Bederatziurrena 9: Esperantza zerbitzaria da

Esperantzari gagozkiolarik, eta esan ditugunak esanda, halako arrisku bat badugula iruditzen zait, eta arriskua da, esperantza bakoitzak beretzako birtute bezala ikustea. Esperantzaren sujektu bezala «ni». Baina kristau-esperantzak jartzen digun eginkizuna, «ni» hori «gu» bihurtzea da. Eta gu horretan, gizakiok ez ezik kreazio osoa ere sar­tzen da.

Esperantzaren izaerari berari dagokio ingurukoen etorkizunaren ardura eta interesa izatea. Normala, itxaropena maitasunari estu lotua dagoenez. Eta esperantzak, gainera, bere dinamikari eutsi nahi badio, «esperantza ororen kontra espero izanez», sinesmenari lotua iraun beharko du beti. Esperantzak, sinesmenak eta maitasunak, bata bestearen eskutik doazen hirukotea osatzen dute.

Esperantza jatorrak, kontuz ibili behar du ihesbide faltsuetan galdu gabe. Giza bihotzak desio hain sakonak ditu, ez da zaila asegarrien bila harat-honat ibiltzea, bidea galduta. Gizadiaren zorion betea bilatzen duten giza utopien historia luzea hor dago. Hor daude terapia eskaintzen duten dei gezurrezkoak. Hor daude automedikazioa, farmakoak, lasaigarriak, alkohola, drogak… Terapia eskaini eta kalamidade sozial galanta eragin!

Erlijiozko irtenbide faltsuak ere izan dira eta badira. Benetako ahalegin zintzoen ondoan, lotura handiagora daramaten joku erlijiosoak dira. Hain da erraza nonbait gure desio handia engainatzea!

Honek guztiak erakusten digu gure esperantzak beti Jainkoaren Hitzari lotua joan behar duela. Hor dauzkagu eder asko Profeten pro­mesa-hitz dotoreak! Argi-ilunetan bizi garen bitartean, Jainkoaren Hi­­tzak eusten digu argitan eta itxaropenean. Gaur gure eliz elkartean esperantza gehien eragiten digun errealitatea, Jainkoaren Hitzaren in­guruan sortu diren taldeen kopurua da. Leial jarraituko al dute!

Era honetan sendotutako esperantzak zeregin ederra dauka gaurko Elizan eta gaurko gizartean, esperantza zerbitzatzea. Esperantzak giza historian txertatua behar du bizi, eta horrek misio jakina ematen dio gizon-emakume guztien artean.

Aurrena, Elizaren esperantza hauspotzea. Jesusek esan zigun zein­tzuk ziren erreinuaren ezaugarriak: gaixoak sendatzen zirela, herrenak bazebiltzala, gorrek entzuten eta itsuek ikusten zutela eta pobreei Berri Ona hots egiten zitzaiela. Itxura eskasean izanda ere, egintza harrigarriak! Gaur ere ezaugarri eskasak bizi ditugu Elizan, baina ez dugu eskandalizatu behar itxuragatik. Kontua da, ezaugarri apalez izanda ere, Jesusen Berri Onaren eskaintza handia ahaleginez egitea.

Eta bigarren, gizartearen esperantza kontsolatzea. Badakigu gizartean ez zaigula leku oso bistosoa uzten. Eliza ahuldua dago gure Europa zaharrean. Baina, oraindik ere Elizak badu zer eskainia eta zer emana. Eta, batez ere, Jesusen Berri Ona daukagu eskaintzeko. Ateak ixten zaizkigula eta, ezin dezakegu gizartea Jesusen Berri Onik gabe utzi.

Bakoitzak, gauden lekuan eta daukagun bidez, esperantza zerbitzatu behar dugu gizarte honetan. Kristau politikariak politika leiala eginez. Kulturan ari denak kultura gizalegezkoa eginez. Gizon edo emakume publikoak, guztien arteko baketzea eta berradiskidetzea bultzatuz. Komunikabideetan ari diren kristau kazetariek ere ez lukete ahaztu behar asko daukatela egiteko gizarteari esperantzan eusteko.

Gure herria, esperantza zauritua daukan gure herria, mezu esperan­tzazkoen beharrean dago. Eta guri dagokigu esperanntza hori zerbitza­tzea gure Elizan eta gure herrian. Denon artean, bideratuko ote dugu azken aldiko Esperantza betea!

