C urtea: Jainkoa ezagutu dugu

la foto(Igandeko ebanjelioa: Jn 16, 12-15)
Hirutasun Santuaren festaburua ospatzen dugun egunean, Jainkoa ezagutu dugula esatea, txokagarria irudituko zitzaizun beharbada. Noski! Jainkoa misterioa dela esan izan banu, tira. Jainkoa, hirutan bat dena eta batean hiru, ez daukagula inolaz ere ezagutzerik esan izan banu, konforme! Ez al ginen bada gelditu, Jainkoak gure ezaguerak baino neurri zabalagoak dituela! Misterio hitzak berak, «ezagutu ez daitekeena» esan nahi omen zuen!
Honainokoa jende askok Hirutasunaz dakiena eta esango lizukeena, negargarria bada ere. Eta Hirutasun Santuaren festa hauxe da ulerkera itxuragabeko horren adierazgarri. Jainkoaren arazoa zenbaki batena balitz bezala! Zorionez, zenbaki baten kontua ez da, harreman baten kontua baino. Bere burua adiskidetasunez ezagutzera eman digun Jainko adiskidearen kontua da. Bere izate gordea bistaratu digun Jainko maitagarriaren kontua da. Zorionez!
Bai, fededun askok txikitan ikasi zuenaren kontrakoa dela esango nuke Hirutasunaren festaburua. Ez da ezagutu ezinaren eguna, ezagutzera eman denaren eguna baino. Ez da, ezer ulertu ez duen fededun apalari eskatzen zaion adoraziozko jarreraren eguna, baizik gehiegi ulertu duenari sortzen zaion esker onezko festa eta harridura da. Maitasuna eskuerara jarri digun gure Jainkoaren ezaguera gozatzen dugu. Eta hain da ustekabekoa Jainkoa ezagutzea, hain da kabitu ezinekoa horrenbesteko maitasuna, hain da gertukoa urrutikoa zenaren presentzia… misterioa izango ez da bada! Gehiegi ulertzearen harridura, alegia!
Zer dakidan, gehiegi ulertze horretan? Liturgi urtean zehar ospatzen duguna, horixe dakit! Jainkoa gizon egin zaigula bere Semearengan. Jainkoak nire zoria bere gain hartu duela, nitar eginez. Jainkoak askatu egin nauela nire giza izateak zeraman pisu astunetik. Nire eguneroko ezinaren eguneroko heriotza berak bere gain hartu duela, eta bizitzarako askatu egin nauela. Nire ezinera hilarazi, eta ezinetik berpiztu! Horraino badakit!
Eta gehiago! Bere barruko arnasa eman didala ahoz aho. Eta orain eguneroko bizibeharraren eta biziezinaren bideetan ustetsu joan naitekeela, Espirituaren arnasa eman didalako. Orain lagun hurkoa maita dezakedala, Espirituaren maitasun-eraginak barrutik bizitzen nauelako. Orain esperantzari indarrean eutsi diezaiokedala, gertatuak gertatu barrutik Espirituaren bultzada senti dezakedalako! Horrenbeste badakit!
Eta Semeak eta Espirituak irakatsirik, Aita bat badudala badakit. Eta Aita horren babesean konfiantzaz bizi naitekeela badakit. Ezagutu dut neurrigabe maitatua izan naizela, eta barrua askatu egin zait. Nire konplexu eta beldurrak egunero uxa ditzaket. Nire tristurak egunero poztu ditzaket. Nire bakardade minduak uneoro goza ditzaket. Aita badudala esan baitzait. Hori ere badakit!
Ezagutzera eman zaidan edertasun honetan guztian hiru izen erabili ditut: Aita, Semea eta Espiritua! Hor­txe daukazu ezagutzera eman zaiguna! Horixe da Jainkoa! Horixe Jainkoaren jarduna! Hiru presentzia zoragarri horiek gozatzea eman zaigu. Horixe da bizi dugun harreman paregabea. Horixe da gure Jainkoa! Norbaitek jarraitu nahi baldin badu Jainkoa nor eta zer eta nolakoa eta zenbatekoa eta buruz ulertu nahirik, ez alferrik! Maitasuna ez da buruz ulertzen. Maitasuna ez da zenbakietan eta definizioetan kabitzen. Harremana ez da fisika eta kimika. Harremana, pertsona arteko poza da!
Horrelakoxea da ezagutu dugun Jainkoa! Hauxe da igande honetan esker kantuz ospatzen dugun Jainkoa! Hauxe da gure ibilbidea edertasunez janzten digun Jainkoa! Jainkoa ezagutu dugu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.