C 19: Libre eta erne

Bidea(Igandeko ebanjelioa: Lk 12, 32-48)

Giza bihotzaren jokalegea zelebrea da, beti segurantza bila dabil. Gizakiok bizi dugun kezkarik nabarmenena bizitzaren pausoak kontrolatzea da. Poza eta atsegina ziurtatu, etorkizuna seguru eduki, seme-alaben bizi-mailari oinarri seguruak jarri, badaezpadarako beharrezko guztiak aurrez pentsatuak eta bideratuak eduki… Eta gure segurantzak kolokan jartzen dituen gertaera edo une batek barru-barrutik asaldatzen gaitu, eta neurrigabe aztoratzen.
Beste aldetik irakurrita, segurantza-behar horrek zera erakusten digu, arriskatzeko gaitasuna galdu dugula. Geure barruaren ametsei hegoak ebaki dizkiegula. Eta, beraz, gizatasunaren zerumugak estutu egin ditugula, zenbaitetan erabat ixteraino estutu ere. Eta hori askatasunaren aukerak galtzea da, egoerara egokitzea, instalatzea, bakoitza bere habitxoan bero-bero gelditzea. Libre denak arriskatzen daki. Libre izan nahi duenak arriskatzen jakin behar du. Eta, dudarik gabe, arriskatzeko gaitasuna da gizatasunaren alderdirik onenak erakusten dituen aukera.
Gaurko ebanjelioa irakurtzen duenak, libre izateko edo libre izatera iristeko deia entzungo du. Eta Jesusek ho­rretarako errezeta ematen digu: ez iezaiezu zure bihotza gauzei lotu eta kateatu. Ez lotu zure bihotza gal­tzen eta usteltzen diren ondasunei. Zure altxorra daukazun tokian, hantxe edukiko baituzu zure bihotza. «Altxorra non, gogoa han». Gauza jakina da: gauza asko daukanak, eragozpen gehiago du libre izateko, gauza asko baitauka kontserbatzeko. Eta edukitzearen edukitzez, nahiago du segurantza askatasuna baino. Horixe da gizon edo emakume lotuaren logika eta dinamika.
Baina Jesusek, askatasunaren ondoan erne bizitzea eskatzen digu fededunoi. Izan ere morrontzaren logika berez eta erraz sortzen baita. Eta erne ez bazabiltza, jokamolde horrek bere atzaparretan lotuko zaitu. Askatasunak erne bizitzea eskatzen du. Eta gaurko gizarteak begibistan jartzen digun hainbeste eskaintza ustelen aurrean, oso erne eta esna ibili beharra dago, bestela gehiengoaren ibilbide ondasunzalean eroriko zara. Eta une horretan bertan segurantza bila hasiko zara, arriskurako gaitasun librea galdurik. Eta une horretan zure gizatasunaren neurririk onenak emanak izango dituzu. Kitto!
Zein zaila den libre irautea bizitzak aurrera egiten duen neurrian! Eta deskuidatzen bazara, gainera, heldutasuna segurantza-beharrarekin parekatuko dizute, gizakiaren heldutasuna segurantzak bilatzetik neurtu behar balitz bezala. «Gizaki helduak abenturarako jolasgogoa galtzen du», esaten dizute serio asko.
Eta gure gizarte honetan, herriaren ibilbidea hobetzeko ilusioa moteldu da, Elizaren barne-bizitza berritzeko espiritua urtzen doa, ebanjelizazioari bide berriak urratzeko edorea txepeldu da, herriaren festa areagotzeko aukerak bukatu dira, bakea bideratzeko irudimenak ez du gehiago ematen… Hor daude adierazgarri gure harremanak, politika giroko gatazka alferrikakoak, gure inguruko azpijokoak, ekonomi munduko ustelkeria… Daukagunari eutsi? Daukaguna segurtatu?
Fededunok jabetu beharra daukagu esku artean daukagunaz. Berri Onaren izamolde berria eskaini zaigu. Eta hori zabaldu nahi duenak berritasunerako ilusioa behar du, bere segurantzak arriskatzen jakin behar du, bere indarrak eta orduak eskaintzeko prest azaldu behar du, bere ahaleginik onenak erretzeko gai prantatu behar du, eta bere kezkak benetan balio duten gauzetan erre behar ditu, ez patrikako ondasun ustelkorretan. Arin eta libre ibiltzeko, hobe da gutxirekin!
Goazen erne, askatasuna galdu nahi ez badugu! Gabiltzan libre eta erne!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.