Bederatziurrena 8: Hasierako maitasunera itzultzen

Pobre izan behar da esperantza ikasteko, esaten genuen atzo. Eta gaur, itxaropenaren ikasketak ezinbesteko duen beste jarrera bat aztertu behar dugu: esperantza ikastekotan, barrutik hasi behar da. Apokalipsi liburuan Efesoko Elizari egiten zaion salaketa, argigarria da: Efesoko Eliza oso ondo dabil eta oso ondo ari da, ekimen handiz eta sendotasunez. Baina, «hasierako maitasuna galdu du­zu –esaten zaio–; begira ezazu non erori zaren, eta itzul zaitez lehenera». Hori da: esperantza ikasteko, lehenengo maitasunera itzuli be­har dugu, hasierako maitasun freskora.

Eliz elkartea edo beste erakunderen bat berritu nahi dugunean, betiko gure arriskua izaten da kanpotik hastea. Antolaketa aldatu, indarrak hobeto aprobetxatzeko bideak egin, plangintza gaurkotua eratu, programak… Eta bide horretatik antzutasuna seguru daukagu. Egiturek ez dute nekea eta dezepzioa besterik sortzen. Lor daiteke denak ongi funtzionatzea. Baina antolaketak ez du bizirik eta pozik eta esperantzarik sortzen.

Beraz, azalean gelditzea, kanpokoaz konformatzea, ez da bide emankorra. Eliz elkartea berritzekotan, barrutik hasi behar da, fededun bakoitzaren bihotzetik. Berrikuntza egokiak sinesmena behar du, esperien­tziaz igurtzitako sinesmena, segizio leialean landua, el­kartean bizia eta ebanjelizazioaz arduratua. Kontua da, Ebanjelioak ematen dizkigun gako hauek odolera pasatzea.

Nola pasa esperientzia horiek odolera? Bistakoa da lan espiritual inportantea egin beharra daukagula. Barruko lana egin apaltasunez, pazientziaz eta iraupenez. Garai bateko jakabideek ez gaituzte gaurko eliz bizieran betetzen, ez zaizkigu egokiak iruditzen; horiek utzi, baina beharbada ez dugu bide berririk aurkitu, ez dugu barruko lana egiteko aukera berririk aprobetxatu. Eta hori, eliz elkarteak bere osoan planteatu behar du, baina fededun bakoitzak ere bai. Nire ba­rruko beharrari erantzun egoki bat bilatzea inportantea da.

Barruko balioak lantzen ez diren lekuan, esperantza moteldu eta galdu egiten da. Eta esperantzaren faltan, gure jarrerak gogortu, kalzifikatu egiten zaizkigu. Boluntarismo handiaz joka genezake, baina barruan, zainetan, esperantzaren odola falta baldin bada, ez dugu pozik izango, eta pozik gabe, kito!

Barruko lana egiten badugu, ordea, bizia edertzen hasten da, emaitza berridun landareak indartzen dira, eta espiritua loretu egiten da gure bihotzean. Konfiantza sortzen da, leialtasuna pozten da, ardurak hartzeko arnasa berritzen da.

Barruko lan honetatik indartzen zaigun esperantzak bide egokian jartzen du gure jokabidea: ez dugu berehalako arrakasta bilatuko, leialtasuna baizik; ez dugu gure arduretan geure burua kulpabilizatuko; ez gara eginbehar itoan urduri estutuko; ez dugu pastoralgin­tzan presa estutzailerik biziko; ez gara tristeziaren ezintasunean eroriko.

Konfiantzaz, leial, arduratsu, egile bare, pazientziaz… eta pozik, Espirituak ematen duen pozez pozik!

Hauxe da, adiskide, Espirituak, barne-lana sustatuz, guregan egin nahi duen miraria, esperantzaren mirari ederra. Gure etorkizuna «hasierako maitasunean» daukagu. Hartara itzultzeko barne-lana, lan ederra, egin behar dugu atergabe.

Bederatziurrena 7: Behartsu, esperantza ikasten

Esperantza izaten ikasi egin behar da. Izan ere, gizakia borroka-zelai bat da berez. Gizakiaren bihotzean lehia bizian ari dira desioa eta beldurra, konfiantza eta deskonfiantza. Horregatik ikasketa-prozesu bat bizi beharra daukagu, desioak beldurra errenditu dezan eta konfiantzak deskonfiantzari gaina har diezaion. Esperantza ere ikasi egiten da, bizitzako beste esperientzia handiak bezala.

Esperantza ikastea oso beharrezko dugu; are gehiago, bizi dugun kultur giroak ikasketa hori zailtzen digunean. Kristauok badakigu itxaropena Jainkoaren dohaina dela, baina San Agustinek esaten duena: «Zu gabe sortu zintuen Jainkoak, ez zaitu zu gabe salbatuko». Graziarekin kolaboratzea da esperantza ikastea.

Esperantza ikasteko, ordea, baldintza batzuk bete behar dira eta lehenengoa pobrea izatea da. Pobreak espero duen bezala, espero behar du fededunak. «Horrengan jarriko ditut nire begiak: Nire Hi­tzaren aurrean dardar dagoen pobre eta apalarengan».

