C 33 – Etorkizunaren besoetan

la foto(Igandeko ebanjelioa: Lk 21, 5-19)

Jesusek, azken epaia aurrean jarri nahi digunean, ez du jotzen jarrera barroko eta barnekoietara. Azken Egunaren planteaketa ez digu egiten norberaren kontzientzi azterketaren mailan. Jesusen ikuspuntuak biak lo­tzen ditu, gaurkoa eta etorkizunekoa, barrukoa eta kanpokoa. Batasun hautsiezin sakonean gertatzen baita pertsonaren historia, eta baita munduarena ere. Jesusen hitzek, eta igande honetako ebanjelio-atala testigu, oreka edo ekilibrio ederrean lotzen dituzte kristau-esperantza eta munduaren errealitatea.
Alde batetik itxaropenaren argi dirdaitsua eta, bestetik, munduan ikus ditzakegun gezur eta agintekerien aurrean behar den buru-argitasuna. Munduaren errealitatea, Jainkoa zapuztearen ondorio ilunez, benetan zapaldua baitago, kateatua, ezinaren indarkeriaz tristetua: gerrak, zapalketak, hilketak, indarkeriak, torturak. «Herriak herrien kontra, erreinuak erreinuen kontra». «Lurrikarak, izurriteak eta gosea». Indar ilunen «ezaugarri ikusgarriak».
Eta munduak eskaintzen duen argazki horren barnean, fededuna. Babesik gabe, xume. Bere bizitza Jainkoaren eskuetan utziz. Badaki Jainkoak ez duela bererik bazterrera uzten. Badaki, inolako konparaziorik ameti­tzen ez duen borroka dela munduko indar ilunen eta kristau xume indargabearen artekoa. Baina, hala ere, ez dago barrutik urduri. Ez du bakea  galtzen. Badaki, azkenean Jainkoaren epai salbatzailea gailenduko zaiola errealitate mindu eta desegile horri. Eta horrek ematen dion bakez, mundu hobe baten aldeko borroka ari du, ustetsu eta sendo. Bizia esku onetan, esku onenetan, edukitzearen bake barrukoz.
Baina, nondik datorkio Jesusen ikasleari barruko bake ustetsu eta sendo hori? Ez, noski, lasai bizitzetik. Ez dihoakio bizitza oso lasai, ezta gutxiagorik ere. «Erasoko dizuete, kartzelatuko zaituztete». Jesusen jarrai­tzaile izateak esku-eskura jartzen digu erasoa. «Gurasoak, senideak, anai-arreba eta adiskideak» kontra izango ditu behin baino gehiagotan. «Hil egingo zaituztete». Jesusek ez zion bere ikasleari bizitza samurragoa edo erosoagoa agindu. Ez zion sekula, fedegabeari baino biziera estaliagoa eskaini. Beraz, bake ustetsu hori ez datorkio alderdi horretatik.
Nondik, beraz? Fededunak ez du bere bizitza gaur itxi baten esparruan bizi. Fededunak badaki gaurkoari etorkizunaren leihoa irekitzen, zabal irekitzen. Eta etorkizunetik datorkio esperantzaren argia. Badaki etorkizuna ez dagoela urruti. Uste baino gertuago dagoela. Lapurra uste baino gertuago azaldu ohi den bezala, halaxe etorkizunaren presentzia.
Eta etorkizunak janzten dio balioz gaurkoa. Gaurkoak etorkizunaren hazia darama bere barnean. Eta etorkizunetik neurtzen da gaurkoaren balioa. Gaurkoa berez oso mugatua da, eta ez genuke absolutizatu behar (gaurko osasun ona, gaurko arrakasta…). Gaurko hondamendiak ez gintuzke etsipenera eraman behar (gerrak, izurriteak, mehatxu ekologikoak…). Ez genuke indar ikaragarri horien aurrean bururik makurtu behar, gure fedeak bai baitaki «Jauna» nor den. Eta «Jauna» nor den jakinik, galtzen ere badakigu, ez gaitu galtzaile izateak gehiegiz kezkatzen. Etorkizunak argitzen baititu errealitateak.
Honekin ez dut esan nahi, errealitatetik pasa egin behar dugunik, pasotismo arduragabe baten jolasean. Baina errealitatea bere neurrira ekartzen du etorkizunak. Eta hori da kontua. Dena etorkizunetik epaitzen dakienak, bere onean ikusiko du egungo errealitatea. Gauzak bere egian neurtzeko, balioak bere onean mugatzeko, etorkizunaren begiak zabalik behar dira. Bada dena hemengo horma itxien artean begiratu nahi duenik. Horrela ongi balebil, bejondaiola! Fededunak nahiago du etorkizunaren besoetan bizi. Eta etorkizun hori etortzen ari zaion neurrian, bejondaiola! Bakean bizi da etorkizunaren besoetan.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.