C 29: Pobreak eskatu egiten du

(Gaurko ebanjelioa: Lk 18, 1-8) Garai batean askoz ohikoagoa zen eskatzea. Etxean zerbait falta zenean ez zen inolako lotsarik auzokoari eskatzeko. Gero emango zitzaizkion ordainak. Edonoiz eta edonon gerta zitekeen beharra. Gaur, ordea, egoera asko aldatu da. Gaur aski izaten ikasi dugu. Eta eskatzea ez dago ongi ikusia, denok aberastu baikara. Autosufiziente egin gara, eta pobreziak lotsa ematen digu.

Gaur gerta dakigukeen onena, inoren beharrik ez izatea da. Eta gehiago: inoiz beharrik izango bazenu, egin behar duzuna, beharra disimulatzea da, beharra gordetzea. Beharra ez da erakutsi behar, gizarte honetan ez baitago behartsurik. Beharra lotsagarria da. Aberatsek, bizimolde honetan, eskubide asko dauzkate.

Abe­ratsek ez daukate eskatu beharrik, beraiei justiziak babesten baitie eskubidea. Eskubideak dauzkatelako dira aberatsak. Baina behartsuari zer eskubide geratzen zaio? Behartsuari, dirua falta izateaz gain, eskubideak falta zaizkio. Eta inolako irtenbiderik gabe gelditzen da. Ezin du justizia ordaindu. Ezin du justizia exijitu. Ezin du bere ezinean ezer egin.

Ebanjelioko alargunak eskura zeukan baliabide bakarra erabili zuen, etsigabe eskatzea. Justiziaren poderioz lortu ezin zuena, lata ematearen poderioz lortuko zuen. Pobreari gelditzen zaion eskubidea eska­tzea baita, bestea nazkatzeraino eskatzea. Gizarteko molde hauek eraman ohi ditugu Jainkoarekiko harremanera ere. Jainkoaren beharrik ez izatea da onena. Eskura dauzkagu baliabide guztiak. Eta zoriontsu izateko behar dena ez da Jainkoa, dirua, osasuna eta suerte ona baizik.

Baina zergatik zoriona eta bizipoza lortu ezin hori? Zergatik bizitzari eta heriotzari sentidua eman ezin hori? Bere baliabidez aski duenak jarrai dezala bere bidean; baina behartsuak Jainkoarengana jo dezala. Eta harro ustez dabilenak ere, bizi ezina eta aurrera egin ezina datozkionean, jakin dezala badela behartsuari bihotza zabaltzen dion norbait. Jainkoaren justizia ez da gizakiona bezalakoa, zorionez! Jainkoaren aurrean eskatzeak bakarrik balio du, eta eskatzeak bere barnean duen apaltasunak. Pobreziaren kontzientzia behar da Jainkoaren aurrean. Pobreziaren kontzientzia horretatik bakarrik sor daiteke otoitza, eskari sentitua.

Eta Jainkoak ez dio sekula entzungor egiten beharretik eskatzen dionari. Jainkoaren isiltasuna dohain bete bihurtzen da beti. Jainkoak ez du ezikusiarena egiten beharraren aurrean. Aberatsek jarrai dezatela bereaz gozatzen eta baliatzen. Behartsuak ere badu, ordea, nora eta zertara joa. Jainkoaren bihotz ona geratzen zaio behartsuari. Eskatzea da behartsuaren eskubidea!

Eta eskubide hori ez dio inork kenduko.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.