Nor da baina pobrea? Lehenengo eta behin, bere mugak, akatsak, bekatuak aitortzen dituena. Horretarako bere harrokeria gainditu beharra dauka. Bigarrenik, pobrea da, mugatua izanik, gainditu ezin dituen mugak bakean sufritzen dakiena. Hirugarrenik, pobrea da bere mozorroak eranzteko ausardia daukana; segurtasunez, koherentziaz, itxura onez azaltzeko eta geure zauri eta lotsak estaltzeko janzten ditugun mozorro engainagarriak eranzteko ausardia daukana. Pobrea, den bezalakoa azaltzen da.

Pobrearen ezaugarri hauek, pertsona bakoitzari bezala aplika dakizkioke Eliza osoari ere. Gure Elizak, itxaropenez bizi nahi baldin badu, banan-banan bereganatu behar ditu ezaugarri hauek.

• Bake ederrean konturatu behar dugu geure pobrezia soziologikoaz: gero eta ahulagoak gara gizarte gero eta ahaltsuagoaren er­dian.

• Gero eta argiago konturatu eta asumitu beharko dugu geure pobrezia ekonomikoa: gure gastuetan estuago jokatu beharko dugu eta pobreekin eskuzabalago.

• Samin barez sufritu beharko dugu gure pobrezia apostolikoa ere: ez dugu ahaztu behar, Jesusen Mezua nahi ez duen gizarte ho­nen erdian ari garela Berri Ona hots egiten.

• Gure pobrezia morala ere barneratu beharko dugu: gure kristau-bokazioak eskatzen digun mailatik urruti gabiltza.

• Gure bizi-pobrezia ere onartu behar dugu: geurez, gure ahalegin, balio eta programez, ezin dugu salbazio-izpirik ere eragin.

• Eta azkenik, pobrezia profetikoa bizi behar dugu: edukitzearen eta pilatzearen diktadura salatzeko, eta dirutan eta segurtasun materialean bere konfiantza jartzen duen mundu honen zapalketa guztiak salatzeko.

Hori dena posible egiteko, gure Elizak gero eta gehiago urreratu behar du era guztietako pobrezi egoeratara: ekonomiaz, osasunez, hezieraz eta sozialki pobre direnengana. «Pobre-pobreenengana hur­bildu behar du.

Gipuzkoako Elizbarrutiak bere «Eliz ereduan» egiten zuen afirmazio hura eduki behar dugu bihotzean itsatsita: «Gure kristau-elkarteen erdi-erdian kokatu behar dugu pobreen zerbitzua». Pobreen ondoan biziz eta haien egoera partekatuz, gure itxaropena, ahuldu beharrean, asko indartuko da.

Esperantza mantendu eta indartzeko ez dago bide hoberik, pobreengana hurbiltzea baino.

Bederatziurrena 6: Esperantza langilea da

Esperantza langilea da. Esperantza langilea da, bai. Eta hori esatea txokagarria gerta dakiguke, jakinik esperantza Jainkoaren dohaina dela, debaldekoa, merezi gabea. Debalde ematen baldin bazaigu, zergatik egin behar dugu lan, esperantza geure lorpena izango balitz bezala?

Kristau-sinesmenak garbi aitortzen du gure esperantzaren helburua Jainkoaren dohaina dela, eta ez giza lorpena. Baina, hori bezain argi aitortzen du, gure esperantzak ez duela izan behar pasiboa, baizik eta Jainkoaren dohainarekin lankidetza egin behar duela. Pentsalari batek bereizketa hau egiten du: itxoitea pasiboa da, baina espero izatea egilea da, aktiboa.

Bere talentuak morroien artean banatu zituen nagusiaren parabolaz akordatu. Batek, esperantzaz, talentuak ugaldu egin ditu; besteak ez. «Ondo, morroi zintzoa, gutxian ongi lan egin duzulako, asko emango zaizu». Edo San Paulok esaten duen esaldi ezagun hura: «Lan egin nahi ez duenak, ez dezala jan».

Eta ezin zitekeen bestela izan. Kristaua ezin daiteke izan giza historiaren ikusle kritikoa. Esperantzak errealitatean inplikatzeko dinamismoa ematen digu, haren barruan legami berritzaile izateko. Gure Unamuno handiak badu esaldi bat parera datorkiguna: «Posible dena egiten bete-betean saiatzen denak bakarrik dauka eskubidea ezinezkoa beteko dela itxaroteko».

Esperantzaren lanak berritzailea izan behar du, errealitateari gizatasuna txertatuz. Langintza konprometitua izan behar du, errealitatean leporaino murgildua, bere ahaleginez eta besteekin lankidetzan.

