C 15: Zaurituen bidean

Trinidad samaritana(Igandeko ebanjelioa: Lk 10, 25-37)

«Zoazte» entzun genuen joan zen igandean. Nora joan baina? Zaurituen bidera! Maitasunaren bideak dira hartu behar ditugunak eta maitasunaren bideek zaurituengana garamatzate. Jesusek, Jerusaleme-rantz abiatu zenean, ondo zekien Jerusalemerako bidea nondik zihoan eta Jerusalemeko helmuga ere zaurituengan izango zuela. Jesusen bide guztiak maitasunetik bakarrik uler baitaitezke, ez dago beste gakorik.

Maitasunaren galdera egin dio legegizonak, gizaki guztiok egiten dugun galdera. Azken batean, maitasunaren gorabeheran jokatzen da giza bizitza osoa. Noski, maitasuna idealiza daiteke, poetizatu daiteke, sentimendu hutsean utz daiteke. Horregatik, oso ongi dator legegizonaren galdera, maitasunari buruzko zehaztasunak eskatuz. Jesusek parabolaz erantzuten dio, gehienetan egin ohi zuen bezala.

Eta parabola bidez, Jesusek zaurituaren bidera eramaten gaitu. Bideko zauritua bihurtzen da historia osoaren erdigune. Horra biltzen da Jesus. Horra, Jesusen errukia, Horra, maitasunean bizi nahi duen ororen ardura. Zauritua bihurtzen da maitasun-historiaren ardatz.

Zaurituaren inguruan badira beste bideak. Apaizak ihes egiteko hartzen duena. Lebitarrak hartzen duen zeharbidea. Baina, Jesusek zaurituaren ondora garamatza, samariar onaren eskutik. Hor gertatzen da maitasuna. Hor gorpuzten benetako maitasunaren muina. Bide horretan eta bideko gune horretan kokatzen da Jesusen pazko-misterio osoa. Jainkoak lagun hurko zauritua jarri digu begien aurrean, maitasuna bizitzekotan.

Gaurko Elizak eta gaurko kristauak hor du jokabidea zehaztua. Bide bazterreko zaurituak ditugu gure ardura eta kezka. Beste arazo guztiek ezin diezagukete zauritua ahaztuarazi. Jainkoaren bihotza zaurituaren erdigunera zuzentzen da beti. Eta Jesusen bide guztiek ere zaurituaren mundu sufritura jotzen dute. Zauritua non, Jesus han!

Giza bizitzaren ohiko saminak direla, ezinaren esperientziak direla, gaitzaren eraso azkengabea dela, gaur egungo krisialdi zitala dela, jende asko dago zauritua. Bide bazter askotan ikus daitezke egoeraren biktimak. Horiekiko jokabidean jokatzen ditu fededunak eta Eliza osoak bere sinesgarritasuna eta bere egia.

Zeharbide asko asma dezakegu guk ere. Pentsa, erlijioa bera irits daiteke zeharbide eta ihesbide izatera. Era askotako aitzakiak asma daitezke zaurituaren bidea alde batera utzi eta ahazteko. Doktrina zuzenak zertarako ditugu, sufritzen dutenen ondoan ez bagaude? Zertarako ditugu gure zintzotasunak, zaurituaren ondoan ez bagaude? Zertarako ditugu gure elizkizunak, zaurituaren ondora eramaten ez bagaituzte?

Kristauen bidea, Jesusen jarraitzaileen bidea, zaurituaren bide beretik doa beti. Beste bide guztiek ez gaituzte urrutira eramango edo Jesusengandik urrutira eramango gaituzte. Gu, zaurituaren bidean!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.