C 15: Nortasun-agiria

Pobreak2(Igandeko ebanjelioa: Lk 10, 25-37)
Jesusek, bere Erreinuaren bizibidea eta muina bere jarraitzaileoi laburbildu nahi izan zigunean, honetan utzi zigun laburbildua: maitasunean. «Maita ezazue elkar», horixe dugu «agindu bakarra». Are gehiago: Jesusen jarraitzaile nor den edo nor ez den ezagutzeko irizpide bakarra, maitasuna dugu. Maitasunaren klabe honetatik neurtu behar ditugu, beraz, beste gauza eta jokaera guztiak.
Zer egin behar dut nik, nire bizitzari baliozko maila emateko? Zerk emango dio nire bizitzari betetasuna? Eta galdera honen erantzunak ugaltzen saiatzen gara geure bizitzan, han eta hemen, honetan eta hartan, honela eta hala. Jesusek, parabola xume eta argi batean, dotore agertu digu zerk eman diezaioken goitasuna eta bikaintasuna bizitzari: maitasun desinteresatuak. Maitasunean ematen du pertsona bakoitzak bere neurria. Eta maitasunak ematen du pertsona bakoitzaren balioa.
Samariar onaren parabolak detaile oso politak ematen dizkigu, ez ahaztekoak. Lehenengoa: Jesusek misioaren pasadizoaren ostean jarri du samariar onaren parabola hau. Zergatik edo zertarako? Ikasleak, Erreinua hots egitera dihoazenean, ez daitezen adarretan ibili, muin-muinera jo dezaten. Eta muina maitasuna dela erakusteko, maitasuna ez den guztia adarrak, eranskinak direla esateko. Misioa, Jainkoaren maitasuna azaltzea da. Misioa, beraz, maitasuna da.
Beste detailetxoa, parabolako protagonista samariarra izatea. Samariarra edo paganoa, legez kanpokoa, etsaia. Zenbaitek egiten duen galderak erantzuna garbi dauka: «Ateo bat sartu ote daiteke Jainkoaren Erreinuan?». Gizon zauriatuarengana maitasunez hurbiltzen den pagano honek Erreinuko maitasun-bidea egin du eta Jesusen ikasle azaldu da. Nahiz eta berak ez jakin. Maitatu egin du, eta maitasunak erakusten du Erreinuaren presentzia eta ikaslearen egia edo gezurra. Hortik aurrerakoak, maitasuna falta dugunean, azalkeria eta tapaki bihurtzen zaizkigu. Maitasuna da ikaslearen nortasun-agiria.
Hirugarren detailea, samariarrak ez duela inondik inora ezagutzen zaurituta dagoen pertsona. Maitasunak ez du begiratzen azaleko detailerik.
Maitasunak, beharrean dagoen edonor bilatzen du eta hura zerbi­tzatzen du, bestelako kalkulorik gabe. Maitasunak ez baitaki kalkulatzen. Premian aurkitzen den oro, aurrean daukadan pertsona oro, lagun hurko egiten jakin behar du Jesusen ikasleak. Hari honetatik, Jesusek ez dio erantzuten zuzen-zuzen, idazlariak egindako galderari: «Nor da nire lagun hurko?». Jesusek, galdera horretatik oso aurrera eginez, noren lagun hurko egin behar dudan esaten dit. Ez, beraz, nor den nire lagun hurko, noren lagun hurko naizen baizik. Detaile adierazgarria.
Geure herrian eta geure inguruan zauritu askotxo daukagu bide bazterrean utzia. Eta hori horrela den bitartean, bestelako ideia eta gogoeta sakonekin ibiltzeak ezer gutxitarako balio digu. Gure herri honetan maitasunaren testigantza ematea da kontua. Eta beste gauza asko hitzez ere esplika daitezke, baina maitasuna adierazi, era bakar batean adieraz daiteke, maitatuz. Jesusen ikasle izatea estimatzen duenak, badaki zer egin, maitatu! Eta dena maitasunetik neurtu!
Nor maitatu? Behar duena! Edonor! Maitasunak ez du begiratzen ez nor eta ez nongorik. Maitasunak bihotz zabala du. Zenbat maitatu? Zaurituak behar duen adinaxe! Maitasunak ez du kalkulorik egiten. Nola maitatu? Behar duenak behar duen bezala! Eta egintzez maitatu, maitasun eginkorrez! Zergatik maitatu? Bihotzetik maitasuna sortzen zaizulako! Eta horrela maitatuz gero, Jesusen ikasle izango zara! Maitasuna duzu Jesusen ikaslearen nortasun-agiria!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.