Azkenerainoko konpromiso honek, ordea, bere neurri ona mantendu behar du. Konpromisoa ezin daiteke ondoez bihurtu. Esperantzak pazientzia nahi du eta behar du. Nekazariak haziari, lurrean ereindakoan, bere denbora ematen dio; hala kristau-esperantzak, Jainkoaren denbora eta ordua errespetatzen du, pazkoko argi ederrak dena berrituko duen ziurtasunez.

Kristau-esperantzak aguantea behar du, iraun egin behar du, gauzen berritzea guk nahi genukeen erritmora gertatzen ez denean ere. Pazkoa ezkeroztik badakigu Jainkoa gailenduko dela, baina ez dakigu noiz eta nola. Hori kontrolatzea ez da gure eginkizuna. Pazien­tziak ereiten jarraitzen du, dena gau ilun bihurtzen denean ere. Pa­zientziak erakusten du gure esperantza zenbat kilatekoa den.

Esperantzak, pazientzia sendotuz, otoizlaria izan behar du. Otoi­tza ere esperantzaren alaba da. Otoitz egiten dugunean, Jainkoak salbatuko gaituela aitortzen ari gara. Guk ezin dugula aitortu eta Jainkoari heltzen diozunean, esperantzak indar handia hartzen du. Otoi­tzak pizten digu Jainkoaren desioa eta otoitzak errotzen digu konfiantza.

Eta azkenik, kristu-itxaropen langileak neurri ona zaindu behar du. Neurritsua izan behar du. Aseta satisfetxo bizitzeak tontotu eta azkenean nazkatu egiten gaitu. Erabat aseta gabiltzanean, gehiegikeriak gainezka egiten duenean, ez dugu Jainkoaren beharrik senti­tzeko biderik ere. Desioa galtzen duen pertsonarenak egin du. Eta neurririk ezak desioa moteldu ez ezik itzali egiten digu.

Asekeria satisfetxo horrek badu beste ondorio iluna: pobreekiko sentikaitz eta bihozgabe egiten gaituela. Aseta bizi denak ez daki beharraren larru-azalean sartzen. Berearekin aski du.

Kistau-esperantza, beraz, langilea da, pazientzia handikoa da, otoizlaria da eta neurri onekoa da. Ez genuke ahaztu behar!

Bederatziurrena 5: Esperantza alaia da, eta urduria

Esperantza ederrak bere ezaugarriak ditu, eta horien artean aipatzeko bat, alaitasuna da. San Paulok, behin baino gehiagotan uztartzen ditu el­karrekin esperantza eta alaitasuna. «Bizi pozik itxaropenean», «zau­­dete beti pozik», eta horrelako beste esaldi asko idazten ditu Paulok.

Alaitasunaren eta esperantzaren lotura hori ez da arbitrarioa. Izan ere, alaitasunaren etsaia ez da sufrimendua, ez; alaitasunaren arerioa tristezia da. Alaitasunaren benetako iturria zein den jakiteko giltza, zerk tristetzen gaituen aztertzea da. Eta garbi gelditzen da alaitasunaren iturburua esperantza ederra dela.

Hiru arrazoi izan ohi dira alaitasuna lapurtzen digutenak: bizitzeko sentidurik eza, maitasunik eza eta bizitzeko premiazko bitartekoen falta.

Esperantzak bermatzen digu gure bizitzaren sentidua. Lehenago edo beranduago, beti sortzen da gure lanak eta bilaketak eduki dezakeen sentiduaren galdera. Eta heldulekuak galtzen ditugunean, sinestedunari esperantzak ematen dio ahaleginari eusteko sena.

Maitasunik eza da alaitasunaren beste lapurra. Maitatzea eta maitatua izatea da edozein gaixotasunentzat sendabelar onena. Gizakirik dohaintsuena ere zorigaiztoko sentitzen da, maite ez badu eta maitatua ez bada. Esperantzak Jainkoaren maitasuna bermatzen digu eta maitasunerako prestatzen gaitu.

Eta, hirugarrenik, zer helburu edo zer helmuga eduki ditzake bizitzeko lain ez daukanak? Miseriaren barruan izan al daiteke esperantzarik? Horrelakoek, ezin bizi eta, bizirautea dute helmuga bakarra. Esperantzaren mezuak mundu zuzenago eta elkartasun gehiagokoa lantzera garamatza.

Esperantzatik sortzen den alaitasuna ez da dantzarako gogoa sentitzea edo optimismoa sumatzea. Geure larruazalean ondo sentitzea da alaitasun hau; errealitatearen alderdi onak ikusten jakitea; bizi-mailari tonu onean eustea, baita gauzak okertzen zaizkigunean ere. Gure inguruan ere bizitzeko gogoa eragiten du alaitasunak. Giza bihotzean, ondo ulertuta, elkarrekin joan daitezke inoiz tristura eta alaitasuna, baina kristauaren bihotzean alaitasuna gailentzen da.

