C 26: Bost inporta pobreak

Mahaia(Igandeko ebanjelioa: Lk 16, 19-31)

Pixkana-pixkana gauza guztietara jartzen gara. Oraindik zenbat denbora da bada, lehenengo munduaz eta hirugarren munduaz hitz egiten hasi ginela? Gaur ia erabat geuretu dugu hizkera hori. Eta okerrago dena, erabat geuretu dugu, ez hizkera bakarrik, baita hizkera horrek bere barnean estaltzen duen errealitate gorria ere: bada lehenengo mundu bat, aberatsa; eta bada hirugarren mundu bat, pobrea; eta laugarren bat, artean pobreagoa. Horrela dago mundua, eta horrela egongo dela beti pentsatzen dugu, hori konpondu behar litzatekeela esaten badugu ere. Ez al zuen bada Jesusek esan, «beti izango genituela pobreak geurekin»?
Eta herriei buruz aipatzen dugun egoera hau, gizon-emakumeei buruz esan behar da, herri pobreak edo aberatsak gizon eta emakume pobre edo aberatsez osatuak baitaude. Eta urruti xamar ikusten ditugun herri pobreez aipatzen duguna, geure artean dauzkagun pobreez ere aipatu beharko genuke. Ez dugu ahaztu behar, lanik ezak edo lanbide prekarioak jende asko uzten duela gero eta premia gorriagoan. Urrutiko oso pobreak ongi datozkigu, bertako pobreak ahazteko.
Jesusen epaia ikaratzekoa da. Eta hortxe dago Ebanjelioan. Epulon aberatsaren jokaera eta lazaro pobrearen egoera aurrez aurre jartzen dituenean, ematen du pobreak besterik gabe salbatzen dituela Jesusek eta abera­tsak hondatzen. Horrela agertzen du Jesusek. Jesusek ez du esaten nolakoa zen lazaro pobrea. Esaten duena da pobrea zela. Eta hil zenean, erreinuko ondasunetara sartu zen, pobrea izan zelako. Orduan ikusi zuen, azkenengoak lehenengo direla. Orduan ikusi zuen ongia gaitzari gailentzen. Orduan ikusi zuen salbazioa Jainkoak pobreei egindako erregalua zela. Salbazioa pobreentzat da, beren eskubideak eskatzeko eskubiderik ere ez duten pobreentzat!
Pobrearen salbazio hori, ordea, ez al da beranduegi iristen? Hemen nahi litzateke salbazio hori, bizitza honetan, mundu honetan! Ez al du Jesusek gehiegi atzeratzen behartsuaren salbazioa? Ezta pentsatu ere! Jesusek oraintxe bertan nahi du pobrea salbatu. Hori nahi duelako eman digu epulonen eta lazaroren arteko parabola hau, egoera hori aldatu nahi duelako.
Baina ez da egoera aldatuko aberatsa bihotz-berritzen ez bada! Aberatsa jabetzen ez bada, bere ondasunak pobreari kendutakoak direla. Aberatsa ez da bere baitan aldatuko, konturatzen ez bada, Jainkoa pobreen Jauna dela, eta hark epaituko dituela gure jokaerak azkenean, aberatsen galerarako eta pobreen mesederako.
Gu gara aberatsak, nahiz eta ondasun ikusgarririk ez eduki pilatuta. Gu gara aberatsak, ongizatearen eta kulturaren suertea tokatu zaigunak. Gu aberatsak, gorputzez eta buruz sano gaudenak. Bai, gu gara aberatsak, adiskideak dauzkagunak, etorkizuna daukagunak…
Zer egin dugu, zer egiten dugu, bizitza honetan guk daukagun suertea eduki ez dutenekin? Gure suertearen apur batzuk jaso nahi lituzkete pobreek. Gure axolaren xemaiko bakar batzuk jaso nahi lituzkete. Gaurko epulon berriak izango ote gara! Geure bide bazterrean edo geure etxeko atean edo geure auzo-auzoan pobreak ikusten ohitu behar ote dugu! Komunikabideen esamoldeetara erabat ohiturik bizi behar ote dugu: lehenengo mundua, hirugarren mundua, ifarralde aberatsa, hegoalde pobrea, herri aberatsak, herri pobreak…?!
Fededunak ezin dezake Jesusen epaia ahaztu: Jesusen Ebanjelioa pobreentzat da. Eta pobreen situazioa alda­tzeko eginkizuna eman digu. Epulon txikiok ezin gaitezke epulon handiek egin behar omen lutekeenaren zain bizi!
Geure ahalegintxoa bideratu beharko genuke egunero. Eta denok dakigu noiz, non eta nola! Ez gaitezen aberats sentigogor izan, pentsatuz: Niri bost inporta zaizkit pobreak!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.