C 26: Ezikusiarena

Eskalea(Igandeko ebanjelioa: Lk 16, 19-31)

Joan zen igandeko atalean, Jesusek gogor salatu zuen ondasunen gosea. Diruari «gaiztoa» deitu zion eta okerreko jokamoldetzat salatu zuen haren morrontzan erortzea. Eta Jesusen hitz horiek auskalo zer zalaparta sortu zuten garai hartako aberaskilo eta ondasun-zale haiengan. Baina, Jesusek ez du atzera egiten, eta beste parabola bat kontatzen du, zorrotza, argia eta akuilagarria. Ez gaitu ezaxolan uzten.

Gizon aberatsa eta Lazaro pobrea dauzkagu aurrez aurre. Gizon aberatsaren portaera gaiztorik ez zaigu kontatzen, aberats izatea besterik. Izenik ere ez dauka, «epulon» deitzen zaio, «jale eta atseginzale». Behar­tsuak badauka izena, badauka aurpegia. Lazaro eskale behartsua gose dago, beharrean. Aberatsa etxe barruan; bestea kalean, kale gorrian. Jesusek kontatzen duen parabola hau sekulako zaplastekoa da jarrera lasai eta axolagabeentzat, zaplasteko handia ezikusiarena egiten dutenentzat.

Beharbada, egoera eta jarrera gaiztoa erakusten duen postura, ezikusiarena egitea izango litzateke. Ondotik pasa, zeharbidetik edo hurbiletik, baina beti ikusi gabe, erreparatu gabe. Gizon aberatsa ez zen sekula bere ondasunen gaztelutik ateratzen bere ate aurrean gertatzen ari zena ikusteko. Lazaro behartsuak aberatsaren mahaiko apurretara iritsi nahi zuen, baina aberatsaren itsukeriak ez zion uzten.

Gaurkora etortzea ez da zaila, ala? Fededunok eta gizatasun-lege pixka bat daukagula uste dugunok, galdetu beharko genuke zer ari garen egiten pobreekin. Ikusten al ditugu? Ez da pobrezia kontzeptu bezala eta urrutiko errealitate bezala salatzea. Gure pobreek izen-abizenak dauzkate. Gure pobreak atarian dauzkagu; askotan elizako atarian. Eta etxe-berrua gaztelu sendo bihur dezakegu, arrotzik etxera sar ez dakigun. Nork esan zuen, pobreak ataritik eliz barrura ekarri behar genituela? Ba, hori!

Elizaren etorkizuna sufritzen dutenekiko sentiberatasunean jokatzen dugu. Elizak maitasuna eta errukia erakusten ez baditu –ez ikasteko kontzeptu bezala, erraietako sentimendu bezala baizik–, ez du iraungo, bere egia galduko bailuke. Eta maitasuna eta errukia ez dira hitzak edo ideiak, ekitea da, atea irekitzea da, barruan lekua egitea da, geu haien bidera ateratzea da.

Azkenaldi luze samarrean Eliza oso kezkatua ikusi izan dugu ideiez, doktrina zuzenaz, moral suxualaz, teologiaz; baina Elizaren arrazoia ez dago horietan, pobreekiko jarrera eginkorrean baizik. Frantzisko Aita Santuak esan du asko ez dela, ez gaitezela obsesionatu homosexualitateaz, abortoaz…, Ebanjelioak eta bera zabaltzeak izan behar duela gure ardura nagusia. Horixe da, Jesusen Berri Ona pobreei eskura jar­tzeak emango dio Elizari bizitasuna. Eta, nire ustez, asko dugu eranzteko, asko pobretzeko, baldin eta pobreen zoria partekatu nahi baldin badugu. Ezikusiarena egiteak ez digu balio!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.