Bestalde, alaitasuna bizi eta alaitasuna partekatzea da gure eginkizuzik ederrenetakoa.

Alaitasunaren ondoan, badu kristau-esperantzak beste ezaugarri bat aipatzekoa: ardura da, urduritasuna, erne bizitzea. Jainkoarengan esperantza jartzen duena, erne bizi da. Erne bizitze hau urduritasun sano batekin parekatu dezakegu. Urduritasuna ongi ulertuta, noski. Erne egote biblikoa ez da antsietate urduria, ez da perfekzionismoa, ez da ezkortasuna. Esperantzatik sortzen den urduritasuna beste ez­pal batekoa da. Honako konbentzimendu honetatik sortzen den urduritasuna da: betetasun gehiagoko etorkizuna daukagula zain. Gauzen benetako egia ez dela orain direna, izango direna baizik.

Urduritasun edo erne bizitze honetatik bi ondorio atera ditzakegu: bata da, errealitatea ez absolutizatzea, ezer ez baita oraindik bere heldutasun osora iritsi: ez familia, ez aberria, ez eliz elkartea, ez bakegintza, ez nire historia pertsonala. Jauna bakarrik da osabetea.

Bigarren ondorioa da ez dugula giza mailako ezer zapuztu behar baliogabetzat edo alferrikakotzat. Errealitate osoak baitauka gehiago izateko bokazioa. Ez dugu koformismoan erori behar. Urduritasun honen etsaia konformismoa da. Erne bizi­tzearen kontrako jarrera lokartzea da.

Esperantza, alai eta esna bizi da.

Bederatziurrena 4: Itxaropenaren egarria

Gure egarriak ez ote du Jainkoa desio?, galdetzen genuen atzo. Eta, ziur, Jainkoa da gure egarri sakonaren eragilea. Txikiak izanik, handia dugu egarria, handia gure bokazioa, Jainkoa bera gure betetasuna. Horregatik, gizakiaren egarria ez da fededunarentzat ameskeria hutsa. Gizakia ez da «alferrikako grina».

Jainkoak betetasun-proiektu bat dauka gizakiarentzat, eta proiektu horren isla da gizakiaren izaera. Jainkoak proiektu hori azaldu di­gu eta betetasuna agindu digu.

Itun Berrian esaldi asko aurki daitezke betetasun-asmo horren azalpen direnak. Bi ezaugarri ditu betetasun horrek: lehenengoa, be­tetasun hori gizaldi guztientzako promesa dela, giza historiaren aldi guztiak besarkatuz; ez bakarrik egunen batean paradisu idiliko bat lortuko omen dutenentzat. Eta bigarren ezaugarria, betetasun hori ez dugula geureganatzen gure ahaleginen emaitza bezala, Jainkoaren dohain bezala baizik.

Esperantzak, gizalegezkoa izan dadin, topaketa izan behar du, pertsona pertsonarekin topaketa. Gizakiak ez daki gauzekin bakarrik zoriontsu izaten; pertsona aberatsenak ere beste pertsona baten estimua behar du zoriontsu izatekotan. Eta guri eskaintzen zaigun topaketa ez da edonolakoa; Jainkoak, berekin topo egitea opa digu. Jainkoa egiten zaigu gure etorkizun bete.

Horregatik da, barruan sentitzen dugun Jainkoaren desioa. «Zure egarri daukat gogoa, zure irrikaz haragia» esaten dugu salmoarekin. Eta Jainkoaren desio hori nahitaezkoa du esperantzak. Jainkoaren desio eta grina horrek idatzi ditu munduko orrialderik ederrenetakoak. Antiokiako Ignazio santuak esaten zuen: «Nire maitasuna guru­tziltzatua dago eta ez zait gelditzen niregan munduko desioen surik. Nire barruan bakar-bakarrik ur biziaren ahotsa entzuten dut, esaten ari zaidana: ‘Zatoz Aitarengana’… Benetan desio dudana Jainkoaren ogia da, Kristoren haragia alegia».

Gaur, tamalez, desio hau motelduxea ote dagoen gure Elizan! Ez du ematen erakarpen handirik eragiten duenik Jainkoaren desioak. Jainkoak lilura eskasa sortzen du. Eta, hala ere, ezerk ez gaitu, Jainkoaren bilaketa sutsuak adina sosegatzen. Jainkoaren bisitak sutzen du gure bihotz gaixoa. Bisita horrek, instante horrek, mundu guztiak baino gehiago balio du. Hori bizi izan duenak badaki hau egia berdaderoa dela.

