C 27: Gertatu zaionak daki

Sufesta (Gaurko ebanjelioa: Lk 17, 5-10) Sinesmenaz hitz egitea ez da erosoa gertatzen bizigiro gehienetan. Fedea aipatze hutsak halako errezelo ilun bat sortzen du, ez dakit zergatik. Beharbada, gizakiak Jainkoaren beharrik ez daukala pentsatzeagatik izango da. Edo, agian, Jainkoaren esperientzia erabat itzali delako izango da. Gaurko gizon-emakume askori «Jainko» hitzak ez dio inolako oihartzunik sortzen barruan. Eta, beraz, Jainkoarengan sinestea zer den ez dakite; ezta sinesteak zer esan nahi izan dezakeen ere.

Horretatik abiatuta, argi ikusten da fededunok eskuartean daukagun eginkizun nagusia, Jainkoaren esperientzia «berregitea» dela. Gaur egun fededun izan nahi duenak oinarri eta euskarri berriak behar ditu. «Beharrezko» ez den Jainko baten «beharra» nola ikusi edo nola azaldu? Bide-urratzen lan handia daukagu aurrean. Baina nola ikusi fedearen beharra, Jainkoaren beharra? Esan beharra dago, Jainkoarengan sinestea ez dela gure ahaleginaren emaitza. Ez dela gure prozesuen emaitza ere. Ahalegina behar da, prozesuak behar dira; baina, batez ere, sinesmenaren erregalua behar da. Gertatu zaionak daki, eta gertatu ez zaionak ez daki.

Hori horrela izanik, badira, hala ere, Jainkoaren esperientzia bideratzeko kontuan hartu beharreko gogoetagai batzuk. Esate baterako, gizakion muga. Mugatuak gara, eta ezin dugu lortu, nahi genukeen guztia. Ez dakigu geure zoriona egiten. Ez dakigu bizitzari sentidua ematen.

«Jainkoa» onartzeak eramaten zaitu zeure mugak zabaltzera. Jainkoarekiko harremanak bizitza eta lana eta sufrimen­dua eta dena sentidu ederrez janzten dizu. Fedeak, hitz batean, bizitzeko konfiantza ematen dizu. Barrua us­te onez pozten dizu. Zure izate osoak oinarria hartu duela ohartarazten dizu. «Jainkoak» zeure­tzat iraba­zi zaitu. «Jainkoari» esker zara.

Badakit gauza hauetan segurantzak nahi izaten ditugula. Baina he­men apenas dagoen segurantzarik. Honetan konfiantzak ematen duen barne-ziurtasuna dago. Konfiantzak esaten dizu «norbait» zurekin doala bidean. Ez zaudela bakarrik. Konfiantzak erakusten dizu aurrera egiten, zalantzaldiak gainditzen, beldurrik ez izaten. Konfiantzak ematen dizu «norbaiten» eskua, bakarrik senti ez zaitezen.

«Norbait» hori Jainkoa da, sinesmenak erakusten duen Jainkoa. Jainko horrek ez dizkizu gauza guztiak argituko. Izango dituzu galderak: nor da?, nolakoa da?, non dago? Ez dago «ikusterik». Ez dago neurtzerik. Ez dago demostraziorik. Ez dago erosterik. Ez dago zergatiak esaterik. Ez dago zer den ere argitzerik. Nor den, zer den, non dagoen, zer egiten duen, zer esaten duen… bakar-bakarrik, gertatu zaionak daki!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.