C 23: Gizatasunaren apustua

Esku hutsak(Igandeko ebanjelioa: Lk 14, 25-33)

Kirolari batek punta-puntakoa izan nahi duenean, badaki azer egin behar duen: «sakrifikatu» esan ohi dute beren aukera zein den azaltzerakoan. «Sakrifikatu»: beste guztia alde batera utzi; alegia, beren denbora eta indarrak beren kirolari eskaini, horretan eman beren onena. Beste guztiak, ona izanik ere, ez die enbarazu besterik egiten. Badakite zer lortu nahi duten eta nora iritsi nahi duten; eta, lortu nahi dutena lortzeagatik, beste edonorentzat eguneroko gauza normalak direnak zapuztu egingo dituzte.
Gaur irakurtzen dugun ebanjelio-zatiak, aurreko igandetakoen hari berari jarraiki, gure onenak eskatzen dizkigu, iritsi beharreko ederra jartzen baitigu begi aurrean: gizatasuna!, gizatasun betea. Jesusen segizioan bere gizatasuna garatu eta betetasunera eraman nahi duenak, jakintsua eta burutsua izan behar du, kalkulo onak egin behar ditu. Eta zerbait lortu nahi duenarentzat badakigu zer den kalkulo ona: beste guztia, lortu nahi denaren zerbitzura jartzea, kirolari onak bezala.
Horregatik, aukera egiteko ordua da. Ezin gaitezke ibili ez-baian, erdipurdika, hontara-hartara. Hau ona da, hori ona da eta haruzkoa ere ona da. Kirolari batek gauza on guztiak berekin eraman nahi balitu, esango genioke beste zerbitetara dedikatzeko. Zorakeria izango litzateke kirolari ona izan nahi izatea. Fededuna ere, bere gizatasun-apustuan, ez da gauza onen bilatzailea. Fededunak aukera egiten du. Erreinuaren deia entzuten duenean, badaki beste guztia Jesusen segizioaren zerbitzura jarri behar duela.
Eta ez da boluntarismo ilun baten kontua. Jakintsu izatearen kontua da. Konturatu behar dugu gizatasunaren apustua ari garela jokatzen. Eta apustu horretan irabazle ateratzea, Jainkoaren egintza da. Jainkoak guregan burutzen duen egintza ederra. Eta egintza horri bihotza zabaltzea da kontua. Bizitza bere oinarrietan sendo­tzea. Jainkoa eta beraren borondatea hartzea, gure ekinbide osoaren ardatz eta erdigune. Horrela jokatzen duzunean, konturatzen zara asmatu duzula aukera onarekin. Konturatzen zara zeure bizitza osoak sendotasuna hartu dizula. Zeure izate osoa argitu egin zaizula. Bizitzan asmatu egin duzu.
Beste bide batzuk har daitezkeela gizatasunaren apustua jokatzeko? Jakina! Baina gauza bat garbi dago: ondasunak pilatzeko ametsa, jakintzaren gutizi ase ezina, osasunaren kezka itoa edo beti lehen posizioak nola irabaziko ibiltzea, ez direla inondik inora bide egokia, gizatasunaren apustua garantia apur batekin jokatzeko. Alferrikako kezka eta ametsak dira horiek denak eta ez dute gizakia kateatu besterik egiten, gizatasuna murriztu eta gutxituz.
Horregatik, gaurko ebanjelio-zatiak esaten digun bezala, eseri beharra daukagu eta kontuak atera: alferrikakoari emana nabil ala bide egokitik noa? Jakiteaz, maitasunaz baino gehiago kezkatzea kalkulo ona al da? Beharrezkoaz kezkatu ordez, mila entretenigarritan ibiltzea kalkulo ona al da? Arrakasta lortu gosez, nire mugen neurriak ahaztea kalkulo ona al da? Ez ote zaigu gertatuko, gizatasun betearen ametsez abiatu ginenak, gure helburua lortu ezinik gelditzea, kalkulo okerrak egin ditugulako!
Eta edozer gauza balitz eskuartean daramaguna, gaitzerdi! Baina gizatasunaren apustuan ari gara. Eta gizatasunarekin dena jokatzen dugu. Gure bizitzaren zentzua, gure bizipoza, gure askatasuna, gure nortauna. Eta horietan pertsona bera bere osotasunean dago jokoan. Egia da, Jesusen ikasle izaten ez da ikasten gogo hu­tsez eta berehala. Jakintsu izatea ez da erraz lortzen den zerbait. Denbora eta kalkulo onak egitea, hori da beharrezkoa gizatasunaren apustua irabazteko. Bide ederrean abiatu gara. Ez gaitezen errazkeriaren liluraz bide okerrera makurtu. Ez litzateke kalkulo ona izango. Eta hau, gizatasunaren apustua da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.