Desio honek, ameskeria gerta ez dadin, konfiantza behar du, baldintza gabeko konfiantza. Esperantza ez da, ordea, ameskeria. Desio ustetsua da. Fededunarentzat irtenbide bakarra Jainkoaren leialtasunean konfiantza jartzea da. Leialtasun hori du berme sendo gure esperantzak. Berme sendo, Jesu Kristorengan oinarritzen delako. Je­su Kristori begira, badakigu Jainkoak ez duela hutsean utziko gere egarria, betetasuna emango digula. Jesu Kristo guregatik hil eta bizi delako, historiaren zainetan Berpiztuaren odola doa, biziaren zukua.

Jainkoaren desioak, benetakoa baldin bada, sinesmenaren ukitua behar du, gehiegikerian ez harrotzeko; errealitatearen galbahetik pasa behar duela, alegia. Askikeriak eta sufizientziak ez dute portu onera eramaten. Desioak pobretasuna behar du, benetakoa izateko eta bihotzetik beldurra kentzeko.

Gure egarriak Jainkoari dei egiten dio, eta Jainkoak esperantzaz erantzun digu.

Bederatziurrena 3: Bizitzeko, esperantza behar

Aurreko bi egunetan azaldu dugun ikuspegia ez da oso argia izan, iluna izan da. E­ta egia da, ez ditugu garai oso aproposak gure hauek, itxaropena bizitzeko. Optimismo handia bizi genuen 60ko hamarkada hura edo pesimismoaren gure hau, ez dira egokienak itxaropenerako. Orduan mundua salbatzeko kapaz sentitzen ginen, harro; gaur, berriz, salbazioa ba ote den galdetzen dugu, apal.

Hala ere, bada zirrikitu bat itxaropenarentzat. Gauzak ilun jartzen zaizkigunean, ez gaude gaizki egiazko itxaropena bilatzeko. Izan ere, ez dakigu bizitzen itxaropenik gabe. Arnasa hartzea bezain be­ha­rrezkoa dugu itxaropen izatea. Itxaropena hil ahala gizakia ere hil egiten da. Bizi dela emango du, baina hilda bizi da.

Badakigu, bai, esperantza landare beharrezkoa eta dotorea dela, ederra, baina hauskorra ere bai. Erraz jartzen gara atzera begira, ga­rai bateko handikerien gosez. Beste batzuek, berriz, etorkizuna dute beren ametsa, baina amets hutsa. Horregatik gaur gazte eta heldu as­kok nahiago du egunekoa egunean bizi, errealitatea onartu eta etorkizunari be­giratzeko beldurrez.

Esperantza hauskorra izateak bi iturri ditu, bereziki: heriotzaren eguneroko esperientzia da bata; eta bestea gaitzaren esperientzia ilun eta temosoa. Gaitza ongia baino indartsuago ikusten denean, ez da erraza itxaropenari eustea. Gaitzak iluntzen digu etorkizuna.

Hala ere, «esperantza, alaba txikia» ez da gaitzaren aurrean kikil­tzen. «Esperantzak garaitzen du desesperazioa» idatzi zuen nazien konzentrazio-esparruetan Gabriel Marcel pentsalariak.

Esperantzak bi osagai ditu: desioa eta konfiantza. Lehenengoa desioa. Ez daukagun zerbaiten desioa, etorkizun hobearen desioa. Eta bigarrena, konfiantza. Espero duenak konfiantzaz espero du eta konfiantzaz begiratzen du dena: pertsonak, gizartea, errealitatea, bere burua. Noski, desioak apala izan behar du, ez harrotzeko, eta konfiantzak ustetsua, ez etsitzeko.

Bizi dugun desioaren barrua arakatzen badugu, gauza bat argi azaltzen da: gizakiaren bihotza ase ezinekoa dela, kontentagaitza. Lortu nahi genuen zerbait lortu orduko, beste helbururen bat pizten zaigu barruan. Izan ere, gizakia mugatua da, baina bere desioa mu­gagabea du. Osotasuna, betetasuna, nahi du betiko.

Baina, galdera bat: betetasunaren egarri hori, ez ote da ilusio hu­tsa? Betetasun-egarri hori ez ote da tranpa bat, mailak gainditzen laguntzen digun tranpa? Azken batean, betetasun-egarri hori ez ote da geure bihotzaren gaixotasun kronikoa? Beti egarri bizitzea ote dugu gure bokazioa? Sekula ase gabe?

