C 32 – Hegoak ebaki banizkio

Argitasun handia(Igandeko ebanjelioa: Lk 20, 27-38)

Zer gertatzen zaio giza bihotzari, daukanaz eta denaz ez konformatzeko? Nolakoa da giza bihotza, beti gehiago baten ametsetan bizitzeko? Zer egarrik erretzen du barrutik, eskuetan daukana ahaleginez bilatu ostean, lortu duenari gutxi etsitzeko? Aurrena ametsetan handi iruditzen zaiona, gero errealitatean zergatik ikusten du hain txiki?
Eta dudarik ez dago, arazo honen akatsa ez dagoela gauzetan edo gertaeretan. Akatsa, hori akatsa baldin bada, giza bihotzean dago. Gizakiok sekulako borroka bizi dugu, nahiaren eta frustrazioaren arteko borroka; izan ere, askotan ematen du, lor dezakeguna baino zerbait gehiagotarako izan garela eginak. Eta ematen du, sekula iritsiko ez dugunaren ametsa eman zaigula.
Eta jakina!, gizakiak ezin dezake luzaro iraun borroka horretan. Eta bi irtenbide bilatu dizkiogu biderik gabeko egoera honi: bata, ametsari edo egarriari hegoak moztea; eta bestea, esku artean daukagun ezina ahazteko edo ahazturik, beti ametsetan bizitzea. Ez nuke asmatuko zehazten zein irtenbidetara apuntatu den jende gehiago, larre motzera edo ametsetara. Gauza bat badakit, jende asko dabilela larre motzean.
Alegia, bihotzari gehiago nahia murriztu dio eta esku artekoarekin bizitzen ikasi du. Eta hortxe, eguneroko atsegin laburren bila, bihotzaren galdera nagusiak ahazteko ahalegin azken gabean. Listoi guztiak beheratu, ilusioak e­tsipenarez guraizez moztu edo ebaki, eta horrelaxe, dagoenarekin konformatuz. Zer nahi duzu bada egitea? Segi egin beharko. Daukaguna besterik ez daukagu, ez dago gehiagorik. Eta bihotzak etsitzen ikasi beharko du, onez nahi ez badu, derrigorrez.
Badira bestelakoak ere; bihotzaren egarriari aurrera ihes egiten diotenak, alegia. Errealitatea ahazteko, beti ametsetan dabiltza edo daude. Esku artean edo bizitzan daukatenak ez ditu asetzen eta, begiak itsirik, amets egiten dute. Eta beren ametsaren gozotan etzanda daude. Ametsaren hegoetan lo hartu dute. Ametsaren drogan kateatuta daude. Gozoki kateatuta. Gozoki, errealitate gordinari ihes egitea lortzen baitute nonbait! Hemengoak ez die ezertarako balio eta ez dago ihesa beste irtenbiderik.
Bada, ordea, zorionez beste irtenbide bat, edo beste jardunbide bat. Eguneroko errealitatea bizitzera zaramatzan esperantza indartsua. Gaurko Ebanjelioak begibistara ekartzen digun betiko bizia. «Sinesten dut bizia». Betiko biziaren argitan bizitzen ikasi dugu mundu honetan. Ikasi dugu esku artean dauzkagun gauzei gehiago baten esperantza ematen eta, esperantza horrek eraginik, errealitatearen borrokan sartuta gabiltza.
Ez daukagu ametsari hegoak moztu beharrik, esperantza egiazkoa baita. Ez daukagu errealitatetik ihes egin beharrik, errealitatea esperantzaz bizi baitaiteke. Hori ez, esperantza hori ezin dezakegu geure erara kontrola. Etorkizuna ez daukagu patrikan, guk nahi bezala gertarazteko. Baina esperantza indartsua da eta eguneroko errealitatea sakonenetik bizitzera eramaten digu. Horregatik, esperantzak edertu egiten digu eguneroko borroka.
Hiru gauza eder erakusten dizkigu esperantzak.
Bat: Sufrimenduaren balioa ikusten duzu. Hainbestetan iruditzen zaigu sufrimendua gehiegizkoa dela lortzen duguna lortzeko! Baina esperantzak argitzen du sufrimenduaren sentidua.
Bi: Eguneroko gauza txikien balioa. Gauza txiki hoiek ez dute ematen esperantzaren neurrikoak. Baina esperantza gauza txikiez janzten da.
Hiru: Jainkoaren maitasuna handia dela, nahiz eta gauzak aldatzeko indarrik ez duela iruditu. Etorriko da egun bat, dena berrituko dena. Jainkoak dena berri egingo du. Nola izango den dena berri? Ez zaitez fantasiaren hegoetan ibili alferrik. Gauza bat badakigu, garrantzizkoena: egun hartan dena ederra eta bikaina izango dela. Zertarako jakin nahi duzu gehiago? «Sinesten dut betiko bizia».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.