C 28: Eskerrik asko

Eskuak(Eguneko Ebanjelioa: Lk 17, 11-19)
«Eskerrik asko» esatea izan dugu euskaldunok esker ona agertzeko geure era. Era sinple eta garbia. Hitz handien eta puztuen jolasean ibili gabe, bihotzaren betea erakusten du esaldi labur horrek.
Eskerrak eman nahi dituenak ez du hitzak ugaltzen eta asmatzen ibili beharrik, eskerrik asko esatea nahikoa.
Baina, esaldien gorabeheran sartu gabe, zein garrantzizkoa den esker oneko gizakia izatea! Esker onak, sakonean, pertsonaren neurria ematen baitu. Eskertzen ez dakien pertsona txikia da oso, kaxkarra. Esker onekoak bihotz handia erakusten du, barru aberatsa.
Gaurko ebanjelio-zatiak «hamar lepradunen» sendaketa kontatzen digu. Hamar sendatu zituen Jesusek, baina bat bakarra etorri zaio eskerrak ematera.
Eta Jesusek diotsanez, bat bakar horixe geratu da salbatua. Eta bera arrotza zen, samariarra. Bere laburrean, ebanjelioak eskaintzen digun kontakizun hau adierazgarria eta esanahi handikoa da.
Inportantea da esker onekoa izatea. Bihotz handia, bihotz jatorra, erakusten du eskertzen dakienak. Batez ere, bihotz adiskidetua erakusten du.
Bere barnean bakean bizi ez den gizon edo emakumeak ez du asmatuko esker onean bizitzen, eta oso gutxitan aterako zaio eskerrik asko. Bere bularrean borroka eta egonezina bizi dituenak, ez dauka behar adina bake esker onean bizitzeko. Nork bere buruarekin ondo konpondu behar du, pozik bizitzeko, eta pozaren emaitza bezala esker ona erakusteko.
Esker onean azaltzen da pertsona bere barnean harroa den ala bere mugen neurria onartua daukan. Harroak dena zor eta dena normal jotzen du. Bere handitasunari zor zaion soldata ikusten du inguruko guzti-guztia. Eta zorrak ez dira eskertzen.
Harroari beti zor zaio zerbait, eta ez duzu beraren eskerrik askorik jasoko. Baina bere mugak eta ezinak ezagutzen dituenak badaki bera dela zordun, eta eskertu egingo dizu egiten diozun guztia, detaile hutsa izanik ere. Pobreak eskertu egiten du.
Fede-bizitzan ere halatsu da. Jainkoaren aurrean zordun dela dakienak, eskerrik asko esaten du. Jainkoaren dohain merezigabea ikusten baitu dena.
Bere bekatua barkatu zaion bekatariak, ondo asko daki jaso duen barkazioak barrutik askatu egin duela, eta ez duela berea askatasun hori, eman egin zaiola. Fededun jatorrak eskertu egiten du.
Jesusekin elkartzen den neurrian, garbi ikusten du, fededuna izatea Jainkoaren semea edo alaba izatea dela. Eta dena Aitarengandik hartzen duela, ume txikiek bezala. Eta, jakina!, eskertu egiten du, eskerrik asko esaten du.
Zergatik ez ote gara esker onekoak? Geure burua handitzat eta inportantetzat jotzen dugulako. Besteen beharrik ez daukagula uste dugulako. Besteen maitasun-beharra daukagunik ez dugulako aitortu nahi. Jainkoa, Aita bezala ikusi ordez, nagusi gogor  ikusten dugulako. Geure bizia, geure izatea, geure pozak, geure fedea, daukagun maitasuna… dena geure merezimenduen emaitza ikusten dugulako.
Eta gauza bat esan behar dut: betidanik fededun garenok daukagu esker txarrekoak izateko arriskurik handiena. Fedean bizi dugun guztia betidanik bizi izan baitugu, eta asko kostatzen zaigu Jainkoak debalde emana dugula sumatzea.
Gauza asko egin dizkiogu nonbait Jainkoari, berak ere eman diguna eman diezagun! Ez genuen besterik behar! Esker onekoa izateko, inportantea da samariarra izatea, arrotza alegia.
Esker txarra! Esker txarrak garraztasuna sortzen du. Esker txarrekoa barnemindua bizi da. Eta garraztasunak, amargurak, barneminak, pertsona desegin eta erre egiten du barrutik.
Ez da, bada, gauza zaila eskerrik asko esatea. Ez da gauza zaila, ez, baina zenbat gauza adierazten dituen!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.