Edo, beharbada, gure mugen eta betetasun-egarriaren arteko desproportzio hori, desajuste hori, ez ote da Jainkoaren deia, haren betetasunerako deia? Ez ote zaigu bihotzean betiko josita gelditu Jainkoaren dei hori? Alegia, Jainkoak eginak garela, beretzat egin gintuela, eta Jainkoarengan izan ezik, ez dugula inolako betetasunik lortzen!

Izan liteke, Jainkoak bere neurriko egarriz eginak izatea, eta be­raz, gure egarriak Jainkoaren beharra erakustea. Neurriz kanpoko egarri horri ezin dio sekula erantzun giza itxaropenak. Jainkoari berari egiten dio dei gure egarriak. San Agustinek dotore asko esan zuen huraxe bera: «Jauna, zeuretzat sortu ninduzun, eta nire biho­tzak ez du onik zuregan izan ezik». Gureak ere ez!

Bederatziurrena 2: Gizartean eta Elizan, itxaropena zauritua

Atzo Jesusen ondoan amaitu genuen gure hausnarketa, gure alaba gaixoa, gure esperantza zauritua, Jesusi aurkeztuz. Gaur ere esperantza jaso behar dugu besoetan, gure gizartean eta gure eliz elkartean zauritua aurkitzen baitugu gaixoa.

Gure gizarteak bizi duen zauririk sakonenetakoa etikaren krisia da, zalantza handirik gabe. Hemen ere aitortu beharra daukagu au­rrepauso handiak eman ditugula lorpen etikoei begira. Giza eskubideen alorrean, pertsonaren balioa askoz nabarmenagoa egin da: berdintasuna, askatasuna, emakumearen aitortza (aski ez bada ere)… Lorpen baliozkoak izan dira.

Lorpen horien ondoan, hala ere, giza bizitzaren alde batzuek ez dute zori bera izan. Ustelkeria publiko eta pribatua, oportunismo in­teresatua politikagintzan, gure garaiotan gertatu den sexu-eztanda handia, ezkontzaren zalantza eta balantzak, Komunikabideetan azal­tzen den giza eskasia eta sentiberatasun motela… Hauek ez dira e­zau­garri batzuk besterik. Baina ezaugarri hauek pesimismo eta etsipen-puntu nabarmena eragiten dute gure artean.

Etikaren krisi horren ondoan, eta beraren oinarrian beharbada, giza bizi­tzaren sentidu galtzea aipatu behar dugu. Hegel pentsalari handiak esan zuen: «Gizakiak ez du sekula jakin orain adina bere sorreraz eta hain gutxi bere destinoaz». Gauza eta bitarteko asko eta asko pilatu dugu, baina gure helburuak oso ilun dauzkagu. Giza bi­zitzaren sentidua eta bokazioa zein den jakitea falta dugu gaur.

Badakit eguneroko errealitate askoren sentidua badaukagula: fa­mi­lia aurrera ateratzea, profesioan bideak urratzea, erosotasunez bi­zitzea, bizitzaren gozamenez gozatzea, behartsuei laguntzea… Hori­ek denek benetako sentidua ematen diote gure bizitzari.

Baina, horren ondoan galdera nagusi bat dago, jende askok egiten duen galdera: «Hau al da bizitzak ematen duen guztia, hau al da bizi­tzan egin dezakedan guztia?». Eguneroko errealitatearen azkenean eta buruan, heriotza azaltzen baita, horma sendo. Insatisfakzioa gero eta handiagoa izaten ari da, sentidurik ezaren sentsazioa u­galduz. Esperantza zauritua berriro ere.

Gure herriari begira ere, ukatu ezineko argiuneak bizi ditugu, ETAk in­darkeria uztea erabaki zuenetik. Baina, poz horren inguruan za­lantza eta zauri asko: ETA ezkutatuko al da behingoan? Kaltetuei nola sendatu, daukaten zauri sakona? Gure ingurune sozialean sortu diren etenak eta gatazkak nola gozatu? Kartzelatuen arazoari nola eman azken bidezkoa? Familietan geratu diren zuloak nola estali? Zalantza asko eta handiak! Zalantzok gogor jotzen dute esperantza.

Gizarteko egoera hau horrela, sikira Elizakoa hobea izango ba­litz! Eliz giroan ere ez dago gure itxaropena fantasia handietarako. Jende asko etsita hemen ere: elizak husten, gazteria falta, artzainen sinesgarritasuna lur-jota, eliz doktrina zapuztua, eliz jerarkiak ere ez du animo handirik sortzen. Epel eta txepel gabiltza.

Ikuspegi ilun horren ondoan, badira, noski, lorpenak ere. Ez dago ukatzerik. Baina, sortzen zaizkigun galderak hor daude gordin asko: gure gizartea interpelatzeko ahalmenik izango ote du eliz elkarteak? Jesusen Berri Ona eskaintzeko behar adina bihotz izango ote du? Ez al du mundutik ihes egingo, bere gotorlekuetan babesteko? Jesusen Ebanjelioa Elizak hots egiten ez badu, zer gertatuko da gure gizartean?

