C 16: Martakeriak

Liburua argia(Eguneko Ebanjelioa: Lk 10, 38-42)
Horra koadroa: Jesus Lazaroren etxera iritsi da, adiskidetasunezko bisita egitera. Eta, beti bezala, harrera gozoa egin diote. Marta han dabil, gorputza bete lan duela, iritsi berria den bisitariari behar duen guztia eman nahirik. Gustura egongo litzateke Jesusen ondoan bere ahizpa bezala, haren ahoko hitz beteak entzuten.
Baina, etxeko lanek ez diote uzten. Mariak, berriz, bestela jokatzen du: beste gauza guztiak baino ederragoa iruditzen zaio Maisuaren hitz graziadunak jasotzea, harekin egotea, bizitzari arnasa ematea, lanean itolarri ibili ordez.
Eta jakina!, sesioa sortzen da berehala: Zergatik ez dio Mariak laguntzen Martari etxeko lanak egiten? Zergatik kezkatu behar du batek bakarrik, besteak gozo gozatzen duen bitartean?
Eta guk, ekintzazaleok, Martari arrazoin ematera jotzen dugu. Kontenplazioak eta egoteak eta horrelakoek, esaten dugu, ez dute ezertxo ere balio, ekintzara eramaten ez bagaituzte.
Eta gainera, kontenplazioaren eta ekintzaren arteko borroka eta etena sortzera ere iritsi gara. Eta teoria handiak egin ditugu, esanez hemen kontua egitea dela eta ez gogo-gozo egotea. Ekintza eta egintza gabeko fedeak ez duela, alegia, ezer­txo ere balio! Eta bide horretatik kontenplazioak halako susmo txarra ematen digu.
Jesus kontenplazioaren alde atera dela? Ez dut uste Jesusek kontenplazioa eta ekintza gatazkan edo borrokan jartzen dituenik. Jesusek gaurko ebanjelioan ez du kontenplazioa goratzen ekintzaren kontra. Ez, ez!
Mariaren jarrera goresten du, Martarenaren aurrean. Zergatik hori? Marta atsekabez dabilelako, «antsietatez». Eta atsekabeak ez du atarramentu onik. Dena dominatu nahia, dena kontrolpean eduki nahia, dena eskuerara eduki nahia, ez da batere lagun ona bizitzarako. Hori da Jesusek esan nahi duena.
Nahiz egon nahiz jardun, nahiz kontenplazioan nahiz ekintzan, kontua da Jesusekin izatea!
Beraz, Martak gaizki egiten duena ez da egiten duen lana, atsekabez itota jardutea baizik. Denetara iri­tsi nahi du eta, beharbada, bizitzeko inportanteena ahaztu egin du: Jesusena izatea eta haren hitza entzutea!
Mariak, berriz, aukera ona egin du, inportanteena aukeratu du: pertsona barrutik batzen duen maitasuna bizi eta gozatzea!
Martak ez du berehalakoa besterik ikusten, Mariak urrutira begiratzen duen bitartean. Hortxe dago kakoa! Eta Mariari ez dio inork kenduko aukeratu duen ondare onena, maitasunarena!
Maitasuna ekintzetan erakutsi behar dela? Noski! Baina ez dezagun ahaztu ekintzek ez dutela maitasuna  irabazten. Maitasunaren barne-arnasa falta zaion ekintzari azkar erretzen zaizkio indarrak. Eta kontua da, egunero ekintzara garamatzan maitasunaren arriskua onartzea.
Arriskua esan dut, beregan arriskurik eta konpromisorik ez duen maitasuna ez baita Ebanjelioari dagokiona. Maitasuna gordin eta bizi bizi behar da. Jainkoaren presentzia gordin eta bizi sentitu behar da. Zenbat ekintza bihurtzen ote zaizkigu, Jainkoarekin egotetik ihes egiteko babes kobarde? Maitasunak eta maite gaituenarekin egoteak asko eta sakon konprometitzen baitu. Martakeria askotxo erabili ohi dugu maitasunari ihes egiteko.
Gaurko Ebanjelio-zatiak gure bizitzaren ordutegiak berrikustera eraman beharko gintuzke. Zenbat denbora daukat gordea, propio gordea, maitearekin topo egin eta egoteko? Zenbat denbora eskaintzen diot nire Jainkoari? Gure ordutegiek beharrezkoen jakituria berreskuratu beharko lukete. Denbora askotxo ematen baitiogu hain beharrezkoa ez denari. Beti urjenteetan gabiltza, gutxitxo inportanteetan. Betaniako Mariaren jarrera osoak erakutsiko digu muinera jotzen. Martakeriak utzi eta etor gaitezen Mariaren jokaera konprometitu horretara. Seguru asko, gure bizitzaren ardatzak berreskuratuko genituzke. Eta, batez ere, maitasuna berreskuratuko genuke. Jainkoarena eta lagun hurkoarena!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.