C Abendua 1: Itxaropenaren ordua da

Lanpara(Igandeko ebanjelioa: Lk 21, 25-28. 34-36)

Liturgi urte bat amaitu eta berriari ekiten diogu gaur. Elizak berriro ere bide berri bat egiteko oinetakoak janzten ditu eta helmugarantz abiatzen da. Ez da, noski, egutegiaren eskakizun bat; barruko sineste sakona baizik.

Une berrian jartzen gaitu Abenduaren hasierak, eta une berri horren aukera ez genuke alferrik gal­tzen utzi nahi. Une berria diot, fedearen ibilbidean ez baita ezer errepikatzen, dena da berria. Fededun bakoitzari eta gizaki bakoitzari eskaintzen zaigun aukera aprobetxatzekoa da.

Zerk ematen dio berritasun hori, gaur hasten dugun garai berri honi? Zerk esna dezake gaurko gizakiaren bizitza, bide berri bati ekiteko? Zein da, beste era batera galdetuta, zein da gaurko gizakiok daukagun behar nagusia? Badakit alde askotatik eta era askotara ikus daitekeela behar nagusi hori. Baina nik itxaropena deituko nioke behar nagusi horri. Gaurko gizakiak, gaurko gizarteak, itxaropena behar du, esperantza. Eta gure herriko gizon-emakumeek ere, besteak beste eta beste ezeren gainetik, esperantza behar du.

Eta ez naiz ari esperantzaren beharraz, gure egoera politikoa dagoen bezala dagoelako. Horrek ere itxaropena behar du. Baina aurreragoko beharraz ari naiz. Gaurko gizon-emakumeak, bere gizatasun neurriak txukun garatzeko, itxaropena behar du. Bestela, argi guztiak itzaltzen zaizkio. Itxaropenaren faltaz, bide guztiak ixten zaizkio eta etsipenaren jarduera itoa sortzen da. Eta gaur gauza asko dauzkagu, aurrerapen nabarmenak, bizigiro erosoa eta nahi den guztia, baina jendea etsita dago. Eta etsipenak pertsonaren indarrik onenak ahultzen eta moteltzen ditu.

«Jendea ez da hain gaizki bizi», esango zait. Badakit hori. Baina itxaropena ez da ongi bizitzea edo etxean erosotasun guztiak edukitzea. Itxaropena ez da gauzez edo erosotasunez neurtzen. Gauza asko behar denean, erosotasun gero eta handiagoa behar denean, gure beharren mugak gero eta zabalagoak direnean, argi dago itxaropena falta dugula. Gure beharren ase ezinak behar nagusi bat nabarmentzen baitu. Gaurko gizon eta emakume askok gauza asko behar dute, sakoneko bizi-sentidua eta bizi-arrazoia falta dutelako. Eta munduko gauza guztiek ez dute bizi-oinarri hori ematen.

Zergatik gabiltza gure harremanak bideratu ezinik?, eta ez gizarte zabalean bakarrik, baita gure familietan eta ezkontzetan ere. Zergatik gabiltza sal-erosketaren gurpil zoroan murgilduta, giza bizitzaren edertasuna hortik ez datorrela jakinik? Zergatik gabiltza sufrimenduari ihes egin nahi larri eta alferrikakoan? Itxaropenaren bide eta jokaerak ez dira horrelakoak. Itxaropenak badaki gauza guztiak bere neurrira ekartzen. Itxaropenak badaki behar faltsuen morrontzatik ihes egiten. Itxaropenak badaki eguneroko bizitzari poza sor­tzen. Itxaropenak badaki gizatasunez sufritzen ere.

Abenduan sartzen gara gaur. Eta Abendua itxaropenaren garaia da. Abenduak berriro jaikitzeko deia egiten digu. Esnatu egin nahi gaitu. «Zaudete erne» esaten digu. Eta mesedegarria izango litzateke, bakoitzak bere barruko eta gizarteko ibilbideak aztertzea. Bakoitzak bere gizatasunaren galdera egitea. Etsipen gehiegi dago bazterretan. Alferrik da gure etsipenak kanpoko baliabidez estali nahia. Argi dago zibilizazioaren bizi-eskaintza handiak, eman behar omen zutena eman gabe lehertzen ari zaizkigula. Beraz…

Beraz, entzun behar genuke gaur hasten dugun Abenduaren deia. Abenduak itxaropenaren Jainkoa jar­tzen digu begien aurrean. Gure ezin eta ondoezak atera behar genituzke Abenduaren aire garbi eta berritzailera. Etsipenaren arropa zaharrak esperantzaren lisibaz garbitu behar genituzke. Merezi du esperan­tzan eta esperantzaz bizi­tzea. Merezi du gizatasuna bere onenean garatzea. Itxaropenaren ordua da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.