C 17: Konfiantza ikasten

Eskuak(Igandeko ebanjelioa: Lk 11, 1-13)
Gaurko ebanjelio-zatiak otoitzaren barrua aztertzera gakartza. «Jauna, erakuts iezaguzu otoitz egiten». Eta Jesusek, otoitza egiten baino gehiago, otoitzaren bihotzera jotzen erakusten die bere ikasleei. «Esan “Gure Aita, zerietan zarena”». Jesusek, otoitzaren azpian dauden sentimendu berrietara eramaten ditu bere ikasleak. Alegia, otoitzaren arazoa ez dela otoitz-molde batean jokatzen, barneko sentimenduetan baino.
Fededunak arrazoi asko du otoitz egiteko. Erreinua Jainkoaren ekimena delako egiten du otoitz, Erreinua bere esku ez daukalako; bere bizitza Jainkoaren borondatean oinarritua daukalako; Jainkoarekin harremanetan bizitzea erregalurik ederrenetakoa duelako. Bai, arrazoi asko du fededunak bere bizitzan otoitzari denbora eta ahalegina eskaintzeko. Baina otoitzaren arazo nagusia gizakion bihotzean dago. Konfiantzan dago otoitzaren gakoa. Eta konfiantzak bihotzaren barru-barrua harrapatzen du.
Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste Jainkoarengan konfiantza izatea?
Batek esango dit, Jainkoarekin konfiantza izatea eta harekin hitz egitea asko kostatzen zaiola, Jainkoaren irudi gogorra eta iluna daukalako. Eta horrek badu, noski, zerikusia, ez dizut ukatuko. Batez ere, garai bateko Jainko-irudiak ez ziren otoitz-eragile onenak izan, hori horrela da. Baina, gaur egun, Jainkoaren irudi askoz gratifikatzaileagoa, askoz gozoagoa, askoz atseginagoa erakusten denean, zergatik kostatzen zaigu horrenbeste Jainkoarekin konfiantzazko harremana izatea? Seguru asko, konfiantza ez delako atseginetik edo gozotik sortzen. Gratifikazioak ez du konfiantza erakusten.
Nola ikasten da konfiantza? Konfiantza ikasteko harremana behar da, harreman-historia behar da. Harremanetan beti izaten dira istiluak. Istiluetan ikusten baduzu besteak maite zaituela gatazka guztien gainetik, ikusten baduzu bestearen maitasuna baldintzarik gabekoa dela, orduan ikasten duzu konfiantza izaten. Eta orduan ikasten duzu harreman berrien oinarria. Orduan ikasten duzu, harremanaren oinarrian konfiantza dagoela. Eta konfiantza horretan, bestearekin bizitzen ikasten duzu, bestearekin ibiltzen, bestearekin elkartuz zu zeu izaten ikasten duzu.
Haurrak, mundura sortzen denean, aurren-aurrena konfiantza ikasten du, bere amarengan baldintzarik gabeko esperientzia bizi izaten duelako. Aurrena ikasten den gauza konfiantza izaten da gure bizitzan. Baina, bide batez, konfiantza da azkena ikasten duguna ere. Beti konfiantza ikasten gabiltza. Beti, konfiantzaren zuztarrean dagoen elkartasun-esperientzia sakontzen ari gara, eta neurri horretan konfiantza ikasten. Eta konfiantza ikasten den neurri berean, otoitz egiten ikasten da, Jainkoarekin harremanetan bizitzen ikasten da. Jainkoarekin bizitzen ikasten da.
Kristaua otoizlaria al da, beraz? Bai. Baina otoizlari izatea ez da neurtzen, otoitzean igarotzen den denboratik. Otoizlari izatea ez da leku baztertuetara joatearen gorabehera. Konfiantzaren gorabehera da otoi­tzarena. Jainkoaren interesak nire interes egitearen gorabehera da otoitzarena. Besterik gabe, Jainkoarekin egotearen gorabehera da otoitzarena. Ez da egokia, harremanik eta konfiantzarik eza estaltzeko, errezotan denbora asko pasatzen dela esatea. Hori ez da otoitza.
Baina hori bai: otoizlariak, bere bihotzean konfiantza bizi duenak, Jainkoarekin egoteko beta hartzen du. Jainkoarekin egoteko garai aukeratuak dauzka. Maite duenarekin egon nahi duelako. Baina badaki, bere konfiantza ez dela une berezi horietan jokatzen, eguneroko bizitzaren laztasunean erakusten den jokamoldean baizik. Esan duguna: konfiantzan jokatzen da otoitzaren apustua. Horregatik, fededuna konfiantza ikasten ari da beti!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.