C 29: Eskatu lasai

Lanpara(Eguneko ebanjelioa: Lk 18, 1-8)

Joan zen igandea esker onaren haritik joan zen. Esker onak bihotza bere betean erakusten du. Eskertzen ez dakienarekin ez dago urrutira joaterik. Gaur, berriz, eskariaren haritik goaz ebanjelioan. Eskertzeak bihotz pobrea eska­tzen badu, eskatzeak ere halaxe eskatzen du ba, bihotz pobrea!
Badirudi gaur nahiko zaila edo deserosoa gertatzen zaigula eskatzea, Jainkoari ezer eskatzea alegia. Garai bateko erlijiokera susmagarriarena ote den ba,  eta ez gara eroso sentitzen eskatu behar dugunean. Gero, hori ere egia da, aitortzen ez badugu ere, beharra sortzen denean, nork ez du eskatzen?!
Alargun saiatuaren parabola, argigarria bezain hunkigarria da. Jesusek kontraste oso dotoreak erabiltzen ditu gauzak adierazteko. Epaile oker batek kaso egin badiezaioke alargun setati bati, nola ez dio bada Jainkoak kaso egingo bere seme edo alaba bati? Argumentua bete-betea da. Baina, ez dut uste era honetako Jainkoa denik guk sinesten duguna. Ez dakit ba! Eta Jainkoaren irudia bestelakoa delako, ez dakigu non eta nola sartu edo josi gure kristau-bizitzan eskari-otoitza. Gauzak gertatu behar duten bezala gertatzen dira, eta ez dago Jainkoari eskatzen ibili beharrik!
Euria egitea, adibide bat jartzeko, ez dugu eskatzen euria Jainkoak egiten duelako. Jainkoa ez dabil gauzen norabidea okertzen edo zuzentzen. Jainkoak gauza eta izaki bakoitzaren legeak errespetatzen ditu. Baina, hala ere, eta hau da fededunaren uste gozoa!, gauza guztien atzean Jainkoa dagoela sinesten dugu. Beharrezko euria egin, ez du Jainkoak egingo, baina euriaren gozotasun horren atzean Jainko onaren esku gozoa ikusten du gure fedeak. Eta beharrezko euria ez egiteak sortzen duen sufrimendua ez da sufrimendu hutsa. Sufrimendu horren atzean, fededunak Jainko maitalearen esku gozoa sumatzen du.
Beraz, eskatu eskatzen dugu, giza historian gertatzen diren gauza inportanteenak ezin ditzakeelako zientziak esplikatu eta argitu. Giza bihotzean sortzen den misterioa, zein zientziak esplika dezake? Giza maitasunaren gordea zer kimikak sortzen du? Gure fedeak ondo asko daki, Jainkoa ez dela ideia filosofiko bat. Jainkoa askatasun salbatzailea da. Eta horrexegatik eskatzen dugu: giza historiaren sakona Jainkoaren maitasunezko eskuak gidatzen duelako onez. Eta gertatuak gertatu, Jainkoak egin dezakeela edozer gauza on eta mesedegarri gertatzea. Horrexegatik da libre eta horrexegatik da on eskatzea!
Eskatzeko bihotz xumea behar da, bihotz sinplea. Eguneroko ogia bezalaxe Erreinuaren etorrera eskatzeko, bihotz txikia behar da. Oso xumea, dena gure eskaritik zintzilik balego bezala eskatzeko. Oso xumea, Jainkoak gure nahiak denak betetzen dituela uste izateko, nahiz eta guk ez hala ikusi. Oso xumea, Jainkoak nik nahi dudana bera nahi duela sinetsi ahal izateko. Oso xumea, gauzak nik nahi bezala ateratzen ez direnean, Jainkoak nire beharra nik baino hobeto ezagutzen duela sinesteko.
Hitz-jokoa dela hau dena? Bihotz xumearen uste sendoa! Gizaki erlijiosoaren sentimendu kaskarrak? Bai zera! Ni seguru nago: otoitza eta eskaria, arnasa hartzea bezala betiko sentimendu bihurtzen zaizunean, orduan ikasi duzu seme edo alaba izaten, Jainkoaren seme edo alaba. Orduan ikasi duzu Aitaren eskuetan bizitzen.
Eta semeak edo alabak ez dauka zertan kalkulatu edo zertan filosofatu, noiz eta nola eta zer eskatu behar dion bere aitari edo amari. Esker ona bezalaxe, eskaria ere bizi egiten da. Hobeto esanda, seme- edo alaba-sentimendua bizitzen da.
Eta semeak edo alabak ondo daki zer eta zenbateraino eska dezakeen. Eta Jainkoaren bihotza handiegia da, zorionez, gure beharrak eta premiak ez ulertzeko!
Jainkoa Aita da, Aita ona! Eskatu lasai!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.