C 34 (Kristo Errege): Gure zoria, gure zerua

Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Lk 23, 35b-43)

Ez dakit zer irudi sortzen den askorengan, «errege» hitza aipatzean. Baina beldur naiz, ez ote den izen egokiena, Jesusen nagusitasun zerbitzaria adierazteko. Eta azpi-azpian gurutzetuaren erregetasuna ez ote den gaizki ulertzen, edo mundu honetako erregetasunen erara ulertzen. Eta egia esateko, Jesus errege  da, baina ez agintearen eta ahalmenaren bidetik, zerbitzuaren eta bere bizia ematearen bidetik baino.
Gaurko Ebanjelio-atalak erakusten duen erregea benetan berezia da, berezirik baldin bada. Gurutzean, bere azken odol-tanta isurtzeko unean azaltzen zaigu. Azpitik, bere indarra erabil dezala eskatzen diote. Baldin eta errege bada, bere burua salba dezala. Eta gurutze-gainean, Jesus isilik, ezinaren besoetan ahul asko hil­tzen. Ezinaren ozpina hondo-hondoraino edaten ari da gurutzeko azken unean. Eta txokagarria da zinez, une horretan errege eta salbatzaile aitortzea, heriotzerainoko ahuldadez hiltzen ikusten duguna.
Errege zerbitzari honek «zerua» eskaintzen du, paradisua. Horregatik da errege, gizakiari zoriona eskain diezaiokeelako, giza historiari etorkizunaren ateak erabat zabal diezazkiokeelako, gizakiaren betikotasun-egarria ase dezakeelako, gure zorion-ametsa onez burutu dezakeelako. Nork ez du zorion betearen ametsa egin? Nork ez du betikotasuna desiratu? «Jesus, oroi zaitez niretaz zure erreinura iristean». Esaldi horrek gizakiaren amets eta egarri guztiak jasotzen ditu.
Jesus errege da gurutzetik. Eta Jesus horren aurrean jokatzen dugu geure zoria, geure zerua. Gizakiak Jesusen aurrean jokatzen du bere zoria. Haren alde edo haren kontra, gizakiak bere kontzientziaren epai misteriotsua ematen du. Eta epai horretan, bere betikotasuna jokatzen du.
Gurutzeko maitasuna sinets daiteke edo uka daiteke. Gurutze-ondoko «gaizkile onak» Jesusen maitasuna sinesten du. Eta harengandik, Ebanjelio osoa batzen duen promesa entzuten du: «Gaur nirekin izango zara paradisuan».  Maitasuna sinestu du, eta bere barrenean, guztia baino indartsuagoa den zorion-eskaintza jaso du. Hori du zori, hori du zeru.
Eta maitasuna ez sinestea beste infernurik ba al da? Maitasuna sinesteko kapaz ez bagara, zer geratzen zaigu eskuetan, infernua ezik? Bakoitzak aukeratzen du bere infernua, maitasunari ateak ixten dizkionean. Zori onaren bideak ixten direnean, biziari ateak ixten zaizkio. Bai, Jesusen aurrean jokatzen dugu geure zoriontasuna, geure bizi-aukera, geure zoria eta zerua.
Ederra da eta beharrezkoa, Jesusen aurrean jarri eta maitasuna gozatzea. Gurutzeko ahuldadeak maitasunaren besoak zabal-zabalik erakusten baitizkigu. Zerua ez da leku bat. Zerua topaketa da, festa da, harmonia da, betetasuna da eta hitzek esan ezin duten zerbait gehiago da. Eta oraina argitzen duen etorkizun irekia da.
Izan ere, etorkizun argitsuak bakarrik eman diezazuke beldurrik gabe maitatzeko adorea. Zeruak zeure barruan beldurrik gabe bizitzeko askatasun betea eskaintzen dizu. Zeruak, lurra bete-betean eta azkeneraino maitatzeko arnasa ematen dizu. Zeruak, gure gaurko eskasiari, dena bikaintzen saiatzeko barne-pulamentua ematen dio. Zeruak Jainkoa jartzen dizu eskura, gizakia mugarik gabe maita dezazun. Zeruak erreinura begira jartzen zaitu, lurra erabat maita dezazun.
Kontraesana dirudi, erregea gurutzean josita ikustea. Baina, hortik datorkigu esperantza eta hortik bizipoza. Hortik ateratzen diogu ezinari fedea. Hortik daukagu eginkizunerako ahalmena. Hortik daukagu maitasunerako Maitasuna. Gurutzeko erregetza zerbitzaritik daukagu, eguneroko gauza txikietan gauza handiak espero izateko bihotza. Txokagarria izango da gurutzeko erregearengan sinestea, baina zer nahi duzu? Horixe dugu guk gure zori eta gure zeru!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.