C 4: Aniztasuna ez da pasotismoa

Sua(Igandeko ebanjelioa: Lk 4, 21-30)
Gaurko ebanjelioan Nazaretarrak Jesus herritik atera eta amildegian behera bota nahirik ikusten ditugunean, gaur egun jende askori gertatzen zaionaren irudia suma daiteke. Jende askok bere uste eta sinesterik sakonenak axolarik ezaren amildegira bota ditu. Eta gaur ez daki zer pentsatu eta ez daki zer sinetsi. Edozer pentsa­tzea edo edozer sinestea libre da. Ezer ez pentsatzea eta ezer ez sinestea ere bai. Bakoitzak ikusi behar du berea. Eta hori guztia aniztasunaren izenean.
Aniztasuna da hitz magikoa. Aniztasunaren klabea lorpen handia izan da alderdi askotatik begiratuta. Hori ez dago uka­tzerik. Gizarteko harremanetan itsatsi beharreko klabea da; baita Elizakoetan ere. Gaur ezkutatu da garai bateko ikuspegi bakar hura, bai gizarteko gaietan bai erlijiozkoetan. Eta ez daukagu klabe bakarraz ibiltzerik.
Adibide bat jartzeko, gaur egun ni bizi naizen Arantzazuko Santutegian, aniztasunaren klabea ezinbestekoa da. Era askotako jendea dator eta arrazoi oso ezberdinengatik dator eta gauza ezberdinetara dator Santutegira. Ebanjelizazio-senez jokatu nahi izatekotan, klabe ezberdin horiei proposamen ezberdinak egin behar zaizkie, azken batean pertsona guztiak direlako inportanteak. Hari bateko fedea joan zen pikutara, eta fedea hari bakartzat hartzen zuen ikuspegia zer esanik ez!
Dudarik gabe, aniztasuna lorpen handia da. Baina, aniztasunaren aitzakiatan, gure artean nagusitu den axolagabekeria erabat desegilea da, edo izan daiteke. Axolagabekeria idatzi dut; beharbada, erlatibismoa ida­tzi beharko nuen. Baina, gaur egun erlatibismoak hartu duen jira ikusita, ez dabiltza elkarrengandik oso urruti erlatibismoa eta axolagabekeria. Azken batean dena eta edozer berdin da. Gauza batek ez du besteak baino gehiago balio. Ikuspegi desegile horrek zer ekarri digu? Ezer ez da egia edo gezurra. Ezer ez da ederra edo zatarra. Ezer ez da ona edo txarra. Bakoitzak aukeratzen du berea eta aukera horretarako ez dago erreferentzia segururik.
Eta zuk zeure sinesmen sendo eta tinkoak bistaratzen badituzu, badakizu fanatikoa edo fundamentalista deituko dizutena. Ezer ez dago segururik eta ez daukazu ezer seguru eduki­tzeko eskubiderik. Dena da erlatiboa. Erlatibismo hau edo beronen ondorioz sorturiko axolagabekeria, erlijioaren alorrera ekartzen badugu, erlijio guztiak gertatzen dira susmagarri. Jainkoa, sinesmena, ez dira esanahi bakarreko hitzak gertatzen.
Batzuek, erlijioan babesturik, ez dizute ezer berririk aipa­tzen edo ezer aldatzen utziko, erlijioari dagokion guztia absolutua ikusten dutelako. Beste batzuek, berriz, eragin modernoaren bidetik, dena aldakor ikusten dute, eta esperientzia pertsonalari emango diote garrantzia, ez egia absolutuei.
Nazareteko pasadizoa argigarria da. Larru xumean eduki handiak ikusi ezin dituen jendeak, ezin du onartu Jesusen presentzia. Larru xumeegia (Joseren semea…), hainbesteko Berri Ona edukitzeko. Erlatibismoaren izenean erabaki absolutuak hartzen dituzte. Ez dakite toleranteak izaten. Ez dakite bestearenari tokia egiten. Ez dakite apalak izaten. Beraiek kontrolatu nahi dute Jesusen egia.
Horrek zerbait erakusten digu. Gure fedeak apala izan behar duela, hori aurrena. Oinak lurrean dituen fedea eta lurra ontzen saiatzen dena. Gure fedeak jakin behar duela irekia izaten, baina axolagabekerian erori gabe. Gure fedeak oinarri sendoak behar dituela, azukrea bezala uretan urtu ez dadin. Gure fedeak jakin behar duela bere uste sakonak aitortzen, harrokeriarik gabe, fanatismorik gabe, baina fede beraren indar sendoz.
Ez daukagu zer harroturik, fededun garelako; baina ezta zer lotsaturik ere. Aniztasuna bai, baina pasotismoa ez!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.