Galdera handiak dira, badakit. Baina ez dut uste oinarri gabeak direnik. Jende askoren esperantza mailatzen duen egoera bizi dugu.

Bederatziurrena 1: Esperantza zauritua

Bizitza ez da hari batekoa; bizitzak bere alderdi argiak ditu, baina baita bere alderdi ilunak ere. Eta alderdi ilun horien aurrean, askotan norabideak lausotu eta galdu egiten zaizkigu. Iluntasun horixe gertatzen da gure esperantza zalantzan jartzen duena. Beldurra bizi dugu sarri, eta beldurrak galarazten digu itxaropena.

Gure bizitzan denok dauzkagu geure asmoak eta proiektuak, baina beldurrak ere bai: gaixotasunari beldurra, zahartzaroari, maite ditugunekin izan ditzakegun gatazka eta etenei, frakasoari, bakardadeari… eta heriotzari.

Beldur sakon horien ondoan, bestelako arazoak ere aipatu be­har­ko genituzke: estuasun ekonomikoak, krisialdian lanik gabe gelditzea, geure bizi-proiektuaren zalantzak, geure kontzientzian daramatzagun pisuak…

Eta gure garaiotan gehien nabarmentzen ari dena ez da beldur-zerrenda hori. Txarrena da ez dela ikusten arazo eta beldur horiei aurre egiteko adorerik. Behelaino itxi batek bezala harrapatu gaitu pertsonak barrutik eta borrokarako animorik gabe, bizitzeko gogorik gabe, lanerako pulamenturik gabe, geuregan inolako konfiantzarik gabe… horrela motel uzten gaitu giro lainotsu honek.

Adituek esaten dute gure Europa zahar honetan etorkizuna mehatxu bezala sumaten duela jendeak eta ez aukera bezala. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, esan zitzaigun etorkizuna promesa handi bat zela, baina ez da horrela gertatu. Modernitateak frustrazio handian utzi gaitu.

Frustrazio horietako bat, garapenarena izan da. Esan zitzaigun zientziak eta teknikak gure arazo guztiak argituko zizkigutela eta etorkizun argitsua bermatuko zigutela. Eta egia da aurrerapen ikusgarriak lortu ditugula, ongizate harigarria. Baina, galdetzen dut: ho­beak al gara, libreagoak, gure arbasoak baino zoriontsuagoak? Ez dakit ba!

Modernitatearen beste promesa handia mundu zuzenago eta berdintsuagoa lortuko genuela izan zen. Injustiziak eta zapalketak bu­katuko zirela, pobreen eta aberatsen arteko zuloa gutxituko zela. Eta lorpenak izan dira, ez txikiak. Baina, hor daude bista-bistan mundu zabaleko injustiziak eta gordinkeriak. Ez gaude prest gure aberastasuna pixka bat murrizteko, pobreak hain pobre izan ez daitezen. Gu­re esperantzak bizi duen gaixotasuna frustrazioa da.

Hor daude, esperantzari zauria gaiztotzen, barrua zalantzan jar­tzen diguten beldurrak. Mehatxu nuklearra. Ero bat aski da mundua hankaz gora jartzeko. Geure burua desegiteko indarrak dauzkagu, eta kontrolatu ezinak. Hor dago mehatxu ekologikoa ere, galanta. Geure lurra txikitzen eta ahitzen ari gara. Ustiaketa negargarri baten esku beltza gara.

Eta jarrai genezake zerrenda hau handitzen eta luzatzen. Baina ez da beharrezkoa. Denok, era batera edo bestera, neurri batean edo bestean, garbi daukagu gizakia zerbait handia eta duina dela, baina, aldi berean, oso ahula eta hauskorra dela. Handiak gara, baina oso txikiak ere bai. Asko dezakegu, baina edozerk tristetzen gaitu. Itxura bistoso baten azpian, trapu zahar asko daramagu.

Bakoitzak gaur geure bihotzera sartu behar dugu, eta begiratu: zein da daukadan zauria?, zerk mintzen nau?, zerk beldurtzen?, zer falta dut?, zerk nauka bizi ezinik? Inportantea izan daiteke geure barruko errealitateaz jabetzea gure itxaropenaren gaixotasuna zein den jabetzeko.

Adiskide, badakizu zer egingo dugun? Gure esperantza zauritua besoetan hartu eta guk ere, Ebanjelioko Jairok bezala, esan diezaiokegu Jesusi: «Alaba hil zorian daukat; zatoz eskuak ezartzera, senda dadin» (Mk 5, 23).