoa du horretarako. Baina garbitasunak eta xalotasunak askoz bide gehiago urratzen du.
Efikaziak kalkulo gehiegi darama bere barnean, bakea sortu ahal izateko. Garaitu nahiz dabilena ez dabil bake bila. Gauzak berak nahi eta pentsatu bezala mamitu nahi dituenak, eta bestelako biderik inolaz onartu nahi ez duenak, ez du bakea bilatzen.
Beharbada, hemen gertatzen ari zaiguna zera da: ez dugula bakearen kultura landu. Eta gogorkeriaren giroak bere emaitzak ekarri dizkigula etxeko baratzera. Txiki-txikitatik bakearen kultura bideratzen ikasten ez badugu, akaso indarkeria errenditzea lortuko da, akaso gerrarik ez izatea ere lortuko da, akaso gatazkak eta tirabirak lasatuko dira, baina, hala ere, ez dugu bakerik izango. Bakeak barrua bakez edukitzea eskatzen du eta hori ez da nolanahi sortzen.
Denok, egunero eta ahaleginez, bakea opa behar diogu gure herri honi. Goazen eguneroko eginkizunetara enkargu hau eramatera: «Bakea etxe honi!».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.