C 31 – Maitasunaren lanak

Kaktus(Igandeko ebanjelioa: Lk 19, 1-10)

Bakoitzak dauzkagu geure zuhaitzak, haien gainera igo eta bizitzari begiratzeko. Zakeo, gaurko ebanjelioko protagonista, aberatsa zen. Eta aurreko igandeetan garbi gelditu zaigu Jesusek ez zuela halako maitasun berezia sentitzen aberatsentzat. Baina, Jesusek badaki bihotzak irakurtzen eta historia bakoitza kontuan izaten. Azken batean, kontua ez da zer daukagun edo zer ez daukagun, baizik zer bizi dugun geure bihotzaren muinean.
Zakeo aberatsa da, baina zokoratua gizarte hartan. Beldurrez josita zegoen gizagajoa. Seguru asko, sakonera begiratuta, bere ondasunetan bilatu beharko zuen bere buruaren babesa, besteen gorrototik eta erasotik ihes egiteko. Eta Jesusek, bihotzak ikusten dituenak, badaki hori. Jesusek badaki azaleko babesak hautsi eta barruko beldurrak eta loturak irakurtzen. Eta bihotzak askatzea maite du. Horregatik hurbiltzen zaio Zakeori.
Zertarako eta zergatik igo da Zakeo zuhaitzaren gainera? Jakin-minez? Beharbada, bere bakardade mikatz eta latz hartan ez zitzaion beste itxaropen-zirrikurik geldituko. Nork ulertu behar zion barruan bizi zuen bakardadea eta beldurra, Jesusek izan ezik? Eta lehen begirada hartan gertatzen da miraria. Jesusek begiratu zion eta hitz egin zion eta bere hitzez deitu zion. Bere etxera etorri zitzaion.
Eta beste behin argi gelditzen da: maitasunak bakarrik daki hormak eta babesak apurtzen. Maitasunak askatzen dizkigu bihotzeko korapiloak. Maitasunak jartzen du abian bizitza berri baten hasiera. Maitasunak be­rritzen du dena. Zakeorengan ere bai. Bere diru eta ondasunean aurkitu ez zuen barne-poza sentitzen du Je­susen maitasunean. Eta ez dauka inolako eragozpenik diruak uzteko eta pobreen zori gaiztora hurbiltzeko. Maitasunaren lanak dira horiek.
Esker ona sortzen da. Salbatua izatearen poza. Giza duintasuna berreskuratu dio Jesusek. Orain ez dauka bere babes gordean ezkutatu beharrik. Etxeko leihoak zabaldu dizkio Jesusek. Aire berri baten freskotasuna sartu zaio etxera. Bizitza goitik bera aldatu zaio. Orain bizitzeko beste sentidu bat aurkitzen du eta balioen jerarkia erabat aldatu zaio. Orain pobreen erantzukizuna bere gain hartzeko kapaz egiten da. Orain justizia zer den ulertzen du. Orain bihotzean solidaritatea piztu zaio. Maitasunaren lanak horiek ere.
Dinamika hauxe da, azken batean, Erreinuaren dinamika. Eta Zakeorekiko jokamoldean erakusten du Jesusek nola den Erreinuaren jatorria: Jainkoaren bihotzak galduak bilatzen ditu eta bizia sortzen du heriotzean eta galbidean. Zakeok beregan ikusi ahal izan du nola eman zaion Jainkoaren Erreinuko Espiritua. Zakeo gizaki berria da benetan! Maitasunaren lanak!
Gure eguneroko eginkizunean eta gure misioan, kontuan hartu beharko genuke Jesusen jokamoldea: maitasunak bakarrik sortzen du aldaketa eta berrialdia.
Zenbaitetan aurrez epaitzen dugu nor den Erreinurako gai eta nor ez den. Eta ahaztu egiten dugu maitasunak nolako berrialdia sor dezakeen pertsona bakoitzaren barruan, baita gutxien uste dugunaren barruan ere. Erreinua, bere sakonean, ez da ideologia bat. Erreinua, bihotzak aldatzen dituen maitasunaren historia da. Eta misioaren hasieran eta jardueran, maitasunak bakarrik daki Erreinuko dinamika sortzen.  Maitasunak bakarrik askatzen du gizon edo emakume bakoitzaren bihotza.
Jesusen jokabideak geure jarrerak aztertzera eragin beharko liguke beharbada. Errazegi egiten ditugu bereizketak eta errazegi ezartzen ditugu mugak. Jainkoak badaki gure mugak eta gure bereizketak ederki asko gainditzen. Zorionez! Eta, geure jarrerak aztertuz, ikasi behar dugu Jesusen maitasunez eta hurbilkeraz, dena alda daitekeela. Maitasunaren lanak!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.