C 30: Aukeran «ni» gehiegitxo

Eskalea(Igandeko ebanjelioa: Lk 18, 9-14)

Oso ezaguna da gaurko ebanjelioak margotzen digun pasadizoa. Pasadizioa ez, parabola. Tenplura otoitz egi­tera dihoazen bi pertsonen zera hura da. Bat, farisearra, hantxe aurrean, tente, eskerrak ematen, edonorekin konparatzeko eta parekatzeko prest, konparazio guztietatik ongi ateratzen dela badaki-eta nonbait. Bestea, be­rriz, gizarajoa, hantxe atzean, makur-makur eginda, erruki eske. Inorekin konparatzeko gogo handirik ez, bai baitaki ez litzatekeela oso itxuroso aterako konparazio horretatik.
Parabolaren pertsonaia horiek ondo sailkatuta dauzkagu guk, eta beren jarrerak ere epaituta. Eta esan izan dugu, Jesusi ez zaiola farisear tente hori gustatzen, harroa delako, bere burua goian jartzen duelako, besteari bizkarretik behera begiratzen diolako. Oso puztua dabil, eta horrelakoak ez zaizkigu gustatzen. Ona izango da, zintzoa nahi den adina, baina apalxeago azaldu behar luke. Besteari, berriz, erraz barkatzen diogu bere ezereza, apal prantatzen delako. Eta apal azaltzen denak errukizko begirada irabazita dauka. Beraz, hitz batean esateko, azalpen sozialetik egiten dugu jarrera horien epaia.
Hori horrela ikusi izan da, egia da. Baina zer nahi duzu esatea? Nik ez dut horrela ikusten kontua. Farisea­rra­ren jarreraren gaiztotasuna ez dut ikusten bere harrokerian.
Gorabehera beste puntu batean jarriko nuke: «ni» gehiegitxo erabiltzen duela aukeran! “«Nik» eskerrak ematen dizkizut, «ni» besteak bezalakoa ez nai­ze­lako. «Nik» barau egiten dut. «Nik» ondasunen hamarrenak ordaintzen ditut”.  Zergalariak, berriz, «ni» bat bera ere ez du erabiltzen. «Zu» erabiltzen du hasieratik: “Erruki zaitez «zu» bekatari honetaz”. «Ni» horretan ote dagoen, bada, farisearraren okerra!  Eta «zu» horretan, bestalde, pobrearen bertutea!
Eta hortxe dago kristau izatearen gakoa. Jainkoaren esku bizi gara, «zu» horren esku, ala geure egintzen esku, «ni» horren esku? Zertan oinarritzen dut nire biziera? Zertan zehazten dut Jainkoarekiko harremana? Haren aurrean zintzo agertu beharraren morroi eta mirabe ote nabil? Ulertu ote dut Jainkoaren aurrean gauza erabakiorra ez dela nik egiten dudana edo egin gabe uzten dudana. Gauza erabakiorra Jainkoaren maitasunezko jarrera da.
Eta kristaua berehala pasatzen da «zu» miresgarri horren eskuetara.
Fededun naizelako, edo portaera jakin bat bizitzeko kapaz naizelako, beste zenbaiten gainetik ikusten al dut nire burua? Beste horiek baino hobea ikusten al dut nire bizitza? Puritanismo estuak eta klerikalismo murri­tzak menpetutako gizamoldeetan oso normala da, oso ohikoa, marmarrari eta salaketa moralari ematea. Gizamolde ireki eta pluraletan, tolerantzia irakasten da jokalege. Baina, hemen ari dugun kontua, tolerantzia baino askoz harutzago doa. Tolerantzia askotxok indiferentzia baitarama berekin. Eta indifentziak ez daki gauzak bereizten.
Kristau ikuspegi eta bizierak, tolerantzia lagun hurkoarekiko maitasun bezala ikusten du. Jainkoak zu zeu e­paitu ez zaituenez, besteak epaitzeko gogoa kentzen zaizu. Jainkoak zuri zeuri barkatu dizunez, besteei begirada garbiaz begiratzen ikasten duzu. Jainkoak zurekin bihotz handia izan duenez, besteekin bihotz handiz jokatzen ikasten duzu. Eta jarrera horiek bizitzen saiatzen zaren neurrian, ederki asko ulertuko duzu Tenpluko farisearraren eta publikanoaren ezberdintasuna.
Fedea sakon antzean bizi ez duenak edo horretara bidean ez doanak, dena bere buruaren jirabueltan antola­tzen du. Besteak «ni» zoragarri horren orkestra bihurtzen ditu. Eta Jainkoa bera, «nik» lortu nahi ditudanak lortzeko laguntzaile. Jainkoa bera ere nire zerbitzura. Eta oharkabean, dena «ni». Hasteko «ni», bukatzeko «ni», eta tartean «ni». «Ni» gehiegitxo aukeran!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.