C 5: Errudun, baina noren aurrean?

Semea1(Igandeko ebanjelioa: Lk 5, 1-11)
Oraindik ere badira, errudun sentitzearen errua erlijioari egozten diotenak. Inolako zalantzarik gabe esaten dute, erlijioa ezkutatuko balitz, errudun sentiarazten gaituen Jainkoa ezkutatuko balitz, ez litzatekeela erruaren kontzientziarik izango. Alegia, erruaren kontzientzia hori Jainkoak erabiltzen duela jendea lotuta edukitzeko. Edo hobeto esango genuke: erlijoek Jainkoaren aginduak eta horien osteko errudun-sena, jendea menpetzeko erabiltzen dituztela. Jainkoa kenduz, errua kendua!
Badaukate deskuido ederra! Zer edo zergatik hitz egin du hainbat pentsalari modernok erruaren presentzia haizatu ezinaz. Giza zientziek, eta filosofiak bereziki, orrialde asko eta asko eman dizkiote gai honi. Gizaki orok bizi duen esperien­tzia da erruarena. Ona egin nahi eta gaizkia egin. Guztiok sentitzen dugu on egiteko bokazio jatorrizkoa; baina gaizkia egiten dugu, gaitz egiten dugu. Eta aipatzen dudan esperientzia hau ez da fedegabekoena bakarrik edo fededunena bakarrik. Guztiona da, fededun izan edo ez izan.
Fededunok erruaren esperientzia Jainkoaren argitan bizi dugu. Egin beharreko galdera da, zein Jainkoren aurrean bizi dugun erruaren esperientzia hori. Erruaren karga inolako Jainkorik gabe bizi duenak, badauka nahikoa. Baina ez da nahikoa Jainkoaren aurrean bizi dugula esatea ere. Bai baitira erruaren esperien­tzia mindu eta sakondu egiten duten jainko-moldeak. Eta, kasu horietan, Jainkoak erruaren esperientzia sendatu ordez, kaltetu eta okerragotu egingo liguke. Eta hori ez da kristauari dagokion ikuspuntua.
Penagarria da, baina den bezala esan beharko dugu: oraindik ere bada kristaurik (eta beldur naiz askotxo ez ote diren!), Jainkoaren aurrean barkazioa eta adiskidetzea gozatu ez duenik. Sekula ez dute Jainkoaren ontasunaren esperientzia mardul eta berritzailerik bizi izan. Eta batek askotan galdetzen dio bere buruari, nola demontre iritsi ote garen jarrera zapaltzaile horietara, Jesu Kristo ezagutu eta gero! Ez da ulertzen erraza, baina errealitatea ez dago ukatzerik. Bizikizun ilun horretatik jendea askatzeko egin dezakegun guztia ez da nahikoa izango.
Zenbat jenderi sentiarazi ote zaio Jainkoaren beldurra! Jainkoak agindu mordo bat jarri digu bere komenentziara eta aginduak ez betetzeak zigorra dakarke. Jainkoaren kapritxoaren atzaparretan sentitzen da zenbait. Ez dute ulertzen, Jainkoak gure mesedea besterik ez duela nahi. Gaitza kendu nahi digula paretik, gaitzaren katean eror ez gaitezen. Bekatua, azken batean, ez dela Jainkoari egiten diogun kaltea, geure buruari egiten dioguna baino. Hori bai, Jainkoari ezerk ematen baldin badio min, guri egindako kalteak ematen dio. Jainkoak onez nahi gaitu.
Jainkoa barkazioaren eta adiskidetzearen iturritzat ikusi eta hartzeak ez du, ordea, maitasunari zor zaion erantzukizuna gutxitzen. Hau da bestea: zenbaitek erruaren pisua arindu du, erantzukizuna gutxituz. Pen­tsatzen dute nonbait, legeak eran­tzukizun gehiago sortzen duela maitasunak baino. Eta hori, zorionez, ez da horrela. Maitasunak sortzen du bizitzarako edertasunik bikainena eta, bide batez, maitasun hori hutsean uzteko kezka ere bai. Eta kezka horretatik dator fededunaren erantzukizuna. Jainkoak gehiegi maitatu gaitu, maitasun horrekin jolasean ibiltzeko.
Ebanjelioko Pedroren jarrera hor dago. Jesusen oinetara ahuspezten da bere erruaren pisu astunez makurturik: «Zoazkit, Jauna, nire ondotik, bekatari naiz eta». Jesusen erantzuna: «Ez izan beldurrik; hemendik aurrera giza arrantzale izango zara». Barkazio eta adiskidetze horretatik sortzen da fededunaren bokazioa eta eginkizuna. Erruaren losazpitik askaturik, bizi dezakegu misioa. Bestela, erruaren azpian badugu nahiko arazo, beste ezertara emana bizitzeko. Bai, errudun gara; hala esaten digu bakoitzari esperien­tziak. Baina, errudun zeren aurrean edo noren aurrean? Hor­txe dago koska!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.