C 25: Jainkoaren edo diruaren morroi

Dirua(Igandeko ebanjelioa: Lk 16, 1-13)

Diruaren kontuek asko kezkatzen gaituzte aspalditxoan, diruarenek edo diruaren faltarenek. Izan ere, ez ditugu garai gozoak bizi une honetan. Jakina, diruak zer esan nahi duen aztertu eta zehaztu beharko genuke. Dirua estimatzen dugu, berarekin beste gauza asko eta egoera gozo asko eskura ditzakegulako. Eta dirua ahitu zaigu. Langabeziak sekulako hustuketa egin du gure etxeetan, eta familia asko dira ezinean dabiltzanak eta gehiago oso justu dabiltzanak.

Baina, diruak zer esan nahi du niretzat?, hori da galdera. Diruak zer leku dauka nire etxean? Nire bizitzako zer daukat dirutik zintzilik? Eta horren arabera zehaztu genezake zer galdu dugun diruaren faltan. Ez gara sartuko ustelkeriak ekarri dituen egoera zuzenkontrako eta narratsetan. Batzuek oso gutxi eta eskas daukatenean, beste batzuek horrenbeste edukitzea ez da inolaz onartzekoa, nire ustez.

«Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik». Diruak azpian hartzen gaituenean eta gure bizitzaren jabe egiten zaigunean, ondorioa jakina da: dirua falta denean, dena galtzen da. Eta kasu horretan ez da justu ibil­tzea soilik, baizik poza eta bihotzeko askatasuna ere galdu egiten dira, bizitzeko sentidua bera ere bai. Esango zait gutxieneko bat behar dela bizitzeko. Badakit hori. Baina gutxienekoa zer da? Orain arte bizi izan dugun bizi-mailari eusteko lain?

Gure aurrekoak, gure gurasoak, gutxiagorekin bizitzen ikusi izan ditugu. Adinean aurerra samar goazenok, geu ere gutxiagorekin bizi izan gara. Zer behar sortu ditugu, berez behar ez direnak? Zer gehiegikeria egin ditugu geure bizi-maila erosoan? «Horiek joan ziren», esaten da. Baina, bihotzetik joan al zaizkigu? Egiten genituen gauza asko ezin ditugu gaur egin, baina hori zauri bezala, samin bezala, bizi dugu. Eta tristetu egiten gaitu. Bihotza morroituta daukagu!

Jesusek beste bide libre bat proposatzen digu. Mundu honetako ondasunak, gutxi edo asko, bestelako ondasunak irabazteko erabiltzea. «Irabaz itzazue adiskideak diruarekin». Irabaz ezazue barruko bizia diruarekin. Irabaz ezazue betiko balio duena, betiko balio ez duenarekin. Hor oso inportantea da bihotza zertan oinarritzen dugun aztertzea, gure ametsa zein den jakitea, zerk liluratzen gaituen ohartzea.

«Ezin zintezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan». Eta, Jesusek esaten digunez, Jainkoaren zerbitzuak egiten gaitu libre. Zerbitzuetan bakarra da libre egiten duena. Beste guztiak morroitu egiten gaitu. Maitasuna da bihotzari askatasun ederraren airea ematen diona. Ondasun handietara izan gara deituak, eta ez genuke gutxirekin konformatu behar. Gure bihotza ez dugu aseko bestela. Gure bihotza ez dago mundu honetako ondasunetarako egina. Gure bihotzak Jauna behar du ondasun. Jainkoa zerbitzatu